NAIZ

Kolonbiako langileen kontrako errepresioa salatu dute Euskal Herriko sindikatuek

Zerga erreformaren kontrako protestak zapaltzeko Kolonbian ematen den errepresioa salatu dute Euskal Herriko sindikatuek. Bide batez, Bogotako Gobernuari bake akordiotan adosturikoa betetzeko konpromiso eza nabarmendu dute. Gauzak horrela, mobilizazioak deitu dituzte hilaren 6rako.

Bogotan izaten ari diren mobilizazioen kontrako errepresioa. (Juan BARRETO/AFP)
Bogotan izaten ari diren mobilizazioen kontrako errepresioa. (Juan BARRETO/AFP)

Euskal Herriko sindikatu talde batek Ivan Duqueren Gobernuak Kolonbian zerga erreformaren aurrean martxan diren mobilizazioak direla eta manifestu bat sinatu dute eta hilaren 6an 18.30ean mobilizazioak deitu dituzte Iruñean (Udaletxe plazan), Bilbon (Areatzan, Arriaga antzokiaren parean), Donostian (Bulebarreko kioskoan) eta Gasteizen (Correos plazan). ELA, LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, Steilas, CGT Nafarroa, EHNE Bizkaia, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru sindikatuek sinatzen dute manifestu hau.

«Kolonbiako langile klasearen eta herriaren lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituzten Kolonbiako gobernuaren zerga erreforma proposamena eta bestelako politika neoliberalak gaitzesten ditugu. Honi, Kolonbiako Gobernuak bake akordioen konpromisoak betetzeko duen borondate eza eta lider sozialen, nekazarien, sindikalisten kontrako mehatxuak eta erailketak, nahiz emakumeen kontrako etengabeko feminizidioa eta sindikalgintza egiteko dauden etengabeko zailtasunak gehitzen badizkiogu, pasa den apirilaren 28ko greba orokorraren aldarrikapenak justuak eta zilegiak direla deritzogu», nabarmentzen du sindikatuen manifestuak.

«Apirilaren 28tik hona Kolonbiako herriaren kontra zabaldutako errepresio bortitza gaitzesten dugu. Errepresio honen ondorioz, greba orokorraren deialdiaren testuinguruan 940dik gora biolentzia polizial kasu, 21 erailketa, eta indar publikoen aldetik egondako 4 biolentzia sexual kasu egon dira», adierazi dute.

«Kolonbian ematen den protestaren eta disidentzia politikoaren krimininalizazioa salatzen dugu. Aldi berean, herrialdean ematen diren etengabeko giza eskubideen urraketak, greba eskubidearen urraketa, eta azken bost egunetan Kolonbiako herriaren kontra ematen ari den biolentzia justifika ezina; hala nola, biolentzia poliziala bortitza eta Kolonbiako kaleetan ematen ari den indar militarren presentziaren areagotzea gaitzesten dugu», gaineratu dute.

«Kolonbian bakearen, bizitzaren eta demokraziaren aldeko gure konpromisoan berresten garela adierazi nahi dugu, eta ahal dugun neurrian, La Habanako bake akordioak bete daitezen, feminizidioarekin, eta disidentzia politikoaren kontrako politikaren amaitu dadin lanean jarraituko dugu. Hots, Kolonbian giza eskubideak errespetu daitezen, eta justizia nahiz demokrazia egon dadin lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala», gaineratu dute.