Andoni Arabaolaza

Emakume nepaldarrek historia egin dute Annapurnan

Himalaiako zortzimilako horretan ostiral honetan, denera, 68 mendizalek arrakasta izan zuten. Inoizko kopuru handiena egun tontor batean. Horietako sei Nepalgo neska alpinista izan dira. Oro har, gailurra erdietsi zuten ia denek oxigeno artifiziala erabili zuten.

Sei mendizaleak, pozaren pozez.
Sei mendizaleak, pozaren pozez.

Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, Himalaiako montzoi aurreko denboraldia berandu hasi zen. Alabaina, lehen tontorrak iritsi dira. Hain zuzen ere, Annapurnan (8.091 m). Alde ezberdinetatik begiratuta, ostiraleko gailur eguna azpimarratzekoa da. Denera, 68 mendizalek mendiaren puntu garaiena lortu zuten. Inoizko kopuru handiena izan da. Hots, errekor berria da. Aurrekoa 2016. urtean izan zen, eta Annapurnaren tontorra 32 mendizalek zapaldu zuten.

Horrez gain, hainbat mendizalek protagonismo berezia izan zuten. Hain zuzen ere, 68 horietatik sei emakumezko nepaldarrak izan ziren: Dabhuti Xerpa, Pasang Lamu Xerpa Akita, Dawa Yangzum Xerpa, Maya Xerpa, Sharmila Shyangtan Xerpa eta Purnima Shrestha. Gogoratu behar dugu emakumeez osatutako espedizioa dela, eta, diruaren aldetik, arazo handiak izan dituztela xede hori aurrera eramateko. Espedizioa hasi baino lehen, Purnima Shresthak zera adierazi zuen. “Proiektu horrekin erakutsi nahi  dugu, gizonezkoak bezala, gu ere gai garela zortzimilakoak igotzeko. Eta, gainera, geure kabuz. Bide batez, geure herrialdeko emakumezkoak animatu nahi ditugu izaera honetako kiroletan parte har dezaten. Ez da bide erraza, baina gogor borrokatzen ari gara”.

Ondobidean, historia egin duten sei neska alpinistok beste erronka bat dute aurrean. Jarduera horretatik ondo osatzen badira, hurrengo xedea Dhaulagiri (8.167 m) izango dute. Bederen, girora oso ondo egokituta daude, eta zortzimilako hori soka finkoekin erabat ekipatuta izango dute.

Nepalgo lehen neska alpinista izan dira Annapurnaren gailurrean, baina atzoko tontor egunean gehiago egon ziren. Adibidez, Priyanka Mangesh Mohite Indiako lehen emakumezkoa izan da.

O2-rik gabe, oso gutxi

Ostiraleko gailur kopuru izugarri hori ulertu ahal izateko, aipatu behar dugu estilo komertzialak erabateko garrantzia izan duela. Nepalgo agentzia indartsuenek jo eta su jardun dute Annapurnaren ohiko bidea ekipatzen, urratsa zabaltzen eta kanpaleku ezberdinak oxigeno artifizialarekin hornitzen.

Nahiz eta erabat zehaztu ez duten, hainbat berri-emailek aurreratu dute gailurra egin dutenen artean soilik bakan batzuek ez dutela oxigeno artifiziala erabili. Horien artean dira Lu Chang Han eta Gesman Tamang.

Behin betiko ekinaldiari dagokionez, aurreratu behar dugu, berez, tontor eguna herenegun, hilaren 14, zutela. Nepaldarrek hori nahi zuten; izan ere, herrialde horretan Urte Berria ospatzen dute. Baina 7.300 metrora zirela, ibilbidea ekipatzen ari ziren langileei soka finkoa bukatu zitzaien. Tontor saioa bertan behera utzi ordez, biharamunean, espedizio komertzialek helikoptero bat bidali zuten soka gehiagorekin. Eta bide guztia erabat ekipatzea lortu zuten.