Oihane Irazu

Txorierri Ikastegia, lau hamarkada bizitzan ekintzaile izaten irakasten

Derion egoitza duen zentroak unibertsitate eta lan mundurako sarbidea errazten duen irakaskuntza duala eskaintzen du 1979. urteaz geroztik.

Txorierri Politeknika Ikastegiak hezkuntza eskaintza zabala du batxilergoan, erdi mailako lanbide heziketan eta goi mailako lanbide heziketan.
Txorierri Politeknika Ikastegiak hezkuntza eskaintza zabala du batxilergoan, erdi mailako lanbide heziketan eta goi mailako lanbide heziketan.

Lan munduan sartzea beti izaten da zaila, baina egia da lanbide heziketako ikasleek errazago daukatela oro har. Pentsa, egungo egoeran bertan ere, ikasleon laneratzea ez da pandemiaren lehen hilabeteetan espero zen bezain zaila izan.

“InfoJobs Esade 2020” txostenean argiratutakoaren arabera, enplegu atari horretan erregistratutako eskaintza guztien %15ek bakarrik eskatzen zuten unibertsitate titulua izatea, eskaintzen %44k lanbide heziketa ikasi izana eskatzen zuten bitartean. Enplegu eskatzaileen  artean, berriz, %36k zuten unibertsitate titulua. Datuok agerian uzten dute lanbide heziketako ikasketak egin eta gero, lanean aritzeko aukerak handiagoak direla unibertsitate ikasketak egin ostean baino.

Txorierri Politeknika Ikastegian, 1979tik, unibertsitate eta lan mundurako sarbidea errazten duen irakaskuntza duala eskaintzen dute, instalazio apartetan eta baliabide tekniko onenekin. Hori guztia lantalde bikainaren eskutik eta Kooperatiba Elkarte Integral formulapean kudeatuta, eskualdeko udalei, enpresei, sendiei, ikasleei eta zentroko langileei bazkide izatea ahalbidetuz.

Batxilergoko, erdi mailako lanbide heziketako eta goi mailako lanbide heziketako hezkuntza eskaintza zabala dute. Erdi mailako lanbide heziketan, Mekanizazio Gradua eskaintzen dute. Goi mailakoan, Salmenten eta Merkataritza Esparruen Kudeaketa, Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola, Telekomunikazio eta Informatika Sistemak, Automatizazioa eta Robotika Industriala, Produkzioaren Programazioa eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinua.

Ekintzailetza

Aipatutako hezkuntza eskaintzaren barnean, Txorierri Ikastegian ekintzailetza azpimarratzen dute eta ekintzailetzaren garrantzia aldarrikatzen du Josu Orbe zuzendariak. Bere iritziz, ikastetxeak ekintzaileak bultzatzen ditu, hau da, kultura ekintzailea. «Alde batetik, argi dago ekintzailetza ez dela bakarrik enpresa bat sortzea, baizik eta bizitzaren garapenaren aldetik bakoitzaren promotorea izatea, ikasle bakoitzak bere bizitzaren agindua edukitzea. Gainera, ikusi dugu pertsona ekintzaile bat beste arloetan ere ekintzailea dela», dio Josu Orbek.

Ekintzailetza lantzeko, EJE proiektua dute martxan. Metodologia berritzailea da, eta ‘Enpresa Txikiaren Administrazio eta Kudeaketa’ eta ‘Enpresa eta Ekimen Ekintzailea’ irakasgaietan lantzen dute, enpresa simulatuak eratuz.

Arlo horretan, tutoretzak ere garrantzitsuak direla azaldu du zuzendariak. Tutoretzetan ikasleen garapen pertsonala bultzatzen dute, bakoitzak bere etorkizunaren agintea hartzearen alde eginez. Era berean, instituzioek ekintzaileen inguruan egiten dituzten programei bidea ematen diete.

Adibidez, World Planaren  baitan Bilbo inguruko hiru ikastetxe batzen dira eta kooperatiba edo elkarte laboralak sortzen dituzte. Izan ere, Txorierri Ikastegiko zuzendariaren esanetan, egia bada ere lanbide heziketa ikasten dutenak berehala hasten direla lanean –ikasleen %85ek aurkitzen dute lana ikasketak amaitu eta gero (pandemia garaiotan kenduta)–, argi dago «bizitzak buelta asko» ematen dituela.

Josu Orbek azpimarratu duenez, «batzuetan ikasleak sartzen dira itsaso batean non ez baduzu zure agintea hartzen, zure gaitasunak ez badituzu zehazten, aukera pilo bat galdetzen dituzun. Eta beti egongo zara beste baten agindupean». Horregatik dio garrantzitsua dela ekintzailetza bultzatzea.

Lanbide heziketa duala ere eskaintzen dute Txorierri Ikastegian. Helburu nagusia ikasleen kualifikazio profesionala da, honako arloak landuz:

–Prestakuntza hobetzea eta ikasleen motibazioa areagotzea.

–Enpleagarritasuna erraztea eta ikasleei enplegua eskuratzen laguntzea.

–Enpresen lehiakortasunaren hobekuntza bultzatzea.

–Enpresak lanbide heziketarekin duen lotura eta beraren erantzunkidetasuna handitzea.

–Lanbide heziketako irakasleen eta sektoreko enpresen arteko harremana sustatzea eta ezagutzaren transferentzia bultzatzea.

–Ikasleekiko harremanetatik ikastea eta lanbide heziketa hobetzea.

Txorierri Politeknika Ikastegian oso barneratuta daukate euren ikasleei ez dizkietela bakarrik gaitasunak eskaintzen, baizik eta pertsona moduan garapen integrala lortzeko laguntza eskaintzen dietela. Baina batzuetan ez da erraza ikasleei euren bizitzaren agintea eurek eduki behar dutela transmititzea, batez ere batzuk oso gazte, hamasei urterekin, sartzen direlako ikastegian. Adin horretan ikasleei euren bizitzen agintea eskuratzea zaila iruditzen zaiela onartu du Orbek.

Pandemiaren eragina laneratze mailan

Pandemiaren ondorioek arlo guztietan eragina izan dutela esan daiteke. Baina lana bilatzeko orduan eragin zuzen-zuzena izan duela zalantzarik ez da. Txorierri Ikastegian bertan ere nabaritu dute, baina, hori bai, ez hasiera batean espero zuten beste. Ikasturte normal batean, ikasleen %84 sartzen da lan munduan ikasketak amaitu eta gero. Bada, 2020-2021 ikasturtearen amaieran, pandemia dela eta, ikasleen %66k lortu dute lan munduan sartzea.

Josu Orbe zentroko zuzendariaren esanetan, pandemiak arlo guztietan ekarri ditu ondorioak, enpresetan lan egiteko moduan edo ikasleei klaseak emateko moduan kasu. Izan ere, azken finean, gizarteak egokitu beharra izan du pandemiari aurre egin eta aurrera egiteko. Zailtasunak zailtasun, baina, Txorierri Ikastegian pozik daude, ikasleen laneratzean izandako beherakada ez delako espero bezain handia izan eta hurrengo ikasturtean egoerak hobera egitea espero baitute.