NAIZ

Errusiako historiari buruz Kollontaik 1923an idatzitako liburua euskaratu du Aroa Uhartek

Erein eta Igela argitaletxeek Aleksandra Kollontaik idatzitako ‘Erle langileen amodioak’ liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztu dute. XIX. mendearen amaieratik 1923ra arteko Errusiaren historiako gertakari nagusiak kontatzen direla azaldu du Aroa Uharte itzultzaileak.

Aroa Uharte itzultzailea. (Erein argitaletxea)
Aroa Uharte itzultzailea. (Erein argitaletxea)

Erein eta Igela argitaletxeek Aleksandra Kollontairen ‘Erle langileen amodioak’ liburuaren itzulpena argitaratu dute, Aroa Uhartek euskarara ekarria. Bertan, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen lehenengo bi hamarkadetara arteko Errusiaren historiako gertakari nagusiak kontatzen dira, pertsonen bizipenei garrantzia emanez.

Aleksandra Kollontai (San Petersburgo, 1872 - Mosku, 1952) errusiar iraultzaile eta politikaria, teorialari feminista eta idazlea izan zen. Marxismoaren barruko ikuspegi feminista lantzen lehenetarikoa izan zen, eta saiakera-lan oparoa utzi zuen idatzita emakumeen hainbat problematika espezifikoren inguruan.

Orain euskarara ekarritako liburu hau 1923an eman zuen argitara Kollontaik, eta hiru kontakizun biltzen ditu. Errusiaren historiako gertakari nagusiak kontatzen dira, pertsona xumeen bihotz-barrenetik eta emakumeen ikuspegitik kontatuak: XIX. mendearen amaierako bortizkeria, 1905eko iraultza, I. Mundu Gerra, 1917ko iraultzak, Gerra Zibila, NEP politika ekonomikoa...

Pertsonen bizipenen garrantzia

Baina Uhartek gaurko aurkezpenean azaldu duenez, protagonismoa gertakariei eman ordez pertsonen bizipenei ematen zaie. «Kollontairen fokua gaur egun ditugun ezinegon eta kezka batzuekin hari fin baten bidez lotzen da, pertsonala politikoa dela aldarrikatzen ari baita etengabe», azaldu du itzultzaileak.

«Gertakari historiko nagusiez gain, bizitza ekonomiko, politiko eta sozialaren koadro jakin bat ere osa dezakegu, narrazio hauetan islatzen baitira garaiko klase sozialak eta haien arteko borroka, lan-gatazkak, familia-ereduaren aldaketa, lan erreproduktiboen kolektibizazioa, ildo politikoen arteko harremanak, burokratizazioa, klandestinitatea, langabezia, gosea, lehengai falta eta ezkutuko merkatua... Baina protagonistak amodio-kontuak dira. Bere garaiak moldekatutako amodio-istorioak», dio liburuaren sinopsiak.

Euskarazko itzulpenaren egileak azaldu duenez, liburuak estilo sinplea eta hizkera ez hanpatua duela azaldu du. «Ahozkotasunaren karga handia» narrazioaren beste ezaugarri bat dela nabarmendu du, eta hori aditz-denboren etengabeko jauziekin markatzen dela zehaztu du.

Liburuan diskurtsorik ez dagoela esan du Uhartek. Izan ere, itzultzailearen arabera, pertsonaien eta ekintzen bitartez adierazten dira ideiak eta planteatzen dira galderak. «Pertsonaiek beren bizitza eta garapen propioa dute, ez dira karikatura itxiak», zehaztu du.

«Lan handia»

Uhartek liburu hau itzultzea «lan handia» izan dela azpimarratu du: «Belarri bat errusieran (eta horrekin lotutako doinu, adierazpide, irakurgai, jende, bizipen, zapore, historia...) eta bestea nire hizkuntzaren musikan izaki, oreka bilatzen aritu beharra. Doinu arrotz bat euskal irakurleen belarrira gozoa izan dadin saiatzea. Itzulpena hori baldin bada beti, literaturak horrekin jostatzeko eta gozatzeko aukera ematen du», azaldu du. Izan ere, berak bakarrik egin duen lehenbiziko literatura-itzulpena izan da.

Aleksandra Kollontai figura «izugarri interesantea» dela nabarmendu du Uhartek, «bai pertsonaia historiko gisa, bai emakumeen askapenaren borrokaren protagonista gisa».