NAIZ

Belen Arrojok beste urte batez jarraituko du Lointek Gernika Bizkaia taldean

Lointek Gernikak eta Belen Arrojok hitzarmena berritu dute beste denboraldi baterako. Hala, Malosten hirugarren urtea beteko du hegalekoak. Granadarrak onartu du berritzea «oso erraza» izan dela, azken bi denboraldietan oso eroso sentitu delako. Antonia Delaere hegalekoak Zaragozan jokatuko du. 

Belen Arrojo hegaleko jokalaria. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Belen Arrojo hegaleko jokalaria. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Belen Arrojok bere hirugarren denboraldia beteko du Lointek Gernika taldean. Bi aldeek hitzarmena berritu dute eta klubak esan legez, «2021-2022 denboraldiko lehen pieza» da granadarra.

Taldean ederki egokitu da hegaleko jokalaria. Lointek Gernikak azaldu duenez, bere lana giltzarria izan da taldearen hazkuntzarako. Hala, iritzi du «Gernikan leku aproposa bilatu» duela «kirolari moduan hazteko», izan ere Espainiako selekzioaren deialdietan egotea zerbait ohikoa bilakatu da. 

Aurtengo denboraldian, batez beste 6,2 puntu eta 4,6 errebote egin ditu batez beste, eta partiduro 10,6 puntuko balorazioa jaso du ligan. Eurocup txapelketan, 26 urteko jokalari honen bere batez bestekoa 6,3 puntu 6,3 errebote izan dira. 

Lointek Gernikako pieza garrantzitsu bilakatuta, hitzarmena berritzea «oso erraza» izan dela onartu du Arrojok. Azken bi denboraldietan «oso eroso» sentitu da eta maila guztietan egiten den «lan ona» goraipatu nahi izan du. «Klub ezberdina eta bakarra da, familia bat modukoa», nabarmendu du. 

Datorren denboraldiko helburuei dagokienez, lehendabizi «Malostera hurbiltzen diren zaleen berotasuna» sentitu nahi duela adierazi du irmotasunez; eta ondoren, maila pertsonalean zein kolektiboan urratsak ematen jarraitzea, «izan Liga Endesan eta izan Eurocup-ean». 

2020-2021 denboraldiko emaitzak errepikatzea zaila izango dela jakitun da kluba –Superkopako finala, finalerdiak Ligan eta Kopan eta final zortzirenak Eurocup txapelketan– baina erronka berriei aurre egiteko prest daude. 

Bazkideen gernikarren erantzuna

Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiako bazkideen %92ak 2020/2021 denboraldiko bere kuota klubari eman nahi izan dio, talde gernikarrak bere webgunean aditzera eman duenez.

Duela bi aste gutun ireki baten bitartez eskabide hori egin zuen talde bizkaitarrak eta bere zaleek uste baino erantzun zabalagoa eskaini diote.

Horrenbestez, «marea granateko» kide hauek guztiek 2021/2022 sasoiko lehen taldeko kamisetan haien izena izango dute jarrita. Horrez gain, dio Gernika Bizkaiak bere webgunean, ˜beste edozein pertsonak klubarekin kolaboratu nahi izanez gero, 50 eurogatik haien izena jartzeko aukera izango du».

Antonia Delaere, Zaragozara

Bestetik, Donostiatik Zaragozarako bidea hartu du Antonia Delaere hegalekoak. Iaz Mehryn Krakerrek IDK Euskotrenen jarraitzeari uko egin ziolako etorri zen Belgikako jokalaria Donostiarra eta ordezkoen aulkitik abiatuta, maila egokia eman du.

Batez beste 27 minutu jokatu ditu partidako eta 9,7 puntu, 2,5 errebote eta 1,8 asistentzia lortu ditu joan den denboraldian. Alabaina, Maria Eraunzetamurgilek aurrerantz emandako pausuak titular izateko bidea itxi zion eta, nahiz eta hegaleko donostiarra Lugora joan, IDK Euskotrenek Alex Harden hegaleko estatubatuarra fitxatu duelarik, belgikarrak nahiago izan du Zaragozako bidea hartu.