NAIZ

Egiako Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat izango dira hilaren 12tik 25era

Oinezkoentzat izango dira hilaren 12tik 25era Egiako Tejeria eta San Kristobal kaleak. Egia Pausoz Pauso ekimenaren baitan kokatzen da erabaki hau. Egitasmo honek oinezkoentzako kalitate guneak sortu nahi ditu eta Donostiako Udalarekin batera auzoko eragileek hartzen dute parte.

Egia Pausoz Pauso egitasmoan kokatzen den erabaki honen berri eman dute gaur. (DONOSTIAKO UDALA)
Egia Pausoz Pauso egitasmoan kokatzen den erabaki honen berri eman dute gaur. (DONOSTIAKO UDALA)

Egiako Tejeria eta San Kristobal oinezkoentzat izango dira hilaren 12tik 25era, Egia Pausoz Pauso ekimenaren baitan. Donostiako Udalak eta auzoko bizilagunek abiatu duten ekimen honen helburua «Egian oinezkoentzako kalitateko espazioak sortzea» da.

Maria Jesus Idoeta auzoetako zinegotziak azaldu duenez, «proposamen honen ardatz nagusia Egia auzoan oinezkoentzako guneen beharra da, aspalditik auzoak egiten duen eskaera, eta bat dator Udalak oinezkoari eta bizikletari garrantzia ematen dion hiri bat bultzatzeko egiten duen apustuarekin».

Egiakoa irisgarritasun konplexua duen auzoa da, malda asko eta oinezkoentzako gune murriztuak dituena. Hori dela eta, Egia Bizirik auzo elkarteak oinezkoentzako espazioak berreskuratzeko ekimen bat jarri zuen abian, auzoko hainbat elkarterekin eta hainbat eragilerekin landu dena, proiektu honi forma eman arte.

Egia Pausoz Pauso Udalak herritarrekin duen lankidetza, herritarrekin entzute aktiboa izanda eta udal sailen bidez (kasu honetan Herritarren Partaidetza eta Mugikortasun sailen bidez) proposamen bateratuak egiteko lan eginez, herritarren ongizatea hobetzeko proiektuak gauzatzeko formula eraginkorra den adibide bat da.

Oinezkoen jarduera bultzatzea

Bi asteko proposamen honen bidez, auzoko oinezkoentzako espazioari buruzko hausnarketa zabaldu nahi da, Egiako oinezkoari espazioa itzultzen laguntzeko irtenbiderik onenak aurkitzeko ekarpenak eginez. Horretarako, analisi-lana egingo da ekimen osoan zehar, herritarren esperientzia inkesta eta behaketa prozeduren bidez.

Eta inguru horretan oinezkoen jarduera bultzatzeko, proiektuan parte hartzen duten eragileek sustatutako hainbat ekintza egingo dira kalean.

Proiektuaren eragile sustatzaileak

Egia Pausoz Pauso gauzatu ahal izan da, Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetza eta Mugikortasun sailek, Egia Bizirik auzo-elkarteak eta EHUko Arkitektura goi eskola teknikoak ekimenaren bultzatzaile gisa egindako lanari esker.

Hauekin batera, hainbat eragilek ere parte hartu dute: Ongi etorri eskolara, SOS Arrazakeria, Egiako azoka txikia, Egiako Euskara Batzordea, Kalapie, Hegian dendarien elkartea, Aitor Ikastola, Maria Reina Ikastetxea, Txoko Berri, UPV-EHUko Arkitektura Saila, M Etxea arkitekturaren erabilerari buruzko ikerketa-taldea, Juntura kooperativa eta Kalea(n) Bizi.