Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Kulturaren artikulazio beharrak Euskal Herriko eragileak bildu ditu Azpeitian

‘Kultur artikulazioa; nondik, zertarako eta nola?’ izenburupean 90 eragile inguru hartu ditu Sanagustin kulturguneak, Azpeitiko eta Euskal Herriko elkarte eta kultur dinamiketako ordezkariak.

Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egindako jardunaldian hitza hartu dutenen irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)
Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egindako jardunaldian hitza hartu dutenen irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Kultur artikulazioa; nondik, zertarako eta nola?’ galderari erantzuten saiatu dira ostiral honetan Azpeitiko Sanagustin kulturgunean batu diren eragileak. Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Jakin Fundazioak antolatu dute nazio jardunaldia.

Hamar urte joan dira Sanagustin kulturguneak ateak ireki zituenetik. Kulturgintzarentzat bakarrik ez, herriarentzat mugarri izan zen. Aretoaren inguruan Euskal Herri osoan eredu den kultur dinamika gauzatu da urteotan eta hamargarren urteurreneko ospakizun sortaren testuinguruan egin da gaurko jardunaldia. Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek –EH Bildu eta PNV– eta norbanako batzuek osatzen dute ospakizunak antolatu dituen Herri Batzordea.

Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eman die ongietorria bertaratutakoei. «Bidea ez da erraza izan baina aurrerapauso handia egin da. Horregatik ari gara hamargarren urteurrena ospatzen», adierazi du. Herriko eragileei egunerokoan egiten duten lana eskertu ondoren elkarrekin egindako bidearen balioa azpimarratu du. «Elkarlanean bide propioa, berritzailea egin dugu», adierazi du. 

Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendariak egin ditu sarrerako hitzak. Joxe Azurmendik 1992an esandakoa ekarri du gogora. «Euskal nazioa atomizaturik dago, bildu egin behar da eta kulturgintzak esango du zein den bidea». Agirreren esanetan «hizkuntza da artikulatzera bultzatzen gaituena. Bere biziberritzea, ezinbestean. Ez dakit beste hizkuntzek halakorik behar duten baina guk badugu ezaugarri bat, bizi nahia», esan du.

Artikulazioak komunitatea egitea dakar, eta herritarren ahalduntzea, gaineratu du. ‘Gu bagara nor hau egiteko’ esatea. «Demokrazia praktikatu eta demokrazian egoteko moduarekin dauka harremana artikulazioak».

Harkaitz Zubiri eta Maialen Akizu soziologoek hartu dute hitza ondoren. ‘Kultura artikulatu, hobeto bizitzeko’ izenburupean izan da Zubiriren partehartzea. Gizakia animalia soziala dela ekarri du lehen planora. «Kalitatezko harremanak ez izatea arriskutsua da osasunarentzat eta kulturak badu zeresana horretan», esan du.

Historian zehar kulturak jendartean bete duen funtzioa gogoratu du segidan. Garai modernoen ondorioetako bat da egiten dugunaren zentzua galtzea eta horri kolektibotik bakarrik egin dieziokegu aurre bere ustez. «Modu partekatuan bakarrik eman diezaiokegu zentzua bizitzari, egiten dugunari», aldarrikatu du.

«Kulturak ez du mundua aldatuko baina alda dezake mundua alda dezakeen jendea eta horretarako aukera eman behar dugu guk, kultura jende guztiari zabalduz», nabarmendu du. Horretarako, espazioak eraikitzearen beharra adierazi du, «bakarrik egin ezin duguna elkarrekin egiteko».

‘Femurra, haragia eta protesia’

Maialen Akizuren txanda etorri da gero. ‘Femurra, haragia eta protesia’ izeneko hitzaldia eskaini du. Anatomiako metaforak erabiliz heldu dio saretzeari. «Hiru hitz horiekin belauna irudikatu dugu. Ibiltzeko beharrezkoa da belauna eta ibiltzea bezain ohikoa eta errituala da kultura», azaldu du. «Belaunak gorputza behar du baina bakarrik ere bada». Kultura ere horrela ikusten du Akizuk. Hiru elementuen arteko talka ere mahai gaineratu du, kulturgintzari beste elementu bat gehituz.

Euskal Herrian abian diren esperientzi anitzen berri izan dute jarraian Sanagustin kulturgunera bertaratutakoek. Enekoitz Esnaolak Azpeitiko kultur komunitate artikulatuaren berri eman du. «1998an Uztarria Kultur Koordinakundea mugarri izan zen», gogoratu du. «Herritarrok sujetu politiko bihurtu eta batera joatearen beharra ikusi genuen», azpimarratu du. Udala ere ondoan izan dute.

Naziogintza izan du hizpide jarraian. «Kultur proiektua da, baina herri proiektua ere bai; herri proiektua da, baina nazio proiektua ere bai. Norabidea hartu genuen koesio nazionalari garrantzia emanez», esan du.

Herrietako kulturgintzarentzat babesa ere eskatu du, «hiriburuetakoak bezainbeste ez baita laguntzen. Ekosistema denon artean osatzen dugu. Gure txikian bidea hasi genuen eta horretan jarraitzen dugu».

Gaurko jardunaldian bildutako askorentzat eredu da Azpeitian azken urteotan garatutako bidea. Durangon, Plateruenak bere ateak itxi ondoren zein pauso eta norantz eman erabaki nahian ari direnentzat, esaterako. Ihintza Orbegozok, Plateruena eta geroz zer? Batzordeko kideak, Durangon abian jarri den herri dinamikaren nondik-norakoa argitu du.

Eneko Gorrik, bere aldetik, Baiona-Angelu-Biarritz hiri eremuan euskalgintzaren esperientzia ekarri du. Miren Artetxek Bertsozale Elkartea izan du hizpide, Euskal Herriko kulturgintzak begirunez begiratzen dionez, pentsa zitekeenaren kontra, lorpenak baino erronkak aireratuz. 

Eta saioa bukatzeko, Ihitz Iriarte aloztarrak Iruñean abian dituzten egitasmoak azaldu ditu.