Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Beraren trantsizioa irabazten jarraitzea da

Egin du, lortu du! Bera Berak bere 7. liga garaikurra irabazi du. Beste bat poltsikoratu du. Eta hemen gaude sofaren izkina batean eserita hizki hauek elkartzen, naturaltasun osoz. Naturaltasun osoz irabazten baitu Bera Berak eta horrek ahantzarazi egiten digu arrakasta ez dela soilik zori kontua.

Super Amara Bera Berako jokalariak, zazpigarren Liga ospatzen Gascako pistan. (Jon URBE/FOKU)
Super Amara Bera Berako jokalariak, zazpigarren Liga ospatzen Gascako pistan. (Jon URBE/FOKU)

Denboraldiz denboraldi hitz egiten dugu agian trantsizio moduko bat bizi beharko duela Bera Berak, duela hamabost urtetik baitabil balentriaz balentria. Eta badakizue nola esaten duen esaera ezagun batek: «Zailena ez da iristea, baizik eta mantentzea». Bada, urtez urte erakusten du talde donostiarrak bere trantsizioa irabazten jarraitzea dela. Ez du beste modu batera ulertzen eta, gainera, ekonomikoki bideragarria izaten jarraitzen du. Egungo egoeran hori bai dela balentria! Itxakok, esaterako, bederatzi garaikur irabazi zituen –bata Europakoa, donostiarrei falta zaiena, eta Championseko finala ere jokatu zuen– lau urtean, lau urte loriatsuenetan, gero sekulako gainbehera etorri baitzen.

Hogei garaikur altxatu ditu Bera Berak hamabost urtean. Garaikurrak ez ezik, nolabaiteko egonkortasuna ere lortu du goian jarraitu ahal izateko. Eta denboraldi honen hasieran Kopan lehen neurketan kanporatua izan eta Superkopa galdu ostean, eskuak burura eraman genituen. Eskuak burura eraman genituen bi neurketa galdu zituelako, a ze marka!

Boada, Cesareo, Sara Gil eta O’Mullonyren lesioak gainditu ditu aurten Bera Berak, denboraldiko fase erabakigarrienera itzelezko forman iristeko, Menendez eta Arrojeriaren gidaritzapean, Maitane Etxeberriaren indarrarekin, Mirene Morenoren grina eta Ainhoa Etxeberriaren hazteko gogoarekin. Horien parte-hartzeak bikoitza balio duelako. Kluba jakitun da zenbait neurketatan Arruda atezain brasildarrak salbatu duela, baina besteek egonkortasunerako bidea marrazten laguntzen dutela; euskal eskubaloian ilusioa berpizten, alegia. Guztiekin, euskaldun, brasildar, argentinar, kataluniar eta espainiarrekin, oztopoak oztopo, «talde osatua» eraiki dute, orekan baitago giltza. Hogeita batgarrenean pentsatu aurretik, goza dezatela, aurreko sasoiko liga garaikurra ospatu gabe geratu baitzen!