NAIZ

Zaldibiak neurriak exijitu dizkio Osasun Sailari covid-19aren transmisioa eteteko

Zaldibiako egoera larria dela ohartarazi du Udalak eta bitartekoak eskatu dizkio Lakuari covid-19aren transmisioa eteteko. Baheketa deialdi zabala egitea proposatu dio Gasteizko Gobernuari.

Zaldibiako Udal Gobernuak neurriak eskatu ditu. (ZALDIBIAKO UDALA)
Zaldibiako Udal Gobernuak neurriak eskatu ditu. (ZALDIBIAKO UDALA)

Zaldibiako Udalak ohartarazi duenez, udalerriaren egoera «larria da» eta «bitartekoak eta neurri plan zehatza» exijitu du koronabirusaren transmisioa eteteko.

Ohar batean azaldu duenez, astearte honetan argitaratuko den txostenaren arabera, gutxienez 7.400eko intzidentzia-tasa metatua izango du udalerriak, izan ere bi astetan 124 bizilagunek positibo eman dute.

«Zaldibiako 3 pertsona ospitaleratu behar izan dira gutxienez, Zainketa Berezien Unitatean egon da haietako bat, adin txikiko haurra, eta badira beste batzuk momentuz etxean, baina sintoma kezkagarriekin daudenak ere», adierazi du.

Eta, azaldu duenez, «egun hauetan Osakidetzako arakatzaile sareari eta herritarren kolaborazioari esker lan handia egin da, hori ukaezina da eta datuak dira horren erakusle. Indarrean diren neurriei buruzko informazioa, herritarrei emandako ohartarazpenak eta irizpideak ere egunerokoak izan dira Udaletik. Bi ildo horietan lanean jarraitu behar dela argia da, baina egoera oso kezkagarria da eta Zaldibiako herriak covid-19aren zabalpena eteteko ekintza-plan bat eta estrategia bat behar ditu».

Udalaren ustez, baheketa deialdi zabala ekintza horietako bat izan daiteke. «Lehen egunetik (martxoaren 26a) Osasun Saileko Idazkaritzari eta jarraian (martxoaren 29an) Koldo Cambra Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako osasun-programen arduradunari azaldu izan diogu honen beharra. Bileran ere aipatu genuen Osasun Sailetik baheketa masiboak antolatzeko estrategia baztertu bazen ere, martxoan zehar Goierriko hiru herritan (Legorreta, Ataun eta Lazkao) berriro erabili dela tresna hau», adierazi du.

«Ez dakizkigu baheketa egiteko erabakia hartzeko irizpideak zein diren, baina nabarmen dakigu aipatutako hiru kasuetan baino egoera are larriagoa dela Zaldibiakoa. Arakatzaileen bidezko lanak bere bertuteak eta bere mugak ditu, baheketa batek beste batzuk izan ditzakeen bezala. Baina, zinez uste dugu herriko egoeraren tamaina eta herrian agerian den kezka ikusita, martxan jarri litezkeen bide eta tresna guztiak ipini behar direla mahai gainean. Eta berandu bagoaz ere, beranduegi izan aurretik hartu behar dira neurriak», nabarmendu du.

Sagarduiri egindako galderak

Astearte honetan idatzi dio Udalak Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari galdetzeko, esaterako, «nola liteke Zaldibiako Udalaren informazio iturri ofizial bakarra euskadi.eus-en astelehenetik ostiralera 12.30etan plazaratzen den txostena izatea».

«Jakinda Zaldibian kutsatzea dibertsifikatu dela eta ez dagoela jatorri bakar bat, zein neurri abiatu behar ditu Osasun Sailak kutsatutako pertsonak identifikatu eta transmisioa eteteko? Zein da Osasun Sailaren estrategia eta zein neurriak, Zaldibiako kutsatze katea lehenbailehen eteteko?», galdetu du.