NAIZ

Bidasoa-Irunek Sinfinen aurka neurtuko ditu indarrak Asobal Kopako finalerdietan

Bidasoa-Irunek Sinfin Kantabriaren aurka jokatuko du Asobal Kopako finalerdiak. Beste finalerdian, Bartzelona eta Huescak neurtuko dituzte indarrak. Ekainaren 5 eta 6an jokatuko da denboraldiari amaiera emango dion txapelketa hau. 

Bidasoa-Irun taldeko jokalariak, Artalekun. (Gorka RUBIO / FOKU)
Bidasoa-Irun taldeko jokalariak, Artalekun. (Gorka RUBIO / FOKU)

Asteazken honetan egin da Asobal Kopako zozketa Santanderren, txapelketa hartuko duen hirian, alegia. Hala, Bidasoak anfitrioiaren aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan eta irabaziz gero, Bartzelona eta Huescaren arteko garailearekin topatuko litzateke finalean. Txapelketa, ekainaren lehenengo asteburuan jokatuko da (5 eta 6an) Santanderreko Kirol Jauregian. Ordutegiak oraindik zehazteke daude, telebista emanaldien araberakoa izango baita. 

Bidasoako entrenatzailea, Jacobo Cuetara, «pozik» agertu da finalerditan «inork nahi ez zuen arerioa (Bartzelona) sahiestea lortuta». Eta batez ere, lehiaketa hori jokatzeak duen garrantzia nabarmendu du: «Guk garrantzia ematen diogu Asobal Kopan egoteari. Lehen itzuliko lehen hiru sailkatuak doaz, talde antolatzailearekin batera, eta Barçarekin batera, talde bakarra gara hiru azken denboraldietan Asobal Koparako txartela lortu dugunak».

Taldea «ilusioz beterik» joango dela gaineratu du Cuetarak, finalerako hirugarren sailkapena jarraian lortzeko asmoz. Horretarako, finalerditan etxeko taldea mendean hartu beharko dute, «aurten bi neurketak irabazi dizkiegu, baina oso gogotsu arituko dira euren jendearen babesarekin, finalera sailkatu nahiko dutelako».

Bidasoak 1992/1993 denboraldian irabazi zuen lehiaketa hau eta bederatzigarrenez hartuko du parte aurten. Hiru aldiz txapeldunorde ere izan da: 1991/1992, Santanderren; 2018/2019, Lleidan; eta 2019/2020, Valladoliden.

Pandemiak abenduan jokatu behar zen edizioa atzeratzera behartu zuen, eta azkenean ekainaren hasieran ospatuko da. Helburua harmailetan ikusleak egon daitezela da, nahiz eta hurrengo asteetan osasun egoera nola doan ikusi beharko den horrela izan dadin.