Asier Aiestaran

Hiru domina gehiago pistako euskal txirrindularientzat Hong Kongen

Brontzezko dominak kolkoratu dituzte Tania Calvok Scrath proban, Eukene Larrartek Kanporaketa proban eta Juan Peraltak Kilometroko Erlojupekoan. Nafarrak zilarra jantzi zuen ostegunean Taldekako Abiadura proban Ekain Jimenez ere taldean zela. Lau domina irabazi dituzte jada euskaldunek.

Eukene Larrarte tolosarra, sari banaketa ekitaldian besoak jasotzen (RFEC)
Eukene Larrarte tolosarra, sari banaketa ekitaldian besoak jasotzen (RFEC)

Nazioen Kopako lehen proba ari da jokatzen egunotan Hong Kongeko belodromoan, eta Espainiako selekzioarekin bertan lehiatzen ari diren lau euskal txirrindulariek jada dominaren bat irabazia dute. Juan Peraltak ostegunean zilarra kolkoratu zuen Taldekako Abiadura proban, Ekain Jimenez ere taldean zela, eta emaitza horri beste hiru domina gehitu dizkiote gaurko jardunaldian, hirurak brontzezkoak: Tania Calvok Scrath proban, Eukene Larrartek Kanporaketa proban eta Juan Peraltak Kilometroko Erlojupekoan.

Lehian sartzen lehenak Juan Peralta eta Ekain Jimenez izan dira Kilometroko Erlojupekoan, sailkapen proban. Nafarra hirugarren izan da denborarik onena markatu duen Muhammad Mohdengandik (1:01.117) 1’234 segundora eta oiartzuarra bosgarren 2’216ra, biek finalerako sailkapena lortuz.

Finalean, urrezko domina Felix Gross alemaniarrarentzat izan da 1:00.774ko denborarekin, bigarren postuan Muhammad Mohdek amaitu du (0’998 segundora) eta Juan Peraltak hirugarren izan da 1’399ra. Ekain Jimenez seigarren geratu da 2’742 segundora.

Final horren aurretik iritsi da eguneko lehen domina euskaldunentzat, Tania Calvok Scratch proban lortu duena. Txirrindulari arabarra hirugarren izan da Tatsiana Sharakova bielorrusiarraren eta Yumi Kajihara japoniarraren atzetik.

Eta eguna amaitzeko, Eukene Larrarte tolosarrak ere brontzezko domina irabazi du Kanporaketa proban. Hor onena Yumi Kajihara japoniarra iazn da (Scratch proban zilarra jantzi duen ziklista bera) eta bigarren postua Verena Eberhardt austriarrarentzat izan da.

Larunbatean berriz lehiatuko dira hiru euskal txirrindulari: Tania Calvo bakarkako Jazarpen proban arituko da, Ekain Jimenez keirin proban eta Eukene Larrarte Omnium proban.