NAIZ

Gutxienez zortzi pertsona hil dira Indianapolisen izan den tiroketa batean

Gutxienez zortzi pertsona hil dira Indianapoliseko enpresa bateko biltegian izan den tiroketan. Egileak bere buruaz beste egin du, bertako agintariek aditzera eman dutenez.

Ikertzaileak, tiroketaren lekuan. (Jeff DEAN/AFP)
Ikertzaileak, tiroketaren lekuan. (Jeff DEAN/AFP)

Tiroketa FedEx posta zerbitzua eskaintzen duen enpresaren biltegi batean izan da, Indianapolisen, bertako agintariek berri eman dutenez. Gutxienez zortzi pertsona hil dira eta zehaztu gabeko kopuru bat zauritu, eta tiroketaren egileak bere buruaz beste egin du ondoren.

Genae Cook Indianapoliseko Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez, erasoa gaueko 23.00ak pasata gertatu zen aireportutik gertu dagoen biltegi batean. 4.500 pertsonak lan egiten dute bertan.

Polizia iritsi zenean hildakoak eta zaurituak biltegiaren kanpoaldean nahiz barruan aurkitu zituen. Hainbat zauritu ospitalera eraman zituzten, haietako bat egoera larrian.

Gauean Poliziak tiroketaren egilea identifikatu du, Brandon Hole izeneko 19 urteko FedEx enpresako langile ohi bat da. Hala baieztatu zuen Craig McCartt Indianapoliseko Poliziaren Ikerketa zuzendariordeak prentsaurreko batean.

Poliziaren bozeramaileak ez du erasoaren zergatiaren hipotesirik eman, baina Hole agertzen den «txosten polizial para bat» aurkitu dute, bata iazkoa ea bestea 2018koa.

Enpresak baieztatu du Holek bertan lan egin zuela 2020ra arte, baina McCarttek adierazi du ez dakitela zergatik utzi zuen lana.

Tiroketa masiboak azkenaldian

Azken asteotan tiroketa masiboek gora egin dute Estatu Batuetan. Joan zen martxoaren 22an Coloradoko Boulder herriko supermerkatu batean izan zenak hamar hildako utzi zituen. 21 urteko gazte bat izan zen egilea.

Astebete lehenago, martxoaren 16an, beste gizon batek zortzi lagun hil zituen Atlantan, masajeak ematen dituzten hiru lokaletan egindako tiroketetan. Orduko hartan ere 21 urteko gazte bat atxilotu zuten erasoaren egile gisa.