NAIZ

Euskal Selekzioaren nazioarteko txapelketan sarrera ukatu dietela salatu du EIGEk

Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak Lakuari eta Euskadiko Futbol Federakundeko arduradunei dei egin die «herritarrei kirol-informaioa erraztu, profesionalen lana onartu eta sektoreko enpleguak zain ditzaten».

nformatzaile grafikoek maiatzean Zubietako instalazioetan egindako protesta ekitaldia. (Andoni CANELLADA / FOKU)
nformatzaile grafikoek maiatzean Zubietako instalazioetan egindako protesta ekitaldia. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Publiko egin duten idatzi baten bidez, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak (EIGE)k salatu egin du Euskadiko Futbol Federakundeak antolatutako I. Basque Country International Women’s Cup txapelketan euren lana egitea debekatu zaiela. Izan ere, covid-19aren inguruan hartutako neurrien eraginez, txapelketa jokatuko den Zubietako zelai batera sartzea debekatu diete. Salaketa informatzaile grafikoena den arren, gainerako kazetariek ere ez dute partidak bertatik bertara jarraitzeko modurik izango.

Oharrean diotenez, badakite pandemiak mundu mailan arazo handiak sortu dituela eta jarduera guztiek jaso dituztela aldaketak baina «12 hilabete pasa dira gauzak nola egin ikasteko». Gaineratzen dutenez, «fotokazetari eta bestelako informatzaile grafikook, pasa den ekainean Espainiako Kirol Kontseilu Gorena (CSD) eta futbol liga profesionala antolatzen duen La Liga erakundeekin izandako hartu-eman amaigabeen ondorioz, futbol partiduak jarraitzeko protokolo bat ezarri zuten, gure ustetan oso murriztailea, baina lana egiteko aukera ematen diguna. Hilabete guzti hauetan erakutsi dugu zorrotz betetzen ditugula agintariek Covid-19ren ondorioz adostutako prebentzio eta segurtasun neurri guztiak».

Azaltzen dutenez, 2020-2021 denboraldia hasi zenetik, murrizketekin bada ere, fotokazetariek zabalik dituzte joko zelai askotara sartzeko ateak, hau da, euren betebehar profesionala burutzeko aukerak. «Baina Euskadiko Futbol Federakundeak antolatu duen I. Basque Country International Women’s Cup lehiaketa, Covid19-aren aurkako protokoloa aitzaki, urte osoan zehar sarrera debekatua dugun zelai batean jokatzen denez, nazioartean interesa sortu dezakeen partidu hau jarraitzeko sarrera debekatu egin zaigu. Egoera larriagotu egiten da Euskadiko Futbol Federakundeak, ekitaldiaren garrantziaz jakitun, eurek kontratatutako argazki-agentzia baten bidez, lehiaketako partiduen kobertura doan eskaintzen duenean; pandemia sortu zenetik kaltetuak izan garen informatzaile profesionalei kalte ekonomiko eta laboral izugarria eragiten dien lehia-desleialari bide emanez».

«Kazetaritza ariketa askea, funtsezko zutabea demokrazian»

Honen aurrean , EIGEk uste du «kazetaritza ariketa askea funtsezko zutabea» dela demokrazian, «eta pandemiaren garaian Gobernuak gizartearentzako funtsezko zerbitzutzat hartu du. Horregatik, nazioarteko lehiaketa hau jarraitzeko ezarri den debekuak – Koronabirusari aurre egiteko prebentzio-neurri gisa beharrezkoak direnez haraindi-, sektoreko profesionalei eta hedabideei ez ezik, herritarrek informazio egiazkoa eta plurala jasotzeko duten eskubideari ere eragiten diote».

Horregatik, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak «Euskadiko Futbol Federakundeak antolatzen duen I. Basque Country International Women’s Club eta aurrerantzean antolatu ditzakeen interes orokorreko beste ekitaldi batzuetan informatzaile grafiko profesionalon sarbidea baimentzea eskatzen dugu».

Era berean, EIGEk uste du «herritarrek informazio plurala jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, saihestu egin behar dela Euskadiko Futbol Federakundeak gure lana ordezkatzea, informazio grafikoa komunikabideei doan banatuz. Beraz, Eusko Jaurlaritzako eta Euskadiko Futbol Federakundeko arduradunei dei egiten diegu, herritarrei kirol-informazioa eskuratzea erraztu, profesionalen lana onartu, hobetu eta sektoreko enpleguak zaintzea helburu bakartzat duten gure zentzuzko eskaera entzun eta aintzat har dezatela».