NAIZ

Kontseilua gizarte eragileekin bildu da, euskararen aurkako erasoei aurre egiteko

Kontseilua hainbat eragile politiko eta sindikaletako ordezkariekin bildu da ostegun honetan, euskararen aurkako azken erasoen inguruan duen kezka partekatzeko. Datorren larunbateko kontzentrazioaz gain, idazkari nagusi Paul Bilbaok «etorkizunerako bateratua» artikulatzeko beharra nabarmendu du.

Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbao joan zen asteleheneko agerraldian. (Jon URBE/FOKU)
Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbao joan zen asteleheneko agerraldian. (Jon URBE/FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluko zenbait zuzendaritzakidek bilera egin dute gaur arratsaldean hainbat eragile politiko eta sindikaletako ordezkariekin, asteleheneko agerraldian aurreratu bezala. Bertaratu ez diren beste eragile batzuekin ere aurretik hitz egiteko aukera izan dute erakundeko ordezkari nagusiek.

Lehenik eta behin, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Irungo udaltzain izateko euskara jakin beharra baliogabetzen duen epaiaren irakurketa egin du eragileekin: «Bi elementu nagusi azpimarratu nahi izan dugu. Batetik, epai politikoa dela inolako justifikazio juridikorik ez duelako azaldu, eta bestetik, epaia ezin dela modu isolatuan ulertu. Aitzitik, azken boladan epaitegietatik hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetzeko datorren inertziaren barruan kokatu behar da», esan du.

Izan ere, Kontseiluaren ustez, azken boladan auzitegi desberdinetatik ari dira euskaldunen eta bestelako hizkuntza gutxituetako hiztunen aurkako erabakiak iristen; dela EAEko Justizia Auzitegi Nagusitik, dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik, Kataluniakotik edota Auzitegi Gorenetik.

Horrela, Kontseiluko eledunak azken boladan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileen kezka partekatu nahi izan du sindikatu eta alderdi politikoekin. «Ohartzen ari gara botere judiziala bete-betean sartzen ari dela hizkuntza-politikaren kudeaketan. Are gehiago, egungo araudia jurisprudentziaren bidez aldatzen ari da herritarren hizkuntza-eskubideak are gehiago murriztuz», azaldu du Bilbaok.

Aurrera begira batera jo beharra

Horrela, Kontseiluak etorkizun hurbilari begira erasoei aurre egiteko estrategia bateratuaren beharra mahai gaineratu du. Bilbaok adierazi bezala, «azken egunotan ikusi dugu gizartea haserre dagoela gertatutakoarengatik, eragile politikoak, sindikalak, euskalgintzakoak... eskubide murrizketei amaiera eman behar zaiela aldarrikatzen ari dira». Bide horretan, konpromisoa hartu du jada Kontseiluak: «Larunbateko elkarretaratzeaz gain, beharrezkoa da etorkizunari begira estrategia bateratua artikulatzea, eta Kontseiluak horri begira proposamena egiteko konpromisoa hartu du».