NAIZ

H&Mko langileek greba mugagabea hasi dute aurreikusitako 56 kaleratzeen kontra

Hego Euskal Herriko H&M dendetako langileek aurreikusitako 56 kaleratzeen aurkako greba mugagabea hasi dute astelehen honetan. ELAk adierazi duenez, greba «jarraipen zabala» izaten ari da.

56 kaleratzeen kontrako greba mugagabea hasi dute H&Mko langileek. (ELA)
56 kaleratzeen kontrako greba mugagabea hasi dute H&Mko langileek. (ELA)

Hego Euskal Herriko H&M arropa-dendetako langileek greba mugagabeari ekin diote astelehen honetan 56 langileei eragiten dien enplegu-erregulazioko espedientearen aurka.

Duela aste batzuk, zentro bakoitzean kaleratuak izango diren langile kopurua jakinarazi zuen enpresak: 4 Araban (Boulevardeko dendan); 4 Nafarroan (2 Iruñean eta beste 2 Itaroan); 30 Bizkaian (5 Arean, 9 Zubiarten, 8 Artean eta beste 8 Ballontin); eta 18 Gipuzkoan (2 Txingudin, 2 Garberan eta 14 Cosen, Donostian). Estatu mailan 1.200 izango langileei eragiten die.

Enpresa errentagarria dela baieztatu du ELA sindikatuak, eta pandemiaren aurretik, 2019an, H&Mk 22.000 milioi euro fakturatu eta 1.270 milioiko irabaziak aitortu zituela gogoratu du.

ELAk langileen lanaldia murriztu, eta enplegua banatzea eskatzen du, eta sortzen diren lanpostu berrien kasuan (bezeroarentzako arreta, biltegia, logistika eta banaketa…), «ez daitezen azpikontratatu eta deslokalizatu, eta lan-baldintza eskasagoetan izan daitezen saihesteko neurriak ezarri ditzatela».

Era berean, kaleratutako gehienak seme-alabak zaintzeko lanaldia murriztuta duten amak direla salatu du, eta hori «aberrazioa» dela eta erantzuteko neurriak aztertzen ari dela gaineratu du ELAk.

Gainera, «itxiera-, kaleratze- eta langile-doikuntzen prozesu hori enpresa ezartzen ari den on-line salmenta digitalizatu eta sustatzeko prozesuaren barruan kokatzen dela» azpimarratu du sindikatuak. «Horrelako enpresa-estrategiak aldatzen ez badira, ondorio nabariena sektoreko enpleguaren suntsipen larria eta deslokalizazioa izango da», gaineratu du.