Jon Ormazabal

Botileroak, salbuespenekin, bueltan dira gerriko gorririk eta jenderik gabeko Buruz Burukoan

Ospitaletik irten den Erik Jakaren hutsunea izango duen Buruz Buruko txapelketa ostiralean hasiko da Azkoitian, Ezkurdia eta Peña II.aren arteko partidarekin. Juan Martinez de Irujo eta Ekaitz Saralegi ez dira Joseba Ezkurdia eta Jokin Altunaren alboan izango txapelketa honetan.

Buruz Buruko txapelketa jokatuko duten pilotariak, Donostian egin den aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Buruz Buruko txapelketa jokatuko duten pilotariak, Donostian egin den aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Pilotaren historia modernoan lehen aldiz, txapelduna tartean ez dela abiatuko da, ostiralean Azkoitian, 2021eko Buruz Buruko txapelketa. Ezbairik gabe, gaur bertan alta eman dioten Erik Jakaren hutsunea izango da lehiaketa honen gauzarik deigarrienetako bat eta Baiko bere enpresak hala erabakita, Mikel Urrutikoetxea izango da bere zerrendaburu tokia beteko duen pilotaria. Aspaldiko partez pilotalekuetan bueltan izango direnak pilotarien konfiantzazko pilotariak izango dira, nahiz eta Ezkurdiak eta Jokin Altunak, esaterako, ez dituzten Juan Martinez de Irujo eta Ekaitz Saralegi izango aldamenean. Momentuz behintzat, publikorik ere ez da izango pilotalekuetan eta honek ere ez ditu oso gustura utzi pilotariak; Oinatz Bengoetxeak, esaterako, enpresek publikoa sartzeko «ahalegin» bat egin beharko luketela esan du.

Kirol kontuei dagokienean, txapelketa ostiral honetan hasiko da Azkoitian, Ezkurdia eta Peña II.ak jokatuko duten partidarekin, eta finala ekainaren 13rako dago iragarrita. Arbizuarrak lehen kanporaketa hau igaroko balu, iaz bezala, Jokin Altunaren aurka jokatu beharko luke final laurdenetan. Parte-hartzaileen artean beste berrikuntza, aspaldiko partez bi atzelariren parte hartzea izango da, Beñat Rezusta eta Binakako txapelketan horren lan bikaina egin duen Jose Javier Zabaleta. Bere azken txapelketa handia izan daitekeen Oinatz Bengoetxea eta Axier Arteaga izango dira, hurrenez hurren, Aspeko bi pilotarien arerioak. 

A Agirre/Artola (igandea Bilbo)—>Urrutikoetxea (maiatzak 22, Bilbo)

D Bengoetxea VI/ Rezusta (igandea, Bilbo)—> Elezkano (maiatzak 21, Idiazabal)

B Ezkurdia /Peña II (Ostirala Azkoitia)—>  Altuna (maiatzak 23, Donostia)

C  Zabaleta /Arteaga (larunbata Labrit)—> Dario(maiatzak 23, Donostia)