Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Filosofiari eutsiz landutakoa zaintzen jarraitzeko xedea

Leioa Waterpolo taldeak bisita azkarra egin du Ohorezko Mailara. «Porrot» hitza, baina, ez dago beraien hiztegian. Taldearen mailan aurrerapauso bat eman dutelakoan daude eta, beraz, Lehen Mailan bide onetik jarraitzea dute helburu, klubaren filosofiarekin «koherenteak izanik».

Jon Lopez entrenatzailea eta Virginia Cobos kapitaina, Sakoneta kiroldegiko igerilekuan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Jon Lopez entrenatzailea eta Virginia Cobos kapitaina, Sakoneta kiroldegiko igerilekuan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Sortu dugun proiektua uste dut oso berezia izan dela. Urte askotako lana da, pertsona askorena. 12 denboraldi egon baldin banaiz hemen, zerbaitegatik da. Urtez urte berberek jarraitu dugu eta hori ez da leku askotan ikusten eta ez da leku orotan zaintzen». Virginia Cobos izan da Leioa Waterpolo taldeko kapitaina taldea estreinakoz Ohorezko Mailan lehiatu den denboraldian. Bisita azkarra egin diote gorengo mailari, baina gorengo taldeak «beste mundu batean» daudela ohartarazteko nahikoa izan da.

Zailtasunez zailtasun, taldeak eboluzio bat izan duelakoan dago Jon Lopez entrenatzailea eta, azkenean, denboraldia bera «labur» geratu zaiela ere onartu du leioarrak. «Bigarren fasean sentsazioak hobeak izan ziren. Berdindu genuen azken partida horretan jokalari guztiak egon ginen, ze aurrekoetan lesioak zirela, konfinamenduak zirela... Bigarren fasean azken jardunaldira arte ez dugu guztiok kointziditu», azaldu du taldeko prestatzaileak.

Koronabirusaren pandemiak aurreikuspen guztiak aldrebestu zituela esan daiteke. Berez, gehien entrenatu behar zuten denboraldian –Estatu espainoleko talde onenen aurka lehiatu ahal izateko– gutxiago entrenatu ahal izan dute, etxeratze agindua zela eta (berez 21.00etatik 23.00etara entrenatu ohi dute) eta espazioak murriztu behar izan zituztelako. Adibide gisara, azken aste honetan gizonezkoen taldearekin eta igerilekuko erabiltzaile batzuekin partekatu behar izan dute Sakoneta kiroldegiko igerilekua: «Eta eskerrak gu beste momentu batean gaudela, eskerrak jada denboraldia bukatu dugula».

Denboraldi osoan ez dute partidarik irabazi; azken neurketa berdintzea lortu zuten, hain justu Virginia Cobos lesiotik osatu zen jardunaldian eta jada jaitsiera ziurtatu zeukatenean. «Geure buruari presio hori kentzean puntua lortu genuen, bai», onartu du santutxuarrak. Hamabi denboraldi Leioan egin ostean –beste bi Bilboko Maristas taldean– waterpolotik apur bat aldenduko dela iragarri du, azken urte hau lanarekin uztartzea gogorra egin baitzaio: «Dena dela, beraiekin jarraituko dut eta jada esan diet, lehenago edo beranduago, Ohorezko Mailara itzuliko direla».

«Entrenamenduz entrenamendu»

Helburuez hitz egitean, Jon Lopez zuhurtziaz mintzo da. «Koherenteak izatea» da bere filosofia eta partidaz partida –edo hobeto esanda, «entrenamenduz entrenamendu»– da bere lema. Jakitun dira aurten Ohorezko Mailan jokatzea joan den urtean egindako lanaren emaitza izan zela eta, denboraldia amaitu ez bazen ere pandemiaren ondorioz, egoerak eskatzen zuen erabakia zela lehen bi onenak igotzea. Gorengo mailan jokatzea ez da sekula «ezinbestekotzat daukagun helburua izan», baina era berean onartzen du azken lauzpabost urteetan goiko postuetan ondo lehiatzen zebiltzala eta iaz inoizko denboraldi onena egiten ari zirela. «Nolanahi ere, nik jakin nahiko nuke denboraldia bukatzeko aukera egon izan balitz, zer gertatuko zatekeen. Baina tira, betirako izango dudan zalantza izango da hori», azaldu du entrenatzaileak.

Edozein akats baliatzeko erraztasuna zeukaten aurkariek eta guri agian apur bat gehiago kostatzen zitzaigun

2005ean hartu zuen emakumezkoen taldearen gidaritza. Askartzan zebilen jokalari gisa; azkenean ez zuen taldez aldatzea lortu eta entrenatzaile lanari ekin zion: «Asko aldatu da guztia. Orain koma askoren artean ‘profesionalagoa’ da taldea; aurten Ohorezko Mailan jokatzeak ere hori eskatu du, bai jokalarien aldetik, baita entrenatzailearen aldetik ere –azaldu du Cobosek–. Eskakizuna izan da baita ere mailak berak jartzen duena, partidetan beste erritmo bat igarri dugu», eta nahiz eta behar baino gutxiago entrenatu duten, hori lantzen saiatu direla nabarmendu du Lopezek. Dena dela, partida askotan ez dira iritsi behar bezala lehiatzera; bai, ordea, beste batzuetan, eta neurketa horietan esperientzia puntua falta izan zaiela ere gogoratu dute: «Beste talde guztietan inoiz Ohorezko Mailan jokatu duen jokalariren bat gutxienez bazegoen eta gurean, ez. Edozein akats baliatzeko erraztasuna zeukaten aurkariek eta guri agian apur bat gehiago kostatzen zitzaigun».

Esperientzia faltarekin batera, estreinaldia atzeratzen joateak ere ez zien lagundu. Talde ia osoa konfinatuta egon zen hamar egunez, «aurrean erronka oso handi» bat zeukatela. Lehen hiru jardunaldiak atzeratu egin ziren baita laugarrena ere, aurkarien artean koronabirus kasu positibo bat atzeman ostean. «Hasiera oso gogorra izan zen», aitortu du Jon Lopezek. Estreinaldia hurreratzen zihoan eta astero atzeratu egiten zen. «Astelehena iristen zen, asteburuan Kataluniara joan behar genuela uste genuen eta azkenean ezer ez», azaldu du naturaltasun osoz, baina era berean aitortu du «frustrazio» moduko sentimendu bat izan zutela beraien debutaren aurrean. Azkenean, azaroan bidaiatu zuten Kataluniara eta hor hasi zen Leioa Waterpoloren Ohorezko Mailako bidea, espero baino bost aste beranduago.

Atzerapen horrek, nola ez, errendimenduan ere eragin zuen, uretan egiten den kirola izaki, ez delako berdina «etxean fisikoa mantentzeko lana» egitea. Gainera, entrenatzaileak ohartarazi du denboraldi-aurre osoan ezin izan zutela lagunarteko neurketarik jokatu eta, beraz, nolabaiteko erreferentziarik gabe ekin ziotela sasoiari.

Onenen aurka

«Lehen partida, gainera, kanpoan izan zen. Guretzat igerilekuen dimentsioak oso ezberdinak dira. Hangoek hamar kale eta 50 metroko luzera zeukaten. Nahiz eta joko-zelaia berdintsua izan, ur kantitateak eragina dauka. Ez da berdina igerileku txiki batean edo handi batean igeri egitea». Halaxe gogoratzen ditu Virginia Cobosek Estatu espainoleko talde onenen aurka jokatutako partidak; Sabadellen aurkakoa, esaterako.
«Erreferentzia bisualak asko aldatzen dira; hau oso estua da, hormak oso gertu daude. Eta aparte, Sabadellen moduko taldeen aurka oraingoz ez dago lehiatzerik», esan du Lopez prestatzaileak.

Erreferentzia bisualak asko aldatzen dira; hau oso estua da, hormak oso gertu daude. Eta aparte, Sabadellen moduko taldeen aurka oraingoz ez dago lehiatzerik

Aldiz, ez dute porrota izan den sentsaziorik. Probatzeko modu bat izan da, noraino irits zitezkeen ikusteko modu bat. «Hasieratik uste genuen jaisteko aukera asko genituela», adierazi du leioarrak. Amaitu den denboraldi honetan pena bakarra dute; zaleen presentziarekin gozatu ezin izana, hain zuzen. Askartzako igerilekuan 100 lagun inguru sartzen dira eta ziurtatu dute zaletasun handia dagoela Leioan, «familia dela, lagunak direla edota eskolako umeak direla, harmailak bete egiten dira». Giro ona sortzen da «eta aurkariek ere eskertu ohi dute gertutasun hori». Aurten, aldiz, laguntza hori faltan izan dute, markagailu estu baten aurrean indarra hartzeko edota porrot gogor baten aurrean berotasun hori sentitzeko: «Zaleak dira dinamika on batean sartzen zaituztenak». Era horretan, «beti telebistan ikusi izan dituzten jokalariak gertutik ez ikusteak» ere penatzen ditu Lopez eta Cobos: «Guretzat Ohorezko Mailan egotea hori zen. Honen parte izateko aukera izatea, gu ere saltsa horretan ikustea, eskolako txikienekin batera hau bizitzea... Ez dugu horretarako paradarik izan».

Ez dakite berriro horrelako aukerarik izango duten, baina argi dute orain arteko filosofiari jarraituz etorri beharko dela. «Gauza guztiak ez ditugu ondo egin, baina oso koherenteak izan gara. Ez dugu tranparik egin, ez gara igo hiru fitxaketa handi egin ditugulako. Ia jokalari guztiak herrikoak dira, ia guztiak eskolatik pasatakoak. Eta ikustea horrek eraman zaituela goraino, nahiz eta ezin izan diogun mailari eutsi, harro egoteko modukoa dela uste dut».

Lehen Mailan lehiatuko dira berriro eta hor loratuko da harrobian botatako hazia. Ohorezko Mailara igotzea beti izango da saria, baina ez «ezinbesteko helburua». Oinak lurrean beti, edota, kasu honetan, Sakoneta edo Askartzako igerilekuan.