Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
Elkarrizketa
Patxi Elissalde
Bidarteko Estia Teknologia Institutuaren Zuzendari Nagusia

«Mugaz gaindiko dimentsioa erabat txertaturik dago Estiako campusean»

Pandemiak hankaz gora jarri duen ikasturtean estreinatu dute Estia Berri. Eraikin dotorean hartu gaitu Berrikuntza eta industriaren bilakaera hizpide duela Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren bultzadaz duela 25 urte sortu zen Ingeniaritza Eskolako zuzendari nagusi den Patxi Elissaldek.

(Guilleaume FAUVEAU)
(Guilleaume FAUVEAU)

«Aspalditik beharra genuen ikasle eta irakasleen harrera hobetzeko», adierazi du aurkezpen gisa Patxi Elissaldek (Azkaine, 1963). Izan ere, energiaren aldetik autonomoa den erraldoi zuriak bere baitan gordetzen dituen egitasmoak aletzera jo du aski fite Estia Ingeniaritza Eskolako zuzendari nagusiak.

Itsasontzi bat pandemiak sorturiko ekaitzaren erdian. Estia Berri errealitate bat izateaz gain sinbolo azkarra ere bada.
Urtero 260 ingeniarik osatzen duten promozioa jasotzen dugu eta aspalditik ekipamendu egokiagoak izateko beharra sentitzen genuen. Eraikin berriak funtzionalitate onak eskaintzen ditu eta, bai, ahal da ikur gisa hartu, Estiaren garapenaren sinbolo oso erreala delako.

Zure lehenengo ikasturte hasieran zuzendari gisa 700 ikasle jaso zituen Estiak. 2025ean 1.500 espero dituzue. Izendatua izan zinenetik igaro diren bost urte horien behin-behineko bilana egiteko betarik?
Eskerturik xifra ikasirik heldu zarelako (irri egiten du). Ez dakit bilan bat egiteko tenorea heldu den, edozein gisaz, badira 25 urte ezarritako zutabeen gainean segitzen dugula eraikina altxatzen erranen nuke. Estia bere sorreratik ingeniaritza eskola bat baino gehiago izan dela jakinik. Laburbildurik, hiru motor nagusi ditu Estiak: lehenik eta behin, industria eta enpresa ekintzailetza laguntzen ditu; bigarrenik, sorkuntza etengabe sustatzen du, gure ikasleak egun batean enpresaren munduan murgilduko direnean berrikuntzaren aktore izan daitezen, eta hirugarrenik, Euskal Herrian dituen bere sustraiak zainduz nola ez nazioarteari begira dagoen erakundea da Estia.

Estiak diploma bikoitza eskaintzen du, besteak beste, gainerako euskal lurraldeetan kokatzen diren campusekin dituen akordioei esker. Hori da zuen eskolak duen erakargarritasunaren gakoetako bat?
Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako bultzadapean sortu zen Estia. Hasieratik beste bi bidelagun izan zituen: Bordeleko Unibertsitatea eta Bilbon EHUk duen Ingeniaritza Eskola. Harremana berez hasieratik dator. Historikoa da. Gaur egun aldebiko diplomatura garatzen dugu Bilboko campusarekin. Urtero 50 bat ikasle joaten dira Bidartetik harat. Seihileko oso bat emanen dute Hegoaldean. Donostia zein Bilboko ingeniaritza eskoletako ikasleak errezibitzen ditugu, bestalde, Estian, beraien kasuan diploma frantsesa lortzeko. Horrekin batera, irakasleekin ere trukaketak oso ohikoak ditugu.

EHU soilik ez Mondragon Unibertsitatea ere sartzen da elkarlan sare horretan.
Mondragon Unibertsitatearekin batera leadership eta egitasmoen berrikuntzaren alorrean programak lantzen ditugu. Beste 25-30 ikasle murgilduta daude formazio horietan. Orotara, beraz, 80 bat lagunek, gure ikasleriaren herenak, mugaz bestaldera joateko hautua egiten du.

Mugaz gaindiko dimentsioa sakonki barneraturik duzue.
Bordel eta EHU artean Euskampus izeneko akordioa dago. Guk ere sostengatzen dugu kooperazio instituzionala oinarri duen xede hori. Mugaz gaindiko osagaia, berez, gure berezitasunetariko bat da. Gure formakuntzan txertatzen dira erabat nazioarteko eta mugaz haragoko dimentsioak. Ez da behin ikasketak eginak proposatzen den gehigarri bat. Ohiko formakuntzan sartzen den zerbait da.

Industriari dagokionez segidarik al du jarduera horrek?
Formazioan soilik ez hainbat ikerketa proiektutan murgiltzen gara baita ere. Batzuk soilik aipatzearren, Ordiziako Lortek-ek, Elgoibarko Idekok, Donostiako Teknaliak edo Oñatin eta Irunen egoitzak dituen Mondragon Team Academyk garatzen dituzten hainbat ikerketa dinamikatan batera jokatzen dugu.

Lehen errandakoari jarraituz, ez gara elkarlan akordio batera mugatzen, beste dimentsio, beste sakontasun, beste aniztasun bat ere bilatzen dugu. Erronka bat zehaztuko dizut: Mondragon Team Academyk Estian formazio zentro bat ukan dezan lanean ari gara.

Medikuntzara bideraturiko data-driven arloan mundu mailan erreferente bilakatu den Sophie Genetics sozietateak Estia-Izarbel eremuan kokatzeko erabakia hartu du. Sorkuntza eta berrikuntzaren ekosistema aberasteko ez da albiste txarra.
Gure DNAn sartzen da enpresa, eta bereziki enpresa sortzaile edo ekintzaileak babestea. Estiak eskaintzen du giro bat, talentuarekin etengabeko elikatze lana gertatzen da hemen, ekosistema oso bat dago, eta nola ez poztasun handiarekin jaso dugu hain distira handia duen Jurgi Camblongek sustaturiko proiektuak gure etxean etapa berria garatzeko erabakia hartu izana.

Kapitala handitzeko prozesua burutu berri du Estiak. Zein da helburua?
Merkataritza eta Industria Ganberako adar bat gara, neurri batean, eta oroz gainetik euskal lurraldeari atxikirik dagoen egitasmoa bagarela nabarmenduko nuke. Gaur egun bada joera bat egitura handiak sortzeko, campusen metaketak bilatuz, eta guk arrisku bat sumatu genuen: egun batean erabakiguneak guregandik urrundu ahal ziren. Horrendako, kapital zabalpenari ekin diogu, lurraldeko aktore ekonomiko berriak erakarriz, lurraldean dugun ainguraketa hori bermatze aldera. Gure orientazio kontseiluan 23 enpresa daude. Hori guretzako ezinbestekoa da etengabeko trukaketa ahalbidetzen duelako.

Pandemiari buruz ez dugu apenas hitz egin, alta digitalizazioa, ikerketa, berrikuntza, trantsizio ekologikoa... krisi honetatik ateratzeko gako horietako asko aipatzen dituzte Bruselan. Eremu horietan ongi kokatua zara etorkizunari buruz hainbat argi-izpi emateko.
Egia da ingeniarien etorkizuna krisiari irtenbidea emateko aipatzen diren eremu horiei begira dagoela. Bat aukeratzekotan, energiaren alorrari egingo nioke aipamena, eskarmentua dugulako horretan, baita digitalizazioan ere. Irtenbideak bilatzeko orduan bost urterako plangintzan Bruselak finkatu zuen «green deal» hori ezin da ahantzi. Energiaren kontsumoari dagokionez, eraikin autonomo batean ari gara elkarrizketa hau egiten, eta gure asmoa da Estia bere osotasunean trantsizio horretan murgiltzea. Ikasleei planetari begira egokituko zaizkien eginbeharrak transmititzea dugu xede. Industria ekoizpenean, ikerketan, ingurumenarekiko jarrera etiko hori behar da guztiz txertatu. Pandemiak hankaz gora jarri du gure antolaketa, baina covid-19ak ez badu martxan dugun plangintza zapuzten, urte hondarrean Berrikuntzaren 24 Oren izena duen egitasmoaren baitan planetarekiko engaiamendua xehetasun handiz nahi genuke jorratu.