Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Aniztasuna eta neutraltasuna babesteko Ikus-entzunezko Kontseilua proposatu du EH Bilduk

EH Bilduk Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseilua sortzea proposatzen duen ekimen bat erroldatu du Gasteizko Legebiltzarrean. Jasone Agirrek azaldu duenez, kontseilu independientea izango da eta arauak ezartzeko boterea edukiko du euskal ikus-entzunezko komunikazioaren esparru osoan.

Jasone Agirre EH BIlduko legebiltzarkidea. (Raul BOGAJO/FOKU)
Jasone Agirre EH BIlduko legebiltzarkidea. (Raul BOGAJO/FOKU)

Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseiluaren sorrera jasotzen duen lege proposamena aurkeztu du astelehen honetan EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean. Jasone Agirre legebiltzarkideak ohartarazi duenez, gaur bertan erroldatu duten ekimena «kontseiluaren legea da, eta ez ikus-entzunezkoen legea, kontseiluaren beraren zeregina bailitzake lege hori egitea».

Agerraldi batean azaldu duenez, aipatutako kontseilua «erakunde independiente bat izango da euskal esparruko ikus-entzunezko komunikabide publiko zein pribatuak, eta gainontzeko ikus-entzunezko edukiak arautu, eta zehapen-araubidea, hau da, zigor arauak ezartzea izango da bere helburua, baina era berean, erakunde aholkularia eta proposatzailea ere izango da».

«Eta lege proposamen hau aurkeztu dugu, hemen eta orain, uste dugulako gaur egun ikus-entzunezko kontseilurik ez edukitzea anomalia bat dela», azpimarratu du. Izan ere, «ez daukagu kontseilurik ez horretarako eskumenik ez daukagulako. Baditugu eduki eskumenak, baina ez ditugu orain arte aprobetxatu».

«Beraz, hutsune handi bat dago. Eta hutsune hori gero eta handiagoa da», gaineratu du Europako batzordeak berak ikusentzunezko komunikabideak eraldatzeko estrategian horrelako organo independienteak sortzea babesten duela adierazi ondoren.

Agirreren esanetan, gaur egungo euskal komunikazio esparruan, «ikus-entzunezkoek ez dituzte inondik inora asetzen geure beharrak herri bezala, eta kanpoko parametroetara, kanpoko hizkuntza, kultura, identitateetara ari gara egokitzen paradigma aldaketa bat bizitzen ari garen honetan».

«Pandemiarekin, gainera, ikus-entzunezkoen kontsumoa oraindik gehiago handitu da eta gaur egun gizarte balioen transmisioa, batez ere gazteen artean, jokaleku horretan ematen da. Horregatik dauka berebiziko garrantzia ikus-entzunezkoen espazioa ikuskatu eta arautuko duen erakunde independiente bat izateak», nabarmendu du.

Askatasuna eta euskara

Legebiltzarkideak dioenez, horretara dator lege proposamen hau. «Lege modernoa da, aurrerakoia, osoa, arloko hainbat aditurekin egin eta kontrastatu duguna. Eta, esan bezala, ikus-entzunezkoen euskal kontseilua eratzea da bere xedea».

Legeak bederatzi kapitulu eta 35 artikulu ditu. Bere helburuen artean, besteak beste, ikus-entzunezkoen komunikazioaren askatasuna bermatu beharko du, zein informazioaren aniztasuna, neutraltasuna, baliabide publikoen independentzia eta inpartzialtasuna; euskararen ezagutza eta erabilera sustatu beharko ditu: eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin akordioak egiten lagundu.

Interneterako sarbidea ere bermatu beharko du adin tarte guztietan, eta emakume eta gizonen berdintasunezko parte hartzea sustatu beharko du «kuantitatiboki eta kualitatiboki».

«Helburu horiek bete ahal izateko, beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu. Esaterako, operadoreei zuzendutako ebazpen lotesleak eman ahal izango ditu legea betetzen dela bermatuz», azaldu du.

Audientziaren Defentsa Bulegoa

Aholkularitza ere eman ahal izango die Legebiltzarrari eta Gasteizko Gobernuari ikus-entzunezkoen sektorearekin zerikusia duten gaietan. Eta ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuko erakunde publikoei eta erakunde autonomikoei gaikuntza tituluak eman ahal izango dizkie. Irizpenak ere idatzi ahal izango ditu informazioaren tratamenduari buruz.

Halaber, Agirrek dioenez,kontseiluak zainduko du ere «EiTB Media eta tokiko eta eskualdeko ikus-entzunezko zerbitzuen arteko sinergiak garatzen direla». Komunikazio lizentziak emango ditu, eta tokiko irrati-telebista zerbitzu publikoak ezartzeko aholkularitza eskainiko du. Jardunbide egokien kodea egingo du eta, orokorrean, aholkularitza eta arbitraje lana egingo du.

«Hortaz, ebazpen lotesleak edota gomendioak eman ahal izango ditu, informazioa eskatu, eta legearen kontra dauden praktikak bertan behera uzteko eskatu. Era berean, ikus-entzunezkoak eta publizitatea ikuskatu eta kontrolatu ahal izango ditu», azpimarratu du.

Kontseiluak, Legebiltzarrak aukeratutako zazpi kide izango dituen erakundeak, Audientziaren Defentsa Bulegoa sortu eta kudeatuko du. Bere zeregina izango da autonomia erkidegoko irrati eta telebistetan ematen diren programazio eta publizitatearen inguruko herritarren kexak jaso, bidali, eta erantzutea.