Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bera Bera buru-belarri jarri da datorren asteko Kopara begira Rocasari 21-28 irabazita

Behin Liga irabazita, Super Amara Bera Berak beste helburu bat du: ostiral honetan jokatu duen pista berean Kopa altxatzea datorren astean. Rocasaren kontra 21-28 irabazi du eta erronka horretan pentsa dezake jada.

Adriana Cardoso ez da aspertu golak sartzen eta Rocasari zortzi egin dizkio. (BERA BERA PRENTSA)
Adriana Cardoso ez da aspertu golak sartzen eta Rocasari zortzi egin dizkio. (BERA BERA PRENTSA)

Aurreko astean Super Amara Bera Berak zazpigarren Liga altxatzeagatik sortutako jai-giroa gehiegi luzatuko zuela pentsatzen zutenek oso oker zeuden. Imanol Alvarezen jokalariek, berriro ere, oso entxufatuta daudela baieztatu dute ostiral honetan, Rocasaren etxean, Telden (Kanaria Handia) –Kopa bertan jokatuko da hilaren 21etik 23ra bitartean eta Malaga izango da lehen aurkaria–, Ligako azken-aurreko jardunaldian 21-28 irabazita.

Lehen zatiaren erdialdean, zortzi minututan egindako 0-6ko partzial batek arindu du garaipena. Egia esateko, hasiera-hasieratik erakutsi dute gipuzkoarrek garaipenaren bila joan direla Teldera. 23. segundoan 0-2 zihoan jada Imanol Alvarezen taldea Maitane Etxeberriaren bi golei esker.

Hori bai, etxekoek, minutu batean, buelta eman diote markagailuari 3-0eko partzial batekin. Hortik 11. minutura bitartean partidak oreka bat mantendu du; golak ate batean eta bestean sartzen ziren –lau berdinketa egon dira tarte horretan, 3-3, 4-4, 5-5 eta 6-6–.

Lehen zatiaren erdialdean, ordea, Bera Berak beste martxa bat sartu eta 0-3ko partzial batekin hiru goleko errenta lortu du (6-9, 15. minutua). Hutsartea eskatu du momentu horretan Rocasako prestatzaileak, baina donostiarrak bereak egiten jarraitu dute. Adriana Cardosok eta Laura Hernandezek, bi aldiz gainera, 6-12koa ipini dute, partziala 0-6ra igoz.

Orduan suspertu dira kanariarrak, hiru gol jarraian eginda (9-12, 21. minutua). Hiru minutu geroago eskatu du hutsartea Imanol Alvarezek. Ermuakoak ez zuen gol errenta galdu nahi eta jokoa gelditu du.

Gainera, kolpe galanta hartu dute Mariane Fernandes eta Maitane Etxeberriak, baina biak indartsu itzuli ahal izan dira pistara. Pentsa, brasildarrak bost gol egin ditu ondoren.

Atseden pixkat hartuta eta entrenatzailearen hitzak entzunda, Adriana Cardosok neurketako bere bosgarren eta seigarren golei eta Manuela Pizzoren beste bati esker 9-15ekoa ipini du Bera Berak markagailuan. Berriro sartu dira partidan donostiarrak atsedenaldirako bost minuturen faltan.

Seynabou Mbenguek eta Haridian Rodriguezek markagailua txukundu ahal izan dute atsedenaldira 11-15 joateko.

Bigarren zatian Bera Bera izan da lehena jotzen, Pizzo eta Fernandesen golei esker. Baina segituan esnatu da jipoitik etxeko taldea, beste bi golekin.

Hori bai, minutuak joan ahala, gipuzkoarrek zazpi goleko errenta eskuratu dute (14-21, 44. minutua) eta aurrerago zortzikoa ere izan da (15-23 eta 16-24 50. minutua).

Errenta horrekin jokatzen jakin du Imanol Alvarezen taldeak, eta etxekoak markagailuan gerturatzen zirela ikusi bezain laister, Ermuako entrenatzaileak hutsartea eskatu du joko bolada gelditzeko (52. minutua, 18-24).

Bost golera ere gerturatu da Rocasa sei minuturen faltan, baina ilusio bat besterik ez da izan. Bera Berak erritmoa handitu eta azkenean 21-28 irabazi eta Kopa du buruan dagoeneko.

Zuazo, lidertzaren bila

Zubileta Evolution Zuazok larunbat honetan jokatuko du Ligako azken-aurreko partida. Bizkaitarrek bisita egingo diete 20.00etan Conservas Orbe Rubensa Porriñori, momentu honetan bere taldeko liderrari, alegia.

Joseba Rodriguez “Haito”-ren jokalariek, behin salbazioa ziurtatuta aurreko asteburuan, lasaitasun gehiagorekin jokatu ahal izango dute. Hori bai, irabaziz gero lider jar daiteke Zuazo. Momentu honetan 18 punturekin berdinduta daude Porriño, Tenerife eta Zuazo, orden horretan.

Hala ere, Zuazoko entrenatzaileak atarikoan jakitera eman duenez, kluba datorren denboraldian pentsatzen hasi da jada, bai bulegoetan eta bai kirol arloan ere. Eta horrek esan nahi du azken bi partidetan minutu gehiago emango dizkiela gutxiago jokatu duten jokalariei. Horrez gain, «sistema berriak» ere probatu nahi ditu Haitok.