Zaldibarko hondamendiaren erantzukizunak saihestu nahi izatea leporatu diote Lakuari

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu plataformak «erantzukizunak saihestu eta gaia gainetik kendu nahi izatea» leporatu diote Lakuako Gobernuari. Manifestazioa deitu dute larunbatean Zallan.

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu plataformak «erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa dela» adierazi dute gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan. Izan ere, maiatzaren 14an, Verter Recyclingeko zabortegia hondoratu eta 15 hilabetera, Lakuako Gobernuak Joaquin Beltranen gorpuzkiak aurkitu gabe bilaketa etetea erabaki zuen. Hala ere, afera ez dela hor amaitzen argi utzi dute Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argituk.

«Erantzukizunak saihestuz eta Veter Recycling errudun bakar gisa aurkestuz», gaia «gainetik kendu» nahi izatea leporatu diote Lakuako Gobernuari. Hildako langileen gainean enpresak «erantzukizun zuzena» duela azpimarratu dute prentsaurrekoan baina, era berean, administrazio publikoek eta patronalak ere erantzukizuna dutela gogoratu dute.

«Zaldibarko zabortegian urteetan zehar agerikoa izan da kontrol falta; eta Eusko Jaurlaritzak eta Ingurumen Sailak ez zuten ezer egin. Gainera, bertan egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean, eremu publikoak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa izan du», nabarmendu du Endika Perezek eragileen izenean.

Ildo horretan, gogoratu dute azken egunetan epaitegietara bidalitako txostenek esaten dutenez, Zaldibarreko zabortegia 2016tik «arrisku larrian» zegoela eta urte hauetan guztietan «ez direla beharrezkoak neurketak eta kontrolak egin».

Horren aurrean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Iñaki Arriola sailburuak «ardura politiko zuzena» dutela adierazi dute, «are gehiago enpresaren eta hainbat kargu politikoren artean dagoen harreman zuzen kontuan hartzen badugu».

Administrazio publikoaren azpikontratazio politikak «langileongan ondorio zuzenak» dituela salatu dute ere: «Administrazio publikoak ez du egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak hartzen».

Mobilizazioa hilaren 22an Zallan

Guzti hau salatzeko eta Joaquin Beltranen familiari «babes eta elkartasun osoa adierazteko», Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten gehiengo sindikalak eta eragile sozialek manifestazioa deitu dute larunbat honetan, hilak 22, 18.00etan Zallan.

Era berean, oraindik ez dela ezer bukatu argi utzi dute eragileek: «Honek luze joko du; epaitegietan, erakundeetan, mobilizazioetan... Gu prest gaude gure lana bururaino eramaten, gutxienez erantzukizunak argitzeko eta hondakinen kudeaketa aldatzeko».