Maite Ubiria

Etxepare lizeoaz gain, haurtzaindegi bi eta bertze bi ikastola hetsirik covid-19a dela-eta

Hainbat covid-19 kasu baieztatu ondoren Bernat Exepare lizeoak ez ditu bere ateak ireki gaur. Bordeleko Hezkuntza Akademiak emandako datuen arabera bederen bi haurtzaindegi txiki eta bertze bi ikastola ere itxi behar izan dituzte Ipar Euskal Herrian.

Etxepare lizeoko hainbat ikasle, iazko iraileko sartzean harturiko argazkian. (Guillaume FAVEAU)
Etxepare lizeoko hainbat ikasle, iazko iraileko sartzean harturiko argazkian. (Guillaume FAVEAU)

Baionako Bernat Exepare lizeoak ez ditu ateak ireki gaur. Bart oharra igorri zien zuzendaritzak gurasoei egoeraren berri emanez. Mezu horretan hauxe zioen Iban Thicoipe Bernat Etxepare lizeoko zuzendariak: «Jakin berri dugu beste ikasle batek positibo eman duela covid-19ko testean, arriskurik ez hartzeko bihar lizeoa hetsiko dugu».

Gauzak horrela, ekainaren 4 honetan ateak hetsi ditu lizeoak. Goizean zehar espero da xehetasun gehiago izatea egoerari buruz.

Dagoeneko hainbat neurri hartu zituen bezperan Seaskako lizeoak. Hala 2. mailako ikasleak etxera bidaltzeko erabakia hartu zuen ostegun goizean. Familiei azaldutakoaren arabera, aurreko egunetan «ikasle batzuek positiboa eman dute eta kontaktu kasuak biderkatu dira».

Antolaketa berri horren baitan gertu den kurtsoaren amaiera markatzeko «ikusgarri mundiala» behar zuten eskaini ikasleek. Bertan behera utzi zuten atzo dantza eta umorea nahasten dituen ikuskizuna.

Era berean, 2. maila orokorreko ikasleak etxera bidali zituzten. Antolaketa berri horren arabera, ekainaren 9 arte etxetik jarraituko dituzte eskolak irakasleen laguntzaz.

Asmoa zen ondoko asteotan azterketak dituzten mailetako ikasleek presentzialean jarraitzea. Esaterako, Merkataritza saileko ikasleek gaur ahozko aurkezpenak behar zituzten egin.

Bederen ekainaren 9 arte itxita

Era berean lehen mailako ikasleak ekainaren 9 arte klasetara joatea aurreikusten zen eta lanbide prestakuntzako ikasleak, berriz, hilaren 24 arte.

Izan ere, egoerak okerrera egin ondoren eta arriskuak saihestu nahian, lizeoa hesteko erabakia hartu da.

Jakin behar udaberriko oporraldiaren ostean protokolo zorrotzago bat ezarri zela ikastetxe guztietan Hezkuntza Ministerioak aginduta.

Izan ere, Pirinio Atlantikoen departamenduaren barne den Ipar Euskal Herrian covid-19 kasuen gorakada handia eman da. Azken astean %34 emendatu ziren kasuak. Asteazkenean 100.000 biztanleko 110 kasu neurtu ziren. Atzo eskainiko zazpi egunetako neurketak hazkunde berria jaso zuen: 126,9.

Asteazken arratsaldean Akitania Berriko Osasun Bulegoko arduradunek baieztatu zutenez orotara 20 bat agerraldi atzeman dituzte Pirinio Atlantikoen departamenduan. Zehaztasun handirik eman gabe publiko gaztean eta bereziki hezkuntza zentroetan atzeman zirela kasu gehienak azaldu zuten.

Bi haurtzaindegi tipi eta bertze bi ikastola ere itxita

Bordeleko Hezkuntza Akademiak atzo osatu zuen behin behineko zerrendaren arabera, orotara 77 ikasgela itxi behar izan dituzte departamendu mailan.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, ekainaren 2ko data duen txostenean honelako ikastetxea aipatzen dira:

- Zuraide eta Lakarriko haurtzaindegiak itxi behar izan dituzte.

- Kanboko Errobi eta Azkarateko Munho ikastolek ere ateak hetsi ditu.

Izan ere, litekeena da gaur bertan antzeko erabakiak hartu behar izatea beste hainbat herritan ere, hala nola Lekorneko ikastolan ere osasun egoerarengatik kezkaturik dira.

Ekainaren 15tik landa, 12 eta 18 urte arteko gazteak txertatzen hasiko dira Ipar Euskal Herrian.