naiz

Elkarretaratze bana Aian eta Getarian, Indaux enpresako lan heriotza salatzeko

Indauxeko enpresa batzordeak deituta, hainbat herritar eta enpresako langile Andoni G.Z.ren heriotza salatzeko elkartu dira. Bi elkarretaratze egin dituzte, bata Getariako frontoian eta bestea Aiako Indauxen fabrikaren aurrean dagoen biribilgunean.

Indauxeko enpresa batzordeak deituta, elkarretaratzea Getarian lan istripuen aurka. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Indauxeko enpresa batzordeak deituta, elkarretaratzea Getarian lan istripuen aurka. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Andoni, Indauxeko langileok beti gogoan izango zaitugu. Gure elkartasun osoa familiari» idatzitako pankarta atera dute Getariako frontoira Andoni G.Z. larunbatean izan zuen lan istripu baten ondorioz atzo hil zen gaztearen lankideek heriotza salatzeko. Haiengana batu dira hamarnaka herritar ere.

Indauxeko enpresa batzordeak deituta, elkarretaratze bana egin dute herritar eta langileek, eguerdiko 12.00etan. Bata Getariako pilotalekuan egin dute, eta bestea Aian, Indauxen lantegiaren parean dagoen biribilgunean.

Itxuraz, langileak eskua zauritu zuen lanean ari zela eta zorabiatu egin zen. Zorabioaren ondorioz erori eta buruan kolpe bortitz bat jaso zuen. Istripua larunbatean gertatu zen, 6.45ean, eta ostegunean hil zen 34 urteko gaztea istripu horren ondorioz, EAEko Segurtasun sailak jakinarazi zuenez.

Ikertzeko eskatu du UGTk

LAB eta ELA sindikatuek ostegunean egin bezala, UGTren EAEko Industria Federazioak gertatutakoa ikertzea eta, egongo balira, ardurak eskatzea eskatu du.

Sindikatuak ohartarazi du covid-19ak eragindako geldialdiaren ostean enpresak berriz ere lanean hasi zirenetik istripu kopurua hazi egin dela. Hala, instituzioei galdegin die enpresak gehiago «kontrolatu» ditzaten.