NAIZ

Migratzaileei muga «ilegalki» gurutzatzen lagundu dituen mugalari bat atxilotu dute

280 migratzaileei muga «ilegalki» gurutzatzen lagundu dituen mugalari bat atxilotu dute Hendaian maiatzaren 1ean. Poliziaren arabera, gurutzatzen laguntzen zuen pertsona bakoitzari 100 euro kobratzen zizkion.

Irun eta Hendaia arteko muga. (Gorka RUBIO/FOKU)
Irun eta Hendaia arteko muga. (Gorka RUBIO/FOKU)

Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadak eta Hendaiako Aire eta Mugetako Poliziak 280 migratzaile baino gehiagori muga «ilegalki» zeharkatzen laguntzeagatik akusatutako pertsona bat atxilotu zuten maiatzaren 1ean Hendaian.

Ikerketa polizialaren arabera, gizona Irunen bizi zen eta migrante gehienak Gurutze Gorriak Arretxe Gainan kudeatzen duen harrera zentroaren atarian jasotzen zituen. Migratzaileak bere auto partikularrean Hendaiara eramaten zituen, Santiago eta Pausuko zubietan polizia frantsesaren kontrolak gaindituz. Iturri berdinen arabera, migratzaile bakoitzari 100 euro kobratzen zizkion muga pasatzeagatik, horrenbestez, 28.000 euro irabazi zituen.

Hori dela eta, dagoeneko Frantzian epaitu dute eta urtebeteko kartxela zigorra betetzen ari da Baionako espetxe batean. Gainera, aske geratuko denean hiru urtez debekatua izango du frantses Estatuan sartzea.

Irungo Harrera Sareak mugen itxierak «mafiak eta egoera kaskartzen duten mugalarien jarduera» ahalbidetzen duela ohartarazi du azken hilabeteetan.

Irungo Harrera Sarea, Cimade, Etorkinekin, Diakite eta Bizi elkarteek eskualdeko manifestaldia deitu dute maiatzaren 29an arratsaldeko 17.00etan «Euskal Herria, Harrera Herria. Inor ez da ilegala» lelopean. Bi zutabeko manifestaldia egingo dute, bata Irungo udaletxetik eta bestea Hendaiako herriko etxetik abiatuko dira eta mugan elkartuko dira.