Asier Robles - Iraide Ibarrondo

Bizkaiko Aldundiaren babespeko gizon batek bizi den etxebizitzaren baldintzak salatu ditu

18 urte bete zituenetik Bizkaiko Aldundiaren babespean bizi den 48 urteko gizon batek esleitutako etxebizitzaren baldintza kaskarrak salatu ditu. Argi naturala falta dela eta hezetasunez eta onddoz beteta dagoela azaldu du.

J.S.E Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean bere etxebizitzaren egoera salatzen. (Monika DEL VALLE/FOKU)
J.S.E Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean bere etxebizitzaren egoera salatzen. (Monika DEL VALLE/FOKU)

J.S.E.k bizi duen muturreko egoera salatu du ostegun honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian. Berak eta laguntzen dion pertsona batek azaldu dutenez, 18 urte zituenetik bizi da Bizkaiko Aldundiaren babespean, eta duela 10 urte Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak etxebizitza bat eman zion San Frantzisko auzoan. Baina salatu duenez, eta erakutsitako bideo eta argazkietan ikusi ahal denez, etxebizitza oso egoera txarrean dago.

Eraikin baten etxabe bat da eta, ikus daitekeenez, hezetasunez eta onddoz beteta dago. Gainera, J.S.Ek azaldu du ez dela inoiz argi naturalik sartzen. «Engainuz nago hemen, bertan bizi izan zen aurreko pertsonak hezetasunagatik alde egin behar izan zuelako. Etxea margotu eta ni kateatu ninduten. Gutxira, berriro atera ziren hezetasunak eta onddoak. Behin baino gehiagotan margotu dute eta berriz ateratzen da», salatu du.

Gainera, azken urteetan bere osasun egoerak okerrera egin duela azaldu du. Izan ere, azken hilabeteetan bederatzi aldiz ingresatu dute ospitalean, ustez, etxeak dituen hezetasun eta onddoetatik eratorritako arnasa hartzeko arazoengatik. Ospitaleratzeez gain, hainbat aldiz joan da kontsultetara eta behin baino gehiagotan oxigenoa eman behar izan diote. «Zeren zain zaudete niri irtenbidea emateko? Egunen batean anbulantzia ezingo da garaiz iritsi eta hil egingo naiz», adierazi du oso urduri eta haserre.

Azaldu duenez, bere egoeraren berri emateko idatziak bidali dizkie ahaldun nagusiari, Gizarte Ekintzako diputatuari, Bizkaiko Batzar Nagusiei eta horko alderdi politiko guztiei, Bilboko alkateari, Udal Etxebizitzak erakundeko batzorde eta arduradunari eta Arartekoari. Baina salatu duenaren arabera, ez du inoren erantzunik jaso. «Aldundiak zein Udalak, nitaz arduratu beharko luketenak, engainatu egin naute, gero ezikusiarena egin didate eta mespretxatu eta gaizki tratatzen naute. Ezin dira ados jarri lasai eta gaixotu gabe bizi naitekeen pisu bat eman diezadaten?», galdetu du J.S.E-k.

Eskaera

Laburbilduz, J.S.E-k egun duen pisua argi naturala eta hezetasunik ez duen batengatik aldatzea eskatzen die Diputazioari eta Bilboko Udalari, ustez egun duen etxebizitzak larriki kaltetzen duelako bere osasuna. Gainera, bere kasuarekiko erakundeek duten inplikazio eza ikusita, egoera salatzeko epaitegietara joko duela aurreratu du.