NAIZ

Seabin Pasaia itsas zaborrontziak egunean bi kilo zaborretik gora bildu du

Mater ontziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Sailak Seabin Pasaia proiektuaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte. Bizkaiko Golkoan aitzindaria den gailu hau 2020ko irailean ezarri zuten Pasaian.

Seabin Pasaia egitasmoaren lehen balantzea egin dute Mater ontziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)
Seabin Pasaia egitasmoaren lehen balantzea egin dute Mater ontziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Seabin Pasaia proiektu pilotuak iraun duen bost laginketa-asteetan, ur gaineko 75 kilo zabor atera, eta 28.000 item inguru aztertu eta sailkatu dira. Horiexek dira Mater ontziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Sailak aurkeztu dituzten lehen emaitzak.

Pasaiako badian itsas zaborra biltzeko gailu bat jarri zen 2020ko irailean, ur gaineko itsas zaborra biltzeko eta haren jarraipena egiteko sistema bat ezartzeko helburuarekin.

Seabin ur gaineko itsas zaborra biltzeko eta haren jarraipena egiteko gailu berritzaile bat da. Horrelako itsas zaborrontziak 1.000 klub nautiko eta portu baino gehiagotan daude mundu osoan, eta Pasaiakoa da Bizkaiko Golkoan daukagun mota horretako lehenengo zaborrontzia. Proiektua koordinatzen duen Mater ontziak sustatu zuen Seabin Pasaia, «herritarren zientzian eta ingurumen sentsibilizazioan oinarritutako ikerketa-tresna gisa».

Itsas ekaitzak jasan eta gailua hainbat aldiz birkokatu ondoren, Mater ontziaren talde teknikoak proiektu pilotua behar bezala burutzea lortu du.

Prebentzioan eta ikerketan laguntzeko jarraipen protokoloa

Azterketaren helburua ur gaineko itsas zaborraren prebentzioan eta ikerketan laguntzea izan da. Horretarako, datuak hartzeko jarraipen protokolo bat ezarri da, denbora-datuen serieak bermatzen dituena, horiek hobeto ezagutzeko.

Egunero hartu dituzte laginak, 12 orduan behin harrapaketa-poltsa hustuz eta harrapatutakoaren pisua eta baldintza klimatikoak erregistratuz; materia organikoa itsas zaborretik eta mikroplastikoetatik bereizi da laginen prozesamenduan, eta itsas zaborraren (5 mm baino gehiagokoa) eta mikroplastikoen (2 eta 5 mm artekoak) analisi bat egin da, tipologiaren eta materialen arabera, emaitza kualitatiboak eta kuantitatiboak lortzeko.

Ondorio nagusiak: bi minutu eta erdiz behin, mikroplastiko bat

Honako hauek dira bilketak eta laginketak iraun dituen bost aste baino gehiagotan ateratako ondorio nagusiak: ur gaineko 75 kilo zabor inguru atera da, egunean bi kilo zabor, alegia. Denbora horretan 22.200.000 litro ur iragazi dira, eta guztira 27.547 item erretiratu eta aztertu dira.

Aztertutako itemen %75 (20.972 item) mikroplastikoen kategoriakoak ziren. Batez beste, bi minutu eta erdiz behin, Seabin gailuak mikroplastiko bat harrapatzen zuen. Kendutako mikroplastikoak bost tipologiatan sailkatu dira, eta poliespanak dira ugarienak (mikroplastiko guztien % 40). Zuntzak izan dira behatzen zailenak; hala ere, oso esanguratsua izan da analisian atzeman den belar artifizialaren zuntz kopuru handia.