NAIZ

Pello Lizarralde eta Joxean Agirre, 2020ko 111 Akademiaren Sariko finalistak

Pello Lizarralderen ‘Argiantza’ eta Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’ eleberriak dira 111 Akademiaren Sarirako bi hautagaiak. Akademiak apirila amaiera aldera jakinaraziko du bi obretako zeinek eskuratuko duen saria.

Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’ da 111 Akademiaren Sarirako finalistetako bat. (Gorka RUBIO | FOKU)
Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’ da 111 Akademiaren Sarirako finalistetako bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

111 Akademia bere kideen iritziz 2020. urteko eleberri onena zein den erabakitzeko prozesuan murgilduta dabil azken hilabeteotan eta, astelehen honetan jakinarazi dutenez, hasiera batean sariketarako proposatu zen eleberrien zerrendatik bi lan iritsi dira hirugarren eta azken bozketa txanda izango denera: Pello Lizarralderen ‘Argiantza’ eta Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’ eleberriak, hain zuzen ere. Akademiakideek bi horien artean hautatuko dute 111 Akademia Saria jasoko duen obra.

Bigarren bozketa txandan, finalera iritsi diren bi eleberriez gainera, Luis Garderen ‘Aireportuko musika’, Uxue Alberdiren ‘Dendaostekoak’ eta Idoia Garzesen ‘Mendiko gaitza’ eleberriak izan dira lehian, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten bost obrak, alegia.

Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40a lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Pello Lizarralderen ‘Argiantza’ eta Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’. Akademiakideek heldu den apirilaren 27ra bitarteko tartea dute euren botoak helarazteko eta, Akademiatik aurreratu dutenez, gauzak ondo bidean, apirilaren amaieran emango da ezagutzera lan saridunaren izena.