Eibarrek konfiantzaz bidaiatuko du Sevillara Betisen aurka indarrak neurtzeko

Azken jardunaldietako bolada onaren ondotik jaitsiera postuetatik atera da talde andaluziarra. Armaginek baino hiru puntu gutxiago ditu. 

Granadillaren aurkako garaipenak lasaitasuna eta konfiantza eman die armaginei. (Jaizki Fontaneda/Foku)
Granadillaren aurkako garaipenak lasaitasuna eta konfiantza eman die armaginei. (Jaizki Fontaneda/Foku)

Granadillaren aurkako partidan puntuak eskuratu eta arnasa hartu ondoren, Eibarrek ia erabateko garaipena ospatu nahi du bihar Betisen aurka (11.00, Gol). Neurketa horretan gertatutakoari esker, armaginek «konfiantzaz» bidaiatuko dutela azpimarratu du Iker Dorronsorok. Baita sekulako motibazioarekin ere, garaipena ia erabatekoa izango bailizateke.

Denboraldia amaitzeko sei jardunaldi falta direla, sei puntuko aldea du Eibarrek jaitsiarekiko eta kasu honetan, gainera, aurkari zuzena bisitatuko du. Hain zuzen ere, lehen jardunaldian Unben bisitatu zuen taldea, armaginei lehen garaipena eman zien norgehiagokan.

Larunbat honetan ez da aurkari bera izango. Betisek Juan Carlos Amorosen etorrera eskertu du eta, azken jardunaldietako emaitza onei esker –bi garaipen eta hiru berdinketa bost partidatan–, jaitsiera postuak atzean utzi ditu. Hiru puntura murriztu du eibartarrekiko desabantaila azken aste hauetan. «Partida zaila izango da beraiek dinamina on batetik datozelako», onartu du Dorronsorok. «Jokalari oso onak dituzte, kalitate handikoak eta talde moduan jokatzen duten», gaineratu du.

Entrenatzaile gipuzkoarrak, edozein kasutan, Eibar bera «konfiantzaz» dagoela azpimarratu du. «Azken garaipenak konfiantza eta lasaitasuna eman digu. Partida zaila zen eta hiru puntuak ateratzea ondo etorri zaio taldeari, batez ere konfiantza irabazteko», esan du ostiral honetan. Puntuak bezain garrantzitsua, bere ustetan, «Eibar izanda» lortu izana da. Eta hor dago dakoa biharko norgehiagokari ekiteko.

Thembi Kgatlana itzuli da deialdira; Jujubak, berriz, ezin izango du bidaiatu, orkatilan mina hartu baitzuen lan-saio batean.

29. jardunaldia

Igandean, bestetik, partida handia dator, Lezamak Athleticen eta Realaren arteko derbia hartuko baitu (16.30, Teledeporte). Nabarmentzekoa dira ere Madrilen jokatuko diren bi derbiak eta Granadillak eta Barcelonak jokatuko duten partida.

Larunbata
Betis - Eibar, 11.00 (Gol)
Rayo Vallecano - Real Madrid, 13.00 (LaLigaSportsTV)

Igandea
Sevilla - Deportivo, 11.00 (Vamos)
Sporting de Huelva - EDF Logroño, 12.00
Madrid - Atlético de Madrid, 12.00
Santa Teresa - Valencia, 12.00
UD Granadilla - Barcelona, 12.30 (LaLigaSportsTV)
Espanyol - Levante, 13.30 (Gol)
Athletic - Real, 16.30 (Teledeporte)