Asier Aiestaran

Antonio Oliden handiaren biografia, arrauna kirola baino gehiago zen garaiko testigantza

Gaur aurkeztu dute Orion "Antonio Oliden ‘Konpaxa’, arraunlari eta patroi" liburu biografikoa. Kontxa hamaika aldiz irabazteagatik da famatua Ortzaikakoa, baina ekitaldian argi geratu denez, kiroletik haratago doa Olidendarren garrantzia.

Aurkezpenean parte hartu duten kideak liburua erakusten. (Asier AIESTARAN)
Aurkezpenean parte hartu duten kideak liburua erakusten. (Asier AIESTARAN)

Xibarit argitaletxeak Antonio Oliden “Konpaxa” protagonista duen liburua argitaratu berri du kirolari ohiei zuzendutako Jentilak bere bildumaren barruan. Testuak Alvaro Bermejo donostiarrak idatzi ditu eta argazkiak Joseba Urretavizcaya tolosarrarenak dira, diseinua eta argitalpenaren beste xehetasun denak bezalaxe.

Orioko Arraun Elkartearen egoitzan egin dute gaur aurkezpen ekitaldia eta, bi egileekin batera, bertan izan dira Orioko alkatea, Anuska Esnal, eta Arraun Elkarteko presidentea, Iosu Esnaola. Kuriositate moduan aipatu behar da Anuska Esnal alkatea Oliden familiako kidea dela –bigarren abizena du Oliden– eta liburuaren hitzaurrea berak idatzi duela.

Antonio Olidenek, aldiz, ezin izan du aurkezpenean egon. Ortzaikako arraunlari eta patroi ohia 1926ko otsailaren 8an jaio zen, 95 urte ditu gaur egun, eta bere osasun egoera nahiz pandemia egoera orokorra kontuan izanda gaurko hitzordura ez gerturatzea hobetsi dute.

Palmares soila baino gehiago

Antonio Olidenek arraun munduan izandako kirol ibilbidea ezin da lerro gutxi batzuetan laburtu. Arraunlari eta patroi bikaina izandakoa, bere garaipen zerrenda sekulakoa da hainbat talde desberdinetan. Lorpen denen gainetik Kontxan irabazitako hamaika banderak nabarmendu behar dira, hamar arraunlari lanetan eta beste bat patroi moduan, baina Espainiako Traineru Txapelketa ere bost aldiz irabazi zuen, esaterako.

“Konpaxa”, ordea, arrauna kirol hutsa baino askoz gehiago zen garai bateko azken ordezkarietako bat dugu, eta bere 35 urteko ibilbide luzean izandako gora-behera eta anekdota guztiek argi erakusten dute hori.

Alvaro Bermejo egileak, esaterako, Antonio Olidenen izaera nabarmendu nahi izan du, eta adinean aurrera joan arren erakutsi izan duen bizi indarra. «Bere Lasarteko etxe txikian hartu ninduen eta sukaldean eserarazi, bera zutik zela. 93 urterekin eta galtza motzetan. Lotsa eta dena ematen zidan», gogoratu du idazleak.

Eta izaera horretan, beste oriotar batekin konparaketa egin du Bermejok: «Nik Jorge Oteiza ere ezagutu nuen, eta sekulako antza hartu nion. Fisikoki nahiz metafisikoki. Begiradaren indarra, gauzak zorrotz esateko modua… Gogoratzen naiz Oteiza nola jarduten zen arraunean bere Zarauzko etxean. Asko maite zuen arrauna eta Arantzazuko bere 14 apostoluak ere traineru bateko kideekin harremantzen zituen».

«Arrauna kultura da»

Anuska Esnal alkateak, bere aldetik, arrauna kultura dela aldarrikatu du, ez soilik kirola, eta Oliden familiak egindako lana, ez arraunean bakarrik, behar den bezala aitortzeko garaia dela. «Antonio Konpaxaren bizitzak nondik gatozen gogorarazten digu. Altxor bat da, gure herriko ondarea, balio neurtezineko transmisioa», dio bere hitzaurrean, Orioko herriak Oria ibaiarekin izan duen harremanaren erakusgarri.

Iosu Esnaolak, azkenik, azpimarratu du Orioko arraunaren historia letra handiz idatzi duten pertsonen lana aitortu eta goraipatu beharra dagoela, eta berak gidatzen duen zuzendaritza batzordea gogoz saiatuko dela horretan.

Onartu du oraintsu arte ez zuela Antonio Oliden ezagutzeko aukera izan, baina esperientzia benetan pozgarria izan dela beretzat bisita egin eta harekin hitz batzuk egin ahal izatea. Gaineratu duenez, liburua amaituta ikusteko aukera ere izan du Antoniok aste honetan, eta oso pozik hartu zuen lana esku artean. «Askotan omenaldiak hil eta gero egiten zaizkio jendeari, baina kasu honetan zorionez berak ikusteko aukera izan du», eskertu du Esnaolak.

Liburuak 81 orrialde ditu, gaur egungo eta aintzinako argazkiak tartekatzen ditu testuarekin, eta diseinu oso erakargarria du, tapa gogor eta kalitatezko paperarekin. Hontza, Zubieta edo Donostia liburu dendetan aurkitu daiteke Donostian, printzipioz 33 euroko prezioan, eta www.xibarit.com webgunean ere eros daiteke.