Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Txapelduna, txaloak eta zenbait botilero faltan botako dituzte

Historian lehen aldiz, txapelduna tartean ez dela abiatuko da bihar Azkoitian aurtengo Buruz Burukoa. Dagoeneko alta jasota etxean den Erik Jakaren elastiko gorria asko bota zen faltan aurkezpenean, baina egongo ez diren beste zenbait ere izan zituzten pilotariek gogoan.

Buruz Burukoan lehen aldiz, txapeldunaren elastiko gorria ez da aurkezpenean izan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Buruz Burukoan lehen aldiz, txapeldunaren elastiko gorria ez da aurkezpenean izan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Erik Jakaren hutsuneak sortutako tristurak –2019ko txapeldun Iker Irribarriak ere ezin izango du parte hartu– erabat baldintzatu zuen aurtengo Buruz Burukoaren aurkezpena, kamiseta gorririk gabe egin den lehena. Lizartzarra erabat osatuko den berriak lasaitu ederra eragin zuen aurkezpenean, baina argi dago txapelketa bera erabat baldintzatu dutela Jakaren osasun arazoek, hasteko, Mikel Urrutikoetxeak beteko baitu hari zegokion zerrendaburu tokia. Araudiari erreparatuta, Baikori zegokion iazko txapeldunaren ordezkoa aukeratzea eta Mikel Urrutikoetxearen alde egin du enpresak. Iazko emaitzei erreparatuta, Bilboko ordezkaririk onena zen Urrutikoetxea.

Lehiaketako A adarrean kokatu dute hortaz Zaratamokoa eta erabakiak izan du bere garrantzia, zozketan emandako emaitzaren ondoren Artola eta Agirreren arteko irabazlearen aurka jokatu beharko baitu 2015eko txapeldunak. Horri esker, Baikok finalerdietan ordezkari bat bederen izango duela ziurtatu du jada, iaz gertatu ez zena. Aspek, aldiz, ez zuen horrenbesteko zorterik izan, iaz gertatu bezala, itxura batean behintzat bere bi ordezkaririk indartsuenak diruditen Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak elkarren aurka jokatu beharko baitute final laurdenetan, betiere, noski, arbizuarra ostiral honetan Jon Ander Peñari irabazteko gai bada.

Baina txapela irabazteko hautagaien zerrenda ireki lezaketen Jaka eta Irribarria ez dira txapelketa honetan faltan botako diren bakarrak, momentuz behintzat, pilotazalerik ere ez baitute espero EPELeko ordezkariek Buruz Burukoan, nahiz eta beste zenbait esparrutan ari diren bide horretan aurrerapausoak ematen. Bere azken Buruz Burukoa izan dezakeen Oinatz Bengoetxeak, esaterako, enpresek frontoietara jendea sartu ahal izateko «ahalegina» egin behar dutela adierazi zuen. Nafarroan eta Errioxan mugekin eta segurtasun neurriekin pilotazaleek kantxetara gerturatzeko aukera izanda, Bengoetxeak ez daki enpresek nola ez duten planteatzen «partidak leku horietara eramatea. Ez dut ulertzen zergatik ez».

Antzera mintzatu zen Jokin Altuna ere. Amezketarrarentzat, hartu beharreko neurriak hartuta, pilotalekuak leku seguruak dira, bai behintzat publikoa hartzen ari diren beste zenbait leku beste. Bere aburuz, gainera, ez da kontu ekonomiko hutsa, pilotazaleek pilotalekuetara joateko ohitura galtzearen arriskua ere handia omen da oso.

Botileroak, bai baina ez

Arteaga eta Oinatz Bengoetxearen aurka aritu behar izango duten Zabaleta eta Beñat Rezustarekin atzelariak bueltan dira aurtengo Buruz Burukoan –iaz ez zen bakar bat ere egon eta, 2002an, esaterako, 13 izan ziren–. Zallan aurreko ostiraleko aurrekanporaketan ikusi ahal izan zen bezala, baita pilotarien konfiantzazko botileroak ere.

Unai Iglesias Baikoko ordezkariak azaldu zuenez, pilotarien eskaerari erantzuten dio aldaketa horrek. Hori bai, badira pilotazaleentzat benetan deigarriak diren bi salbuespen; Juan Martinez de Irujo eta Ekaitz Saralegi, normalean Ezkurdia eta Altunaren laguntzaileak, ez ditugu aurtengo txapelketan ere frontoietan ikusiko.