Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Bere historiako urterik bikainena borobiltzea nahi du Bidaideak Bilbao BSRk Kopa irabazita

BSR Liga irabazi berritan, Albaceten Kopako azken fasea jokatuko du talde bilbotarrak. Final-laurdenetan ACE Kanaria Handia izango du aurkari, teorian finalerdietan izan dezakeena baino aurkari zailagoa. Hala ere, ohi den moduan, CD Ilunion taldea izango da faborito.

Adrian Yañez, Bidaideak Bilbao BSR taldeko entrenatzailea, denboraldi historikoa amaitzeko zorian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Adrian Yañez, Bidaideak Bilbao BSR taldeko entrenatzailea, denboraldi historikoa amaitzeko zorian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

«Denboraldi luzea izaten ari da, baina oraindik Kopari begira azken esfortzu bat egin behar dogu, Beraz oraindik indarrak soberan dauzkagu». Adrian Yañez Bidaideak Bilbao BSR taldeko entrenatzailearen berbak dira honako hauek, Albacetera abiatu bezperan. Ostiralean abiatuta, zapatu luzea dute bilbotarrek Gaztela Mantxa aldean, beren historiako denboraldirik onena borobiltzeko aukera baitu.

Bizkaitarren palmaresean pare bat bider Kopako txapeldunorde izana da meriturik handiena, baina garaikur nagusiena artean eraman gabe. Hala ere, Liga ere aurten arte irabazi gabe zegoen, eta Europako lau talderik onenen artean muturrik sartzeke. Gauzak honela, orain arte hautsi dituen muga horien artean legoke Kopa ere, irabaztea erdietsiz gero.

«Doblete batekin amaitu litekeen denboraldia? Ba bai. Badakigu oso zaila izango dela baina aurtengo urtea historikoa izan da eta...», onartu du Yañez entrenatzaileak, jakitun halako urteak errepikatzea oso zaila dela beti. «Momentuz denboraldia ez da amaitu, beraz oraingoan pentsatu behar dogu».

Nahiz eta koronabirusarekin gauzak zail ipini, kutsatzeetatik aha den neurrian salbu izan dira bizkaitarrak urtean zehar. Beste zenbait aurkari zuzen ez bezala, ez dute partidarik atzeratu behar izan eta entrenamenduak ere ohiko errutina jarraituz burutu ahal izan dituzte. 

«Zentzu horretan, klubak egin duen lana higiene neurriak zorrotz bete daitezen txalotzekoa izan da, inolako geldialdirik gabe bete ahal izan ditugulako entrenamendu eta partida guztiak», azpimarratu zuten Adrian Yañez eta Asier Garciak Europako «Champions Eight» delakoa jokatu bezperan.

Hargatik baita ere, dinamika bikainean murgilduta, 20-2ko balantzea erdietsita lortu du aurten Bidaideakek bere palmaresera aurreneko Liga txapelketa. Normala da, beraz, Kopara begira, «oraingoan pentsatzen» jardutea Yañez eta bere jokalariak. Denboraldi hain ona luzatzerik balego!

Aurkari zailena, hasieran

Hala ere, badu nahikoa zeregin Albacetera iristen denerako. ACE Kanaria Handia izango du larunbat eguerdian aurkari, 11.30etan hasita. Kanaria handiko taldeari erraz irabazi dio Bidaideakek aurten –20 puntutik gorako aldearekin partida bietan–, baina ez da ahaztu behar BSR Ligako aurreneko bosten barruan amaitu duela talde honek, baita Alemanian izan zela, Bidaideak izan zen bezala, «Champions Eight» delakoa jokatzen. Hala, aintzat hartu behar da aurkari gogorra izango dela bizkaitarrentzat.

«Gogotsu goaz Kopara. Denboraldia bukatzeko azken sprinta geratzen zaigu bakarrik, eta Kopa etxera ekartzea ederra litzateke», onartu du bestalde Jose Centeno jokalariak.

«Kanaria Handiaren amerikarrek maila handia ematen diote taldeari eta hargatik, aurrez gertatua gertatu, partida oso zaila izango da. Denboraldi oso gogorra izaten ari da guztiontzat; luzea eta gogorra, probaz betea covid-19a dela eta. Hargatik, anbizioa da irabazteko gure bereizgarria. Erakusten ari garen defentsa errepikatuz gero eta gure anbizio honekin, aukerak izango ditugu», azpimarratu du Centeno jokalari historikoak.

Alde batetik CD Ilunion izango da faboritoa, Amiab Albacete etxeko taldeari irabazteko kapaz baldin bada. Baina bestetik, bizkaitarrek dute faborito izan behar horren zama. Azken baten, Ligako txapeldunak dira, Europan laugarrenak eta ACE Kanaria handiari irabaziz gero, Amivel eta Fundacion Aliados taldeek elkarren aurka jokatu beharreko partidarne irabaztea izango lukete finalerdietan. Alegia, teorian bederen, aurkari zailagoa izango luketela final-laurdenetan, finalerdietan baino.

«Ez dakit jendearentzat faboritoak garen ala ez. Guk gure lana ekiten gabiltza eta hortik aurrera ikusiko dugu zelan doan kontua, baina helburua beti da irabaztea», dio Adrian Yañez entrenatzaileak, jakinean, logikari segituz, final-laurdenetan irabazi ezik, ez dagoela finalerdirik.

Baina badaezpada, 11.30etako dema ongi aterako balitz, larunbat arratsaldeko 19.00etan finalerdiak izango lituzke Cocheras-Lepanto pabilioian.

Asetu ezinik

Duela hiru aste BSR Liga txapelketa bermatu zuen Bidaideak Bilbao BSRk, CD Ilunionen kantxan 79-82 irabazi ostean. Harrezkero Ligako azkenengo jardunaldia jokatu zuten Yañezenek Txurdinagan eta entrenamenduek aurrera jarraitu badute ere, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak harrerak egin dizkio etxeko taldeari.

Ez dirudi, hala ere, denboraldia amaitu bitarteko lanak burutzeko goserik asetu zaionik talde bilbotarrari. «Instituzioekin espero dugu gero eta harreman hobea izatea denon onerako etorkizunera begira. Pentsa, Europako laugarren postu hori noski igotzeko asmoz gabiltza, baina oraindik hau ez da amaitu. Hemendik aurrerako asmoa, beti irabazten jarraitzea da, baina Kopan hasita. Kopari begira azken esfortzu bat egin behar dugu», dio Yañezek.

Gero etorriko dira gerokoak. Entrenatzaileak bere aurreneko urtea du Bidaideak Bilbao BSR zuzentzen. «Poz-Pozik egon naiz hemen. Bilbokoa naizenez, imaginatu zein garrantzitsua den niretzat. Historia egin dut eta gustatuko litzaidake hemen egotea hurrengo urteetan», dio, baina jokalariek, denboraldia Koparekin amaituta ere, Paralinpiar Jokoak ere izango dituzte begien aurrean.

«Aurten Espainiarekin lau jokalari doaz Tokyora –Asier Garcia eta Jordi Ruiz buru– eta beste hiru jokalari dauzkagu, Australia –Jannik Blair–, Mexiko –Luis Jasso– eta Kolonbiarekin –John Hernandez– jokatzen dutenak», gogorarazten du Yañezek. 

«Talde batek beti hobetu dezake edozein gauzatan, detalletxoak beti hobetu daitezke. Koparen ondoren ba jokalari batzuek kontzentrazioak dauzkate selekzioekin, eta besteak entrenatzen jarraituko dute, hurrengo urteari begira», dio, hala ere, Bidaideakeko entrenatzaileak, datorren urtea aurtengoa bezain aparta izateko itxaropentsu.