NAIZ

Jantziaren Zentroak ateak zabalduko ditu berriz, teknologia berriak eta tradizioa uztartuta

Errenteriako Jantziaren Zentroak larunbat honetan irekiko ditu berriro ateak. Erakusketa iraunkorra aldatuta, 360º-ko proiektua da aurtengo berrikuntza. Horrez gain, Museoen Egunarekin bat eginez, maiatzaren 23an, Iraultza Dantza Taldearen 50 urteen erakusketaren bisita komentatua doan egingo da.

Errenteriako Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkor berriaren zati bat.
Errenteriako Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkor berriaren zati bat.

Errenteriako Kapitain-etxea larunbat honetan zabalduko dute berriz. Jantziaren Zentroa hamabost egunez itxita egon da erakusketa iraunkorra aldatzeko lanengatik. Urte osoan ikusgai egongo den proposamenak berrikuntza dakar: jantzia 360 gradutan ikusteko aukera.

Modaren historian jantziek izan duten bilakaera modu kronologikoan ikusten ahalko da, lehen solairuan hasi eta bigarrenean amaituta. 35 jantzi dira guztira, ia guztiak emakumezkoenak, XVIII. mendean hasi eta 1970 urtera bitartekoak.

Bigarren solairuan emakumezkoen barruko arropei tarte berezia eskaini diete oraingoan. Bost manikitan kortseak, armazoiak, pololoak, mediak… 1895 urtetik 1920 urtera bitarteko lentzeria erakutsiko dute. Aretoaren paretetan metroko luzera duten hiru argazki zuri-beltz handi jarri dituzte. XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako hiru emakumezko ageri dira horietan, barruko arropa soinean dutela.

Jantzia 360º-tan ikusteko aukera

`Sisu 360 Photo´ enpresaren lanaren bitartez, lau jantzi bira osoan ikusteko aukera eskainiko du Errenteriako Jantziaren Zentroak. Jantzi bakoitza oinarri birakari baten gainean jarrita bereizmen handiko 36 argazki atera dizkio aipatutako enpresak, hamar graduko bana. Horiek guztiak jarraian ikusiz, jantzia bira osoan ageri zaigu. Horretarako areto bakoitzean bi tablet jarri dituzte bisitariak bakoitzean jantzi bana ikus dezan.

Xehetasun ugari edo lan handia duten soinekoak aukeratu dituzte horrela erakusteko, estalita geratzen den alde hori, jantzia sortzerakoan jostunak egindako lan ezkutu hori ikus dezagun.

Museoen Nazioarteko Eguna

Maiatzaren 23an, igandez, Jantziaren Zentroak Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, bisita komentatua eskainiko du doan. Uneotan sarrerako aretoan ikusgai dagoen Iraultza Dantza Taldearen jantzien inguruko azalpenak izango dira. 12.00etan eta 13.00etan euskaraz, eta 12.30 eta 13.30ean gaztelaniaz egingo dituzte.

Covida tarteko edukiera murriztua izango denez, aurrez izena eman behar da parte hartzeko, Errenteriako turismo bulegora deituta (943 49 45 21) ala jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita.

Iraultza Dantza Taldearen 50. urteurrena

Kapitain-etxearen sarreran uneotan Errenteriako Iraultza Dantza Taldearen mende erdiko ibilbidea jasotzen duen erakusketa dago. Ekainaren amaiera bitarte, dantzarako 1971. urtetik gaurdaino erabilitako hainbat jantzi ikus daitezke. Horrez gain, pantaila handi batean jarritako ia mila argazkik Errenteriaren mende erdiaren historia gogoratzeko aukera ematen dute.