Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Liga irabazteko eta salbaziorako urrats erraldoia eman dezakete Bera Berak eta Zuazok

Bera Berak urrats definitiboa eman dezake Xixonen Ohorezko Mailako liga garaikurra irabazteko bidean. Donostiarrak nagusi dira sailkapenean, bigarren sailkatua den Atletico Guardes taldeari bost puntuko aldea ateraz. Zuazok, aldiz, salbazioa du helburua eta pauso garrantzitsua eman dezake. 

Alba Menendez golegile nagusia izan zen Granollerseko neurketan (bost gol), Cardoso legez. (Xabi SOLANAS)
Alba Menendez golegile nagusia izan zen Granollerseko neurketan (bost gol), Cardoso legez. (Xabi SOLANAS)

Asteazkenean Atletico Guardesek 26-27 irabazi zuen Rocasaren etxean, ordura arte bigarren sailkatua zen taldearen etxean, alegia. Bigarren faseko atzeratutako bigarren jardunaldia jokatu zuten asteon galiziarrek eta kanariarrek eta hala, Atletico Guardesek bigarren postura egin zuen jauzi. 

Gertatu zitekeen onena gertatu zela esan dezake Bera Berak, zeinak Atletico Guardesi bi neurketa irabazi baitzizkion lehen fasean eta hala, fase erabakigarrian, bigarren sailkatua bost puntura kokatzen delako lau jardunaldiren faltan –eta hirugarrena, Rocasa, sei puntura–. Horregatik, hain zuzen, urrats definitiboa eman dezake talde donostiarrak Xixonen irabaziz gero (larunbata, 19.00etan). 

Bigarren faseko bigarren itzulia hasiko da asteburu honetan eta Xixonera egin beharko du bidaia Bera Berak, azken jardunaldian Granollersen garaipen ederra poltsikoratuta. Xixoneko taldeak ez du oraindik garaipenik eskuratu fase berri honetan eta beraz, multzoko sailkapena ixten duen taldea da. Nolanahi ere, donostiarrak ez dira fidatzen eta Renata Arruda atezainak adierazi du «Rocasa edo Guardes gisako aurkaria» dela Liberbank Xixon. Atezain brasildarra Bera Berara etorri aurretik bertan aritu zen bi denboraldiz. 

Imanol Alvarezek nabarmendu du taldeak «partida zailei heltzeko konfiantza maila altua» daukala baina azpimarratu du «orain arteko lana berretsi behar dutela» larunbat honetan. Era berean, onartu du egoera onean daudela, jakitun direla liga garaikurra gertu daukatela, baina egutegi konplikatua geratzen zaiela eta taldea apur bat nekatuta somatzen duela ñabartu du. «Liga irabazita dagoela pentsatzetik urrundu behar dugu», adierazi du. 

Xixonen irabazita ere, Bera Berak ez luke matematikoki liga irabaziko. Horretarako, beste jardunaldi bat geratuko zaio, beti ere irabazten jarraitzen badu eta Guardesek punturen bat galduko balu. 

Zuazo, Kordobara

Zuazok garaipen ezinhobea eskuratu zuen azken jardunaldian Tenerifen. Garaipenaren bidera itzuli zen talde bizkaitarra, zeina 12 punturekin pasatu zen bigarren fasera –hau da, arerio zuzenen aurkako norgehiagoka guztiak irabazi zituen–. Hiru porrot jarraian pairatu ostean, baina, Ohorezko Mailan jarraitzeko helburua kolokan jarri zuen eta Tenerifen batutako bi puntuekin arnasa hartu du. 

Orain, larunbat honetan Kordobara bidaiatzea egokituko zaio, bigarren itzuliko lehen jardunaldia jokatzera. Lehen itzuliko neurketan, Lasesarren jokaturikoan, galdu egin zuen 22-28 markagailuarekin. Oraindik ere talde kordobarra jaitsiera postuetan aurkitzen da beraz, Zuazok minimizatu egin behar ditu akatsak, galduz gero, jaitsiera postuekiko aldea nabarmen gutxiko balitzateke (bi edo hiru puntura jarri daiteke hiru jardunaldiren faltan). 

«Mentalki talde hobea gara bigarren faseko lehen hiru jardunalditan baino», nabarmendu nahi izan du Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak. «Garrantzitsuena salbaziora gerturatu diezagukeen garaipena eskuratzea da. Uste dut hori dela funtsezkoena bigarren faseko lehen neurketetan zenbat sufritu dugun ikusi ostean», onartu du basauriarrak. 

Zaila izango dela uste du, apenas zortzi egunetan egiten duten bigarren bidaia izango dela. Agustina Lopezen kanpoko jaurtiketak gelditzea eta erritmo altuko neurketa egitea izango dira Zuazoren tresnak Kordoban bigarren garaipena eskuratzeko.