NAIZ

‘Gernika bizirik’, aitortza eta memoriaren aldeko doinuak bonbardaketaren 84. urteurrenean

«Egia, aitortza, memoria, justizia eta etorkizuna» aldarrikatuz, ‘Gernika bizirik’ abestiak kaleratu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Herriko Jon Rementeria Larruzeak sortu du lana.

Audio_placeholder

‘Gernika bizirik’, aitortza eta memoriaren aldeko doinuak bonbardaketaren 84. urteurrenean

Loading player...
‘Gernika bizirik’ abestia grabatu dute.
‘Gernika bizirik’ abestia grabatu dute.

«Keak oroitzen digu suak pizturik dirauela. Keak oroitzen digu Gernika bizirik dela». Horrela dio Jon Rementeria Larruzea musikar gernikarrak sortutako abestiak. ‘Gernika bizirik’ izenarekin, Gernika Memoriaren Lekuko plataformarentzako egin du lana.

Bizkaitar herria bonbardatu zutenetik 84 urte betetzen direnean plazaratu dute abestia «egia, aitortza, memoria, justizia eta etorkizuna» aldarrikatuz.

Rementeriaz gain, Gorka Leon Uribe (pianoa, MIDI konponketak, perkusioa eta platerak), Leire Gonzalez Enbeita (baxu elektrikoa), Jon Urriolabeitia Zenigaonaindia ( gitarra elektrikoa eta koruak) eta Patxi Goikoetxea Erdoizak (perkusioa eta platerak) hartu dute parte.

Grabaketak aurtengo otsaila eta apirila bitartean egin dituzte Gorka Leonek bere Baldatikako etxean (Forua), eta Jon Urriolabeitiak Arratzuko KortuRec estudioan eta Gernikako Segundo Olaeta Musika eskolan. Nahasketa aldiz, Urriolabeitiak amaitu du.

Honela dio letrak:

Eraitsitako eraikinek
metrailatutako erraiek
bortxatutako emakumeek
erbesteratutako umeek

Azpiraturiko hizkuntzak
jazarritako nortasunak
errausturiko duintasunak
inausiriko etorkizunak

Keak oroitzen digu
suak pizturik dirauela
keak oroitzen digu Gernika bizirik dela

Berreraikitako bizitzek
berriz landatutako ametsek
iraupen ohitura berriek
menderakaitz diren pertsonek

Keak oroitzen digu
suak pizturik dirauela
keak oroitzen digu
Gernika bizirik dela

Hareharrizko hormen
azpian lurperatuen
hamarkadetako isiltasunak
diosku ozen

Egiak mutu dirauela
azaleratu behar dela
lau haizetara hedatzea
geure lana dela

Keak oroitzen digu
suak pizturik dirauela
keak oroitzen digu
Gernika bizirik dela

Keak oroitzen digu
itxaropenik badela
keak oroitzen digu
herria bizirik dela