NAIZ

Behargin bat zendu da Abadiñon, 24 ordutan bigarren lan istripu hilgarria Euskal Herrian

Abadiñoko Trañapadura industrialdeko Cosmos enpresan lanean ari zen behargin bat zendu da ostiral honetan, garabi bat manipulatzen ari zela. 24 ordu baino gutxiagoan Euskal Herrian gertatutako bigarren lan istripu hilgarria da.

Lan istripuen aurkako elkarretaratze bat. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Lan istripuen aurkako elkarretaratze bat. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ezbeharra ostiral goiz honetako 8.25ean jazo da, Abadiñoko Lebario auzoan kokatuta dagoen Trañapadura industrialdeko Cosmos enpresan. Hildakoa Transportes Eguiara y San Juan enpresako langilea zen. 

Aipatu iturriak zehaztu duenez, oxigeno bonbona batzuk deskargatzeko lanetan ari zen behargina, garabi batek lagunduta. Momentu horretan, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, harrapatuta gelditu da. Ez dute argitu kargak edo garabiak berak harrapatu duen langilea.

Suhiltzaileak bertaratu egin dira langilea askatzen saiatzeko, baina ezin izan dute bizirik atera. Medikuek heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin.

Bigarrena 24 ordu baino gutxiagoan

24 ordu baino gutxiagoan Euskal Herrian izan den bigarren lan istripu hilgarria da Abadiñoko hau, atzo arratsaldean 57 urteko langile bat zendu baitzen Trapagaranen

LAB sindikatuak egiten duen zenbaketaren arabera, gutxienez 16 dira 2021. urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuz hildakoak eta Joaquin Beltranek Zaldibarko zabortegian desagertuta jarraitzen du, iazko otsailaren 6tik. 

Patronalari eta administrazioei kritikak

Langilearen senide eta gertukoei elkartasuna eta babesa adieraztearekin batera, LAB sindikatuak «langileriak pairatzen duen laneko biolentzia» salatu du: «prekarietateak, azpikontratazioak eta neurrien ezak hil egiten gaituzte».

Ildo horretan, nabarmendu dute egoera horrek erantzuleak dituela, «nagusia patronala», «epe motzeko onura hobesten» baitu «langileon osasunaren eta bizitzaren aurrean».

Administrazio publikoei langileen «osasuna eta bizitza bermatzeko eginkizuna» ez betetzea leporatu die sindikatu abertzaleak.

ELA sindikatuak, bere aldetik, lan merkatuan «guztiz erroturik dagoen prekarietatea» salatu du: «Lan baldintza txarrak, lan erritmo jasanezinak, jardunaldi amaigabeak eta prebentzio araudegiaren betegabetze argiak ohitura bihurtu dira eta tamalez, ondorio lazgarri hauek pairatzeko aukerak gero eta gehiago handitzen dituzten faktoreak bihurtu».

Administrazioek honen guztiaren aurrean «beste alde batera begiratzen» dutela salatu du. «Ikus ezinarena egiteagatik arazoa ez da ordea desagertzen, estrukturazko lakra honen erantzule eta konplize bilakatzen dira», adierazi du.

Enpresek, «gaur gaurkoz eta testuinguru honetan», ez diotela gaiari «behar den bezala helduko», esan du ELAk. «Izan ere, euren kezka bakarra errentagarritasuna eta lan-erritmoak handitzea da, ez ordea, segurtasuna eta langileen osasuna», gehitu du sindikatuak.

Cosmoseko enpresa batzordeak apirilaren 12rako lanuztea deitu du.