Haritz Larrañaga

Bakegileek maiatzaren 8an 12 tontorretara igotzeko deialdia egin dute

«Denbora badoa eta presa du! Orain Presoak!» aldarrikatzeko Ipar Euskal Herriko 12 tontorretara igotzeko deialdia egin dute Bakegileek, Sarerekin batera maiatzaren 8an Euskal Herri osoan burutuko den ekimenarekin bat eginez.

Iazko irailaren 19an Baionako Suprefeturan Bakegileek egindako mobilizazioa. (Bob EDME)
Iazko irailaren 19an Baionako Suprefeturan Bakegileek egindako mobilizazioa. (Bob EDME)

Sarek egin zuen deialdiarekin bat eginez, Bakegileek Ipar Euskal Herriko 12 tontor hartzeko deialdia egin dute datorren maiatzaren 8rako. Jada 300 pertsonak izen eman dute Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko 12 menditara igo eta tontorrean «Denbora badoa eta presa du! Orain Presoak!» aldarrikatzeko. Ez da derrigorrezkoa izena ematea, ondorioz egunean bertan askoz jende gehiago batuko dela espero dute ekimenaren antolatzaileek.

Iazko urriaren 3an zen egitekoa Euskal Herriko 650 tontorretara igotzeko ekimena, baina eguraldi txarrak Sarek antolaturiko ekitaldia lokaztu zuen. Horren aurrean herrietako plazak hartzeko gonbita egin zuten eta mendi tontorretara igotzeko deialdia maiatzaren 8ra atzeratu zuten. Aitzitik, itxura guztien arabera, eguraldia lagun izango da bigarren deialdi honetan.

«Laguntzaileak erraz bilatu ditugu, jada seinale on bat da», azaldu du Ipar Euskal Herrian antolakuntza lanetan dabilen Emilie Martinek. Gainera, aditzera eman duenez, «mugaz gaindiko mendietan Nafarroatik ere jendea helduko da, adibidez, Larrun, Orhi edo Buztanzelain».

Guztira 12 menditako tontorrak hartuko dituzte euskal presoen eskubideen aldeko ibiltariek. Hots, Xoldokogaina, Larrun, Baigura, Ursuia, Arranomendi, Iparla, Buztanzelai, Munhoa, Arradoi, Behorlegiko Ttutturrua, Orhi eta Beltxuko tontorretan, hitzartze eta ekitaldiak egingo dituzte, eta tontor bakoitzean talde argazkia aterako dute.

Alta, bakegileek proposatu duten lelo nagusia «Denbora badoa eta presa du! Orain Presoak!» da, baina tontor bakoitzean gai bat jorratuko dute. Esaterako, batean, Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Paroten askatasuna eskatuko dute, bestean larri gaixo diren presoen askatasuna eskatuko dute, hurrengoan salbuespeneko neurriekin amaitzea aldarrikatuko dute, iheslarien etxeratzea... horrela, dozena bat aldarri egingo dira eguerdiko hamabietan mendi tontorretan.