NAIZ

Ekimen ugari Gernikan, bonbardaketaren 84. urteurrena oroitzeko

Gernikako bonbardaketaren 84. urteurrena beteko da astelehen honetan eta lau minutuko isilunea egingo dute sirenarekin bonbak jausi ziren orduan, 15.45ean. Horretaz gain, makina bat ekintza antolatu dituzte herri elkarteek. Jon Rementeriak sortutako «Gernika Bizirik» abestia da aurtengo berrikuntza.

Preso errepublikarrek eraikitako Gernika oroitu dute aurreko egunetan. (@Landerlandia)
Preso errepublikarrek eraikitako Gernika oroitu dute aurreko egunetan. (@Landerlandia)

Astelehen honetan, lau minutuko isilunea egingo dute Gernikan sirenarekin, Kondor Legioak eta hegazkin italiarrek, frankisten laguntzarekin, herri gainera bonbak jaurti zituzten ordu berean, 15.45ean. 84. urteurrena gogoratzeko solasaldi, aurkezpen, film proiekzio, hitzaldi eta beste ekintza pila bat antolatu dituzte Gernika Memoriaren Lekuko plataforman bildutako herri elkarteek, errautsetatik birsortzera behartu zituen krimen hori ez dutelako ahazteko.

Aurtengo berrikuntza nabariena Jon Rementeria Larruzea musikari gernikarrak (Sarkor taldeko kide ohiak) sortutako `Gernika Bizirik´ abestia da.

Gainerakoan, ohi bezala garrantzi handia izango du bonbardaketa gertatu zen orduan adituko den isilune bortitzak, biktimak gogoan. Bi sirena-hotsek zeharkatuko dute isiltasuna. Sirenetako bat Lobak elkarteak piztuko du, Astran. Bestea, Gernika Batzordeak, Pasialekuan. Belaunaldi gazteek osatzen dute Lobak, memoriari eusteko lan honetan aurrekoen lekukoa hartu dutenek. 20.00etan, ibilbidea egingo dute kandelekin, Foruen Plazatik abiatuta.

Suntsiketaren ondoren gertatu zenaz

Aste osoan izan dira memoria astintzeko balio izan duten ekintzak. Adibidez, asko hitz egin da 1937ko bonbardaketaz, baina gutxiago suntsiketa eta gero gertatu zenaz. Ekitaldi batean preso errepublikarrek eraiki zuten Gernika ekarri dute gogora, eta markatu ere egin dute plakak jarriz, bizilagunekin gaia landuz, gainera. Besteak beste, oroitu dute preso errepublikarrek segurtasun eta garbitasun baldintza tamalgarrietan bete zituztela herria berreraikitzeko lanak.

Elkartasun herria da Gernika eta horren erakusle da `Newroz´ ekitaldia, `Bakea, justizia eta askatasuna, herrien eskubideak´ leloarekin egin dutena. Gaur egun herri kurduak bizi duen egoerari begiratu diote Gernikatik.

Honako ohartarazpena egin dute beste ekintza batean: «Gerra hemen hasten da». «Ardiz mozorrotutako otsoez» mintzatu dira, euskal armagintza industrialaren zerrenda ilunaz, alegia.

Musikarekin lotutako bi biografia

«Musika memoria kolektiboaren parte da. Gure sentimenduak eta emozioak ukitzen ditu eta besteekin identifikarazten gaitu», azaldu du Gernika Garretan Kultur Alkarteak. Horregatik, bi biografia berreskuratu ditu, Gernikako Arbolarena eta Isidoro Fagoagarena.

Lehenbizikoaz Jose Mari Esparzak eman du hitzaldia, `Gernikako Arbolaren biografia. Euskal Herriko ereserkia´ liburua kaleratu baitu berriki. Bigarrenaz, bonbek isildu zuten Berako musikariaz, German Ereña mintzatu da, berak ere liburu bat eskaini baitio artista ospetsu honi, `Isidoro Fagoaga. El tenor olvidado´.