Eibarrek errematea nahi du Valentziaren kontra

Unben larunbat honetan jokatuko den partidan garaipena lortzeak erabateko bultzada emango lioke Eibarri mailari eusteko. Valentziaren bisita hartuko du. Armaginek ez dute golik sartu azken bi jardunaldietan.

Eibarrek lehen itzuliko partida galdu zuen Valenciaren kontra. (LaLiga)
Eibarrek lehen itzuliko partida galdu zuen Valenciaren kontra. (LaLiga)

Eibarrek Valentziaren bisita hartuko du larunbat honetan Unben (12.00). «Errematea» izango litzateke gako-hitza armaginentzat, alde batetik golik ez dutelako egin azken bi partidetan eta, bestetik, garaipen batekin denboraldia «errematatu» dezaketelako. Hiru puntuak ez lirateke nahikoak izango mailari matematikoki eusteko baina bost puntuko gutxieneko aldearekin helduko lirateke Ligako azken hiru jardunaldietara.

Iker Dorronsorok berak onartu du «helburua gertu» daukala bere taldeak «baina errematatzea falta» zaiela. Egutegiak beste aukera on pare bat eskeiniko dio Eibarri –EDF Logroño azken sailkatua bisitatuko du eta Huelvako Sportingen aurka jokatuko du Unben denboraldia Bartzelonaren aurka amaitu aurretik– baina aurkari zuzenen bi partida horiei lasaitasunez ekiteko, argi dauka entrenatzaile gipuzkoarrak zein nolako garrantzia duen larunbat honetako norgehiagokak.

Baita zein nolako zailtasuna izango duen biharko partidak ere, nahiz eta aurreko astean Betisen aurka galdu, Valentzia oso bigarren itzuli ona egiten ari baita. «Talde gaztea eta oso ona da –esan du Dorronsorok–. Futbolean ondo jokatzen du. Talde oso dinamikoa da eta baloia konbinatzen saiatzen da. Kalitate handiko jokalariak ditu barrutik, asko saiatzen da baloia barrutik jokatzen baina luze jokatzen ere badaki. Aurkariaren estilora moldatzen ere badaki, uneren batean egin behar badu».

Horren aurka, ohiko formula erabiltzen saiatu beharko dira eibartarrak, intentsitatea eta konzentrazioa. «Intentsitate eta laguntza asko egon beharko dira», esan du beren entrenatzaileak.

31. jardunaldia

Igandean, Realaren eta Athleticen txanda helduko da. Txuri-urdinek Atleticoren bisita hartuko dute Zubietan (14.00, Gol) eta bizkaitarrek amaiera emango diote aste gogor honi Real Madrilen kontra Lezaman jokatuko duten partidarekin (11.30, Teledeporte). Realak eskertuko luke zuri-gorrien «mesedea», Real Madrilek garaipena lortuz gero, matematikoki eskuratuko bailuke Txapeldunen Ligarako txartela. Realak berak ez badu Atletico gainditzen, Levantek hirugarren postua ziurtatzeko aukera edukiko luke Madrid CFF taldeari egingo dion bisitan irabaziz gero.

Larunbata
Madrid CFF - Levante, 11.00
Eibar - Valentzia, 12.00
Betis - Rayo Vallecano, 13.00 (Vamos)
Espanyol - Bartzelona, 14.00 (LaLigaSportsTV)

Igandea
Athletic - Real Madril, 11.30 (Teledeporte)
UD Granadilla - Sevilla, 12.00 (Gol)
Huelvako Sporting - Deportivo, 12.00
Santa Teresa - EDF Logroño, 12.00
Reala - Atlletico Madril, 14.00 (Gol)