Eibarrek bertsio onena berreskuratu nahi du jaitsieratik kanpo jarraitzeko

Azken bederatzi jardunaldietan garaipen bakarra lortu ondoren, jaitsierarekiko abantaila hiru puntutara murriztu da. Larunbat honetan, Granadilla hartuko du Unben (11.00). Realaren eta Athleticen partidak atzeratu dira; bata, covid-19agatik eta bestea, Bartzelonak Txapeldunen Liga jokatzen duelako.

Armaginak ez dira jeitsieran egon urte osoan zehar eta horrela jarraitu nahi dute. (Endika Portillo/Foku)
Armaginak ez dira jeitsieran egon urte osoan zehar eta horrela jarraitu nahi dute. (Endika Portillo/Foku)

Badira zazpi hilabete denboraldia hasi zela eta, amaitzeko zazpi jardunaldi besterik falta ez direnean, Eibar une zailenak bizitzen ari da, azken bederatzi partidatan zazpi porrot jaso eta garaipen bakarra ospatu baitu. Lehen itzuliko emaitza ezin hobeei esker, armaginek ez dute inoiz jaitsierako postuak zapaldu ere egin baina euren abantaila murriztuz doa astetik astera eta, emaitzak ez badituzte hobetzen, guztiz desagertu daiteke.

Helburua betetzeko aukerak lehen baino lehen sendotzen hasi nahi badu, talde gorri-urdinak bere bertsio onena berreskuratu beharko du, larunbat honetan Unbera (11.00) mailako talde indartsuenetakoa baitator. Eta motibazioa ere ez zaio falta Granadillari, azken bi partidak –aurreko bi sailkatuen, Bartzelona eta Levanteren aurka kontra– galdu dituen arren, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerak baitauzka oraindik. Kalitatezko taldea, ausarta eta eskarmentu handiko hainbat jokalariekin, Eibarrek ez du aurkari erraza izango oraingoan. «Ideiak oso garbi dituzte eta badakit zertara jokatzen duten. Gol asko sartzen dituen taldea da eta oso ausartak dira, bai etxean baita kanpoan ere», azaldu du Iker Dorronsorok.

Inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, beraz, «defentsiboki oso konzentratuta» egotea. Honen harira, bai bihar eta bai denboraldiko azken txanpa honetan, Igeldoko entrenatzaileak «defentsiboki talde ordenatua garela erakutsi behar» dutela azpimarratu du. «Orain arte lortu ditugun garaipen eta puntu guztiak defentsiboki ordenatuta egoten lortu ditugu. Gure helburua hori izan behar da, defentsiboki taldea ondo egotea eta ditugun aukerak aprobetxatzea», gaineratu du.

Bi neurketa atzeratuta

28. jardunaldiko bi partida atzeratu dira, Realak eta Athleticek jokatu behar zituztenak, hain zuzen ere. Reala-Santa Teresa neurketaren kasuan, talde donostiarrean astelehenan agertutako covid-19 positiboak dira arrazoia; Bartzelona-Athletic, berriz, katalanek igandean Championseko finalerdiak lehiatu behar dituztelako atzeratu da.

Munduko Txapelketa

Ostiral honetan, bestetik, Australiak eta Zeelanda Berriak 2023an hartuko duten Munduko Txapelketarako Europako sailkapen faseko multzoak zozketatu dira. Inoiz baino selekzio gehiago arituko dira, 51, eta hauetatik 11 zuzenean sailkatuko dira eta beste bi play-offaren bitartez. Gainera, UEFAk beste txartel bat lortzeko aukera dauka, konfederazioen arteko azken play-offaren bidez.

Selekzioak bederatzi multzotan banatu dira eta bakoitzeko irabazleak zuzenean lortuko du Munduko Txapelketarako txartela. Bigarrenek play-offa jokatu beharko dute: lehen kanporaketan sei txarrenek hartuko dute parte eta hauetako irabazleek bigarren kanporaketa bat jokatuko dute hiru onenen aurka. Hiru irabazleen artean, ranking onena duten biak –sailkapen fasean eta azken kanporaketan lortutako emaitzekin kalkulatuko da– Munduko Txapelketara joango dira eta hirugarrenak konfederazioen arteko play-offean borrokatu beharko du bere txartela.

Multzokako sailkapen fasea 2021ko irailetik 2022ko irailera bitartean jokatuko da. Honako hauek dira multzoak:

A: Suedia, Finlandia, Irlanda, Eslovakia, Georgia.
B: Espainia, Eskozia, Ukraina, Hungaria, Feroe Irlak.
C: Herbehereak, Islandia, Txekiar Errepublika, Bielorrusia, Txipre.
D: Ingalaterra, Austria, Ipar Irlanda, Ipar Mazedonia, Letonia, Luxemburgo.
E: Danimarka, Errusia, Bosnia eta Herzegovina, Azerbaiyan, Malta, Montenegro.
F: Norvegia, Belgika, Polonia, Albania, Kosovo, Armenia.
G: Italia, Suitza, Errumania, Kroazia, Moldavia, Lituania.
H: Alemania, Portugal, Serbia, Israel,Turkia, Bulgaria.
I: Frantzia, Gales, Eslovenia, Grezia, Kazakhstan, Estonia.