Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Arantza eta Mirene Moreno
Xabalina jaurtitzailea eta eskubaloi jokalaria

«Kementsu», bat Tokiora begira eta bestea liga garaikurrari

Arantza Moreno (Ermua, 1995) Estatuko egungo xabalina jaurtitzaile onenen artean dago, Espainiako Txapelketa irabazi berri baitu beste behin. Mirene Moreno (Ermua, 1998) eskubaloi jokalaria da eta bigarren urtea du Bera Bera talde indartsuan. Bi ahizpa hauek eliteko kirolean jo eta ke ari dira. 

Mirene Moreno (ezkerrean) eta Arantza Moreno (eskuinean), Euskal emakume kirolarien ekitaldi batean.
Mirene Moreno (ezkerrean) eta Arantza Moreno (eskuinean), Euskal emakume kirolarien ekitaldi batean.

Imanol Alvarezek hiru Moreno ahizpak entrenatu zituen eta hirurak kantxan batera jartzeko aukera ere izan zuen duela urte batzuk, Ermuko Errotabarri taldean, aukera hori inoiz gauzatu ez bazen ere. Ahizpa zaharrenak ireki zuen eskubaloiarekiko zaletasunaren bidea eta orain, gazteena, Bera Beran dago, Alvarez beraren aginduetara. Erdikoak, Arantzak, atletismora egin zuen jauzi (Bartzelona taldean dago egun). Bi ahizpa eliteko kirolari izateak dakartzan berezitasunez, gozamenez eta sufrimenduez aritu dira biak NAIZekin. Une gozoan daudela onartzen dute. Arantza, Espainiako Txapelketa irabazi ondoren (58,94 metro), Tokiora begira dago. Mirene, berriz, beste liga bat irabazteko borroka betean dago.

Zer moduz zaudete?

Mirene Moreno: Ni oso gustura. Minutu dezente jokatzen ari naiz, nire postuko beste jokalaria [Sara Gil] min hartuta dagoelako. Nahiago dut, noski, biak ondo egotea eta minutuak jokatzea, baina tira, gauzak horrela gertatzen dira kirolean. Oso pozik nago bai taldekideekin bai entrenatzaileekin; nigan konfiantza dute eta baita nik ere beraiengan. Niretzako oso pozgarria da. Pistan egotea niretzako izugarrizko gozamena da.

Bera Beraren denboraldia asko zaildu dute zenbait lesioek.

M.M.: Bai, gogorra izaten ari da bai min hartuta daudenentzako bai talde osoarentzako. Lau jokalari egon dira min hartuta eta taldearen animoan igartzen da. Baina tira, pixkanaka taldera sartzen ari dira. Eli [Cesareo] jada errekuperatu da, Emma [Boada] ere hasi da gutxika-gutxika taldearekin entrenatzen. Sararen kasua konplikatuagoa da, denboraldi hau jada galdu du eta hurrengo urtean hasi beharko da berriro.

Arantza, zure kasuan, Espainiako Txapelketa irabazi berri duzu. Nola aurkitzen zara?

Arantza Moreno: Gure taldea txikiagoa da [barrezka], lau pertsona gara xabalina jaurtiketan! Oso pozik gaude, guztiok oso ondo hasi baitugu sasoia. Aurtengo motibazioa oso potentea da. Pertsonalki, uste dut marka oso ona egin dudala [58,94 metro]. Oraingoz, gainera, soilik bi txapelketetan parte hartu dut. Niri gustatzen zait txapelketa gehiago edukitzea, urduritasuna kontrolatzeko, oso urduria bainaiz eta lehiatzea apur bat gehiago kostatzen baitzait. Beraz, soilik bi txapelketa jokatuta marka hori egitea gustura egotekoa da.

Tokioko Olinpiar Jokoei begira zaude?

A.M.: Bai, onartu behar dut baietz. Ezetz esanez gero, gezurra izango litzateke. Badakigu oso zaila dela sailkatzea, baina ezetza hor daukagu, beraz, saiatzea geratzen zaigu. Orain bertan barruan gaude, baina ekainean egon behar da zerrendan. Horretarako entrenatzen dugu. Ekainean ixten dituzte atletismoko zerrendak eta, munduko 32 onenen artean egonez gero, barruan egongo gara.

Zure lehen Olinpiar Jokoak izango lirateke, ezta?

A.M.: Bai, hala da.

M.M.: Bene-benetako aukera daukazu Tokiora joateko eta normal-normal esaten duzu...

A.M.: Orain bertan ezetza gertuago ikusten dut baietza baino.

Zerrendan marka onak egiteagatik zaude, ez kasualitatez.

A.M.: Bai, eta gainera sistema aldatu egin dute. Orain ez da soilik marka onena kontuan hartzen, zure marka onenak batzen dira. Niretzako onuragarriagoa da, ni ez bainaiz hainbeste nabarmentzen, erregularragoa naiz.

Mirenek Liga bat irabazi du Bera Berarekin. Konfinamenduan irabazi bazenuten ere, nola ospatu zenuten etxean?

M.M.: Bai, egun batetik bestera esan ziguten eta sentsazio zirraragarria izan zen. Etxean nengoen gurasoekin eta Arantzarekin. Lehen urtea zen Bera Beran, oso pozik nengoen eta, gainera, liga irabazi! Ez duzu imajinatzen nolako poztasuna neukan barrenean; hiru egun eman nituen jauzika!

A.M.: Festa handia izan genuen etxean! Guretzako oso polita izan zen: etxeko txikia txapeldun, konfinamenduan... Ba, tira, hiru eguneko ospakizuna!

Hiru ahizpa zarete eta hirurak aritu zarete eskubaloian. Gurasoek eduki dute eraginik zaletasun horretan?

M.M.: Ermuan ohikoena da neskek eskubaloian jokatzea eta mutilek futbolean, eta, gero, badaude atletismoa eta. Gure ahizpa nagusia [Marta] eskubaloian hasi zen, hurrengoa izan zen Arantza eta niretzako izan zen ba ireki zuten bidea jarraitzea. Nire bi ahizpak disfrutatzen ikusten nituen, nire lagunek ere izena eman zuten eta horrela hasi nintzen. Nik uste Martak ireki zuela bidea, gurasoek ez baitute eskubaloirako zaletasunik. Amak boleibolean jokatu zuen eta aita atletismoan aritu zen.

A.M.: Txikitan klasekide guztiak eskubaloian hasten ziren, ez zegoen besterik neskentzat. Tristea da baina horrela zen. Futbola mutilentzat eta, gero, ausartenentzat, atletismoa!

Hortaz, zure kasuan, zergatik ausartu zinen eskubaloitik atletismora jauzi egitera?

A.M.: Egia esan, ez dut oso argi. Ausartentzat esan dut atletismoa pixka bat apartatuago zegoen kirola zelako. Mirenek ere egiten zuen atletismoa eta ondo ibili zen bere garaian.

M.M.: Bai, Arantza hasi zen eta ni bere atzetik. 15 urtera arte biak uztartzen aritu nintzen, baina gero atletismoa Arantzarentzako laga nuen...

A.M.: Nik ere biak uztartu nituen 18 urte egin arte. Gero atletismoarekin jarraitu nuen, niretzako zerbait berezia baitauka. Ez dakit zer den. Agian gaizki zein ondo egindakoak zuretzat direla. Ez dakit. Orain ohartu naiz ez dela hain kirol indibiduala, egindako lana guztiona dela: entrenatzailea, familia, bikotekidea...

Kirol indibidualagoa den sentsazioa ematen du. Hori ez da psikologikoki gogorragoa? Egia da talde handietan aritzea ere ez dela beti erraza...

M.M.: Izan daiteke. Nik uste dut Arantza oso gogorra dela mentalki eta izan daiteke bakarkako kirol bat egiten duelako. Arantza ez dago bakarrik, berak esan bezala entrenatzaile zein taldekideak ditu. Familia, lagunak, bikotekidea... ere hor daude, baina zuretzako soilik lehiatzen duzu eta nik lehiatzen dut nire taldearen helburuak lortzeko. Hobea edo txarragoa den ez dakit, baina desberdina da. Nik atletismoa utzi nuen ezin nituelako ikasketak, eskubaloia eta guztiak uztartu; ikasketekin arazoak eduki nituen eta eskubaloia aukeratu nuen talde kirola zelako, lagunekin nengoelako.

A.M.: Bai, ados nago. Nik ere bi kirolak praktikatu ditut eta gauza oso politak eman dizkit eskubaloiak. Talde lan hori nire ustez izugarria da, baina ni neu lan pertsonalago horrek gehiago harrapatu ninduen. Nire barnean banekien nire kirola atletismoa zela. Asko disfrutatzen dut. Lan indibidualagoa da, baina gero gauza politak ditu. Dena dela, aitortu behar dut asko botatzen dudala faltan eskubaloia, talde giroa oso polita da.

Inoiz kointziditu al duzue talde berean?

M.M.: Bai, behin, bere azkenengo urtean.

A.M.: Bai, gainera hiru ahizpok elkarrekin izan ginen pare bat partidatan. Mirene jubenila zen oraindik.

M.M.: Imanol [Alvarez, egun Bera Berako entrenatzailea] zen entrenatzailea. Urte horretan heldu zen taldera eta nik nagusiekin entrenatzen nuen astean behin. Bertan zeuden Arantza eta Marta. Pare bat aldiz jokatu nuen eta hurrengo urtean jada biek utzi egin zuten eskubaloia. Amak Whatsappeko profilean hirurok aulkian batera agertzen ginen argazki bat jarrita izan zuen garai batean. Eta gogoratzen naiz Marta atean zela ni hegalean aritu nintzela behin, Arantza aulkian zela. Arantzarekin berez pistan ez dut inoiz kointziditu, soilik aulkian. Hitz egin behar dut gai honi buruz Imanolekin! [barrezka].

«Motibazioa beti dago. Agian ezberdina da, baina partida guztietan bi puntuak eraman behar ditugu etxera. Hori egunero landu behar da, errepikatu egin behar da benetan barneratzeko»

Atletismoan diziplina asko daude. Zergatik xabalina?

A.M.: Niri asko gustatzen zitzaizkidan iraupen-erdiko lasterketak; 600 metro, 800 metro, krosa ere bai... Apendizitis bat eduki nuen eta, ostean, Lolok [Garcia], gure lehen entrenatzaileak, esan zidan eskubaloian baloia gogor jaurtitzen nuenez, ea xabalina probatu nahi nuen. Aurrera egin nuen eta orain arte! Asko gustatu zitzaidan. 

Mirene askotan ikusi izan dugu taldea gogotik animatzen. Pentsatzen dut zuen artean ere gurutzatuko dituzuela animo mezuak. Nola animatzen duzue elkar?

M.M.: Egia da Arantzak nik bera baino gehiago animatzen nauela. Normalean Whatsapp mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri. Pasa den urtean, noizean behin, ahal zuenean, Arantza bai etortzen zen nire partidetara gurasoekin edota Martarekin.

A.M.: Ez daukagu ohitura konkreturik. Agian mezu guztiak aztertzen badituzu, animo mezu konkreturen bat errepikatuko da, baina kontzienteki ez behintzat. Uste dut beti aipatzen dugula disfrutatzeko, kemenarekin ateratzeko...

Kemena zuen gaitasun onena dela esango al zenukete?

M.M.: Nik uste dut nire kasuan baietz. Beti joaten naiz partidetara oso motibatuta, oso kontzentratuta. Agian gauza asko txarto egingo ditut, baina motibazio hori beti daukat. Eta uste dut Arantzaren kasuan ere berdin geratzen dela, une oro izaten da txapelketan sartuta. Lehenengo jaurtiketa txarra bada, mentalki ondo egon behar da beste jaurtiketak ondo egiteko. Burua hotz eduki behar da. Eta uste dut hori landu egiten dela.

A.M.: Bai, Mireneri beti nabarmentzen diot kemen hori atera dezala, oso urduria baita. Neurketetan ere une oro oso adi dagoela ikusten da. Ateratzen duen kemen hori agerikoa da. Etxean beti esaten diogu sagutxo bat dela, nerbio handia baitauka. Niri asko gustatzen zait.

Eta Mirene, nola lantzen da aurkaria edozein dela ere motibazioa mantentzea?

M.M.: Egia da neurketa guztiak ezberdinak direla, baina Bera Beran ikasi dut partida guztiak jokatu behar direla. Hemen asko lantzen da hori, asko hitz egiten dugu partiduez; Imanolek beti esaten du minutu guztiak jokatu behar direla. Motibazio hori beti dago, agian ezberdina da, baina partidu guztietan bi puntuak eraman behar ditugu etxera. Eta hori egunero landu behar da, errepikatu egin behar da benetan barneratzeko. Bestalde, galtzen ere ikasi behar da. Kirola da eta, galduz gero, ez da mundua amaitzen. Baina, tira, orain ligan oso ondo gaude. 

Arantza, Espainiako Txapelketa behin baino gehiagotan irabazi duzu. Irabazi beharraren presio hori nola kudeatzen da?

A.M.: Motibazioarekin gertatzen den bezala, presio hori bizkar gainean eramaten ere ikasi egiten da. Lehen agian presioaren eragina okerrago eramaten nuen.pastedGraphic_1.pngNire buruari esaten nion bai ala bai lortu behar nituela gauzak eta ikasi dut irabaztea ez dela eginbeharra; ateratzen bada ondo eta, ez bada ateratzen, ba ondo baita ere. Behintzat, lana eginda dago, saiatu izana hor dago. Guztia eman dudalako nire buruarekin lasai egotea lortu nahi dut, hori bai. Baina presioa egon badago, eta txapelketa eguna iristear dagoenean presio hori areagotzen joan daiteke. Orain senior mailan nago; bada, iragan berri den neguan zazpigarren aldiz irabazi dut Espainiako Txapelketa eta nirea dela kontsideratzen dut, irabazi behar hori badaukat. Udako txapelketarekin ere berdin; bi aldiz irabazi dut eta duela bi urte sentitu nuen presioa ikaragarria izan zen. Aurreko gauean botaka egin nuen; ama eta Unai, nire bikotekidea, bertan zeuden gainera. 

«Udako Espainiako Txapelketa bi aldiz irabazi dut eta duela bi urte sentitu nuen presioa ikaragarria izan zen. Aurreko gauean botaka egin nuen»

Gurasoentzat ez da samurra izango.

M.M.: Gure kasuan daukagun gauza positiboetako bat guztiaz hitz egiten dugula da, bai gurasoekin eta baita Martarekin ere. Eta horrela laguntzea errazagoa da. Gure gurasoek kirolaren alde negatiboenak ere ikusi dituzte. Arazo bat daukazunean errazagoa da gurasoei deitzea beste inori baino, eta, hortaz, beraiek gure sufrimendua ikusten dute. Gogorra da beraientzat ere. Hau ez dut asko hitz egin beraiekin, baina nik jakin badakit. Gure momentu onenetan daude, baina baita txarrenetan ere.

A.M.: Nik uste dut etxean oso natural eramaten dela auzi hau. Botaka egin nuen unean, adibidez, ama nire alboan geratu zen. Zer egingo du ba? Niretzako izugarrizko babesa da. Beraien sufrimendua hor egongo da. Guztiok batera sufritzen dugu eta guztiok batera ospatzen dugu.

Sufrimenduaren ostean lorpenak baldin badatoz, eramaten errazagoa da.

A.M.: Orain etorri zait burura Europako Txapelketan izateko gutxieneko marka lortu nuenekoa; proba amaitu eta aitari deitu nion berehala. Gurasoak Mireneren partida ikusten zeuden eta, aitak erantzun zuenean, «Berlinera goaz!» esan nion. Aita negarrez hasi zen. Mirenek ikusi zituen aita eta ama negarrez eta harritu egin zen, zerbait txarra gertatu zelakoan. Eta ez zen negar txarra, emozioak eragindako malkoak ziren. Denbora asko neraman marka hori lortzeko lanean eta sufrimendu handia izan zen beraientzako. Nik nire buruari presio asko jartzen nion. Azkenean, egun batean, esan nuen: «ez da derrigorra marka lortzea». Bada, motxila hori kenduta, lortu egin nuen.