Maite Ubiria

Hizkuntza gutxituen aurkako gerra deklarazioaren aurrean euskalgintza eta hautetsiak elkarrekin

Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua publikoan eta pribatuan antikonstituzionaltzat jo duela salatzeko euskarazko hezkuntza eragileak eta erakundeetako ordezkariak elkarrekin agertu dira, ebazpena ez dutela onartzen adierazteko. Hilaren 29an manifestazioa izanen da Baionan.

Euskararen Erakunde Publikoan eragile eta hautetsiek eskaini prentsaurrekoa. (Guillaume FAUVEAU)
Euskararen Erakunde Publikoan eragile eta hautetsiek eskaini prentsaurrekoa. (Guillaume FAUVEAU)

Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) egoitzan elkartu dira erakundeetako ordezkariak eta euskarazko hezkuntza eragileak. Elkarrekin euskararen eta beste hizkuntza gutxituen alde borrokatzeko prest agertu dira, Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionaltzat jotzen duen ebazpena ez dutela onartzen esatearekin batera.

Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoaren hizkuntza politikarako presidenteordeak erabaki «larria, eskandalagarria eta jakobinoa» salatu du.

Bere erranetan Kontseilu Konstituzionalak bazituen beste aukerak, hala nola 61 diputatuek aurkezturiko helegiteak sortzen zituen zalantzak ikusita ahal zuen eskaera baztertu.

Bigarren aukera bazen ere, bere esanetan, diputatuek planteaturiko zalantzei erantzutea soilik. Alta, «dena auzian» emateko bidea harturik murgiltze eredua eta hezkuntza sare guztiek egiten duten lana jarri ditu jomugan. «Biziki haserre gaude, erabaki larria, eskandalagarria, jakobinoa delako», gaineratu du.

Are, Euskal Elkargoaren hizkuntza politikaren arduradunaren ustez EEPk berak garatzen duen lana zalantzan da erabaki horren ondorioz. «Erabaki arriskutsua hartu da hizkuntza gutxituen kontra» nabarmendu du Curutcharryk.

Max Brisson senatariak Auzitegi Konstituzionalak hartu duen ebazpenaren ardura Hezkuntza Ministerioari egotzi dio. Eskualde hizkuntzen aurkako erasoa irmoki salatu du. «Ez dugu onartzen» adierazi du, eta murgiltze ereduaren alde jarraituko duela lan eginez gaineratu du.

Senatariak zera erantsi du: «Diferenteen arean lan egitea da gure lurraldeari indarra ematen diona, zaindu dezagun elkarlana, jarraitu dezagun bidea egiten».

Macronen gehiengoaren partaide den MoDem alderdi zentristako diputatu Vincent Bruk azaldu duenez, «erabaki katastrofikoa» da. Konfiantza eta kontsentuaren bidea hautsia izan dela nabarmendu du, Hezkuntza Ministerioaren esku-hartzea salatuz.

Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko proposamena

Asanblea Nazionalean legearen aurkezlea izan zen Paul Molac diputatu bretoiak publikoki adierazi duen mezuaren bidetik, Vincent Bruk Konstituzioa aldetzeko proposamena aurkeztea galdegin dio Emmanuel Macron frantses presidenteari.

Frantsesa Errepublikako hizkuntza dela adierazten duen 2. artikulua aldatzeko premia azpimarratu du, hizkuntza gutxituen garapena bermatu ahal izateko.

«Labankada bat da lurraldearen kontra eta baita herritarren aurka» hitzekin baloratu du Mathieu Berge Akitania Berria Eskualdeko kontseilariak Kontseilu Konstituzionalaren ebazpena.

Benedicte Luberriagak, Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseilariak, kezka agertu du eta ordezkatzen duen erakundearen izenean hizkuntza gutxituen alde lanean jarraitzeko engaiamendua berretsi du.

Etchegaray: «Irakurketa infinitoki jakobinoa»

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak Molac Legeak gehiengo handia bildu zuela oroitaraziz hasi du bere hitzartzea. Lurralde hizkuntzen defentsa hartu du eta «korridoreetan eginiko azpijokoak baliatuz» Asanblea Nazionalak bozkaturiko lege marko bat atzera bota dela gaineratu du.

«Irakurketa infinitoki jakobinoa» egin duela Konstituzionalak baloratu du Etchegarayk.

«Agertoki txarrena da hau: lege markorik ez dugu eta horren ordez Konstituzionalak eman duen ebazpenak egindako bidea arriskuan jartzen du», laburbildu du Baionako auzapezak.

Alain Iriart Hiriburuko auzapezak argiki erran du «ez dugula onartuko erabakia, eta beharko da salaketatik haratago bideak zabaldu, akordio berriak eraiki» hizkuntza gutxituen garatzeko bidean behar diren bermeak eskuratzeko.

Xarnegu eskualdean ama-eskola bat

Bardozeko proiektua ere aipagai izan dute agerraldian, Xarnegu ama eskolaren egitasmoa martxan baita eskualde horretan. Ikas, Euskal Haziak eta Biga Bairen izenean «50 bat urtean eraikia izan den eraikina altxatu dugu eta ez dugu onartuko orain botatzea», aurreratu du Marie-Andree Ouretek, Biga Bai hezkuntza publikoko gurasoen elkarteko presidenteak.

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen (Pour que Vivent Nos Langues) kolektiboak hilaren 29an Maulen goizeko 11:00etan deituriko mobilizaziora joateko deia egin du finean.

Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak adierazi duenez, «gero eta etsai gutxiago dituzte gure hizkuntzek baina gama altuko etsaiak badirela onartu behar da». Bere erranetan erabaki anakronikoa hartu du Kontseilu Konstituzionalak eta azkeneko 50 urteetan bezala ikastolek jarraituko dutela lanean ziurtatu du.