Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Koldo Azpiazu
Ondarroa Arraun Elkarteko presidentea

«Harrobian 100 umetik gora izaten jarraitu behar dugu, gure iturria da»

Itsu geratu zenetik gauza gehiago egin dituela onartzen du. 23 urte zituela galdu zuen ikusmena Koldo Azpiazuk (Ondarroa, 1970). 2018tik Ondarroa Arraun Elkarteko lehendakaria da. Klubaren inguruko irratsaioa egitetik klubaren bulegora egin zuen jauzi.

Koldo Azpiazu. (Gorka RUBIO/FOKU)
Koldo Azpiazu. (Gorka RUBIO/FOKU)

Arraun denboraldia gainean daukagu. ETE liga ekainaren 19an hasiko da eta TKE zein Euskotren liga, uztaileko lehen asteburuan. Koldo Azpiazu Ondarroa Arraun Elkarteko presidentea bere traineruek denboraldi-aurrean eginiko lanarekin «pozik» agertu da. «Emakumezkoetan bi bandera irabazi ditugu», esan du. 2018an hartu zuen presidente kargua eta aurreko zuzendaritza taldeak eginiko lanarekin indartsu jarraitu du, harrobia indartuz eta nesken traineru propioa aterata. Hastear dagoen denboraldian ziabogen denborak memorizatzeko gogotsu dago. 

​Klubak ze helburu ditu aurten?

Mutilen kasuan iazkoa hobetzea da asmoa. Iaz bederatzigarren amaitu genuen. Aurten ea postutxo bat gorago lehiatu ahal garen, bigarren tandan estropada asko egiteko. Eta nesken kasuan, iaz laugarren amaitu genuen, Bizkaiko txapeldunak izan ginen eta nik uste dut pausotxo bat aurrera emateko aukera badaukagula, oraindik jende gaztea daukagulako taldean. Kontxan ere zortzigarren bukatu genuen bi traineruekin, eta ea aurten biekin sailkapen fasea pasa eta bi domekatan lehiatzeko aukera izaten dugun!

Ondarroa eta Kontxako zortzigarren postua. A ze harreman estua, ezta?

Bai, 2018an gutxigatik ez ginen sailkatu. 2019. urtean sailkapen estropadan denborarik onena egin genuen eta iaz berriro zortzigarren bukatu genuen. Eta nesketan 2019an hamargarren egin genuen eta iaz, zortzigarren. Horregatik diot urrats hori falta zaigula. Kontxa, arraunlarientzat batez ere, oso garrantzitsua da, estropada handia da. Hain garrantzitsua denez, zuzendaritza arlotik ere ahaleginduko gara helburu hori lortzen. Gero, denok dakigu denboraldi guztiak ez direla berdinak eta oso zaila izaten dela.

2019an, 23 urte beranduago, lortu zen Kontxako sailkapena. Hori al da klubak azken urteetan egin duen lorpen handiena?

2016an KAE 1 ligatik TKEra igo zen taldea eta hori oso garrantzitsua izan zen, baita azken bost urteetan bertan mantentzea ere. Ondoren, bai, Kontxarako sailkapenak herrian eduki zuen oihartzuna ikusita, handia izan zen. Sailkapen egunean bost autobus joan ginen eta hurrengo bi domeketan hamar bat autobus. Kontxan ondo pasatzeko gogoa ikusten zen.

2016an KAE 1 ligatik TKEra igo zen eta oso garrantzitsua izan zen, baita bertan mantentzea ere. 2019an Kontxako sailkapenak herrian eduki zuen oihartzuna ikusita, handia izan zen

Harrobia indartzeko helburua aipatu zenuen kargua hartu zenuenean. Zein da egoera?

Zuzendaritzara sartu ginen lehen urtean 110 haur eta gazte eduki genituen; iaz, 128 eta aurten berriro ere 110 eduki ditugu. Talde gutxi egongo dira horrenbeste haur eta gazte mugitzen dituztenak. Gure harrobia da gure iturria eta harrobian 100 umetik gora edukitzen jarraitu behar dugu. Gure traineruak bultzatu behar ditugu.

Emakumezkoetan islatzen da harrobiaren ekarpena.

Aurten hirugarren urtea izango da nesken traineru propioa daukaguna. Aurretik Lea-Artibai zen, Lekeitiorekin batu ginenean. Biok nahi genuen nesken trainerua bultzatu, baina ez geneukan jende nahikoa. Gero ikusi genuenean bageneukala arraunlari nahikoa, Lekeitiok berak ere bai, ba bideari ekin genion. Nik uste dut bide oparoa izan dela, lau bandera lortu dira, Kontxako sailkapena hurbilean daukagula sentitzen dut eta ligan hobeto ibil gaitezke.

2018ko abuztuan hartu zenuen kargua. Gustura al zaude urte hauetan egindako lanarekin?

Bai, gogoz hartu genuen. Aurreko zuzendaritza taldeak zortzi urte egin zituen eta oso lan ona egin zuen. Erronka zen mantentzea, egindako lanari eustea. Ez genuen gauza gehiegirik aldatu, aurrez ondo egindako lana aldatzeko beharrik ez genuen ikusten. Gauza txiki batzuk aldatu ditugu, esaterako, marketin alorrean gehiago saiatu gara. Hasiera batean lau urte hauek beteko ditugu eta gero ikusiko dugu.

Eta marketin arloan zein aldaketa egin dituzue?

Kamiseten salmentari bultzada eman diogu, online gehiago zabaldu dugu, zozketa gehiago egin... Aurreko zuzendaritza taldean lau lagun ziren eta lautik hiru, arraunlariak; horretan zentratzea konplikatua zen. Guk orain arraunlari bakarra daukagu zuzendaritza taldean eta denbora gehiago eskaini ahal diogu arlo desberdinei.

Kamisetek, behintzat, arrakasta izan dutela esan daiteke. Herrian lotura handia dago arraunarekin?

Herrian arraun gosea zegoen. 1990eko hamarkadan trainerua oso ondo ibili zen, baina gorabeherak ere izan dira ordutik hona. 2010ean KAE 2 ligara jaitsi ginen eta ondoren, KAE 1 ligan ibili ginenean, erdi mailan, oihartzun handirik gabe. TKEra igo ginenetik herrian oihartzun handiagoa  egon da eta, alde horretatik, salmentak asko ugaritu dira. 1.100 kamiseta saldu genituen 2019an. Polita da jendea kamisetarekin ikustea edota balkoietan banderolak egotea.

​Ez duzu inoiz arraunean egin, baina bai zara arraun zalea. Radixu Irratian “Toleta apurtu” irratsaioan aritu zinen.

Igande gauetan egiten genuen, asteburuko emaitzak ematen genituen eta elkarrizketatu bat izaten genuen, hainbat galdera eginez. Disfrutatu egiten nuen, bost urte on izan ziren, barre asko egiten genuen.

Nola etorri zitzaizun presidentetzara aurkezteko indarra?

Zuzendaritza taldean zegoen arraunlaria elkarrizketatzen ari nintzela enteratu nintzen. Esan zuen inor ez zela aurkeztu kargurako eta giltzak udaletxean utzi eta kluba bere kabuz joango zela aurrera. Eta nik neuk, irratsaioaren bitartez, jendea animatzeko deia egin nuen, baina ez zen inor animatu (barre). Arraunlari honek bota zidan ni lehendakari animatuz gero, bera lehendakariorde joango litzatekeela. Hiru lagun batu ginen eta diruzain bat behar genuen, hiru lagun gutxiegi zela uste bainuen. Esan zidaten guraso batzuk mobilizatzen ari zirela, ez zutelako nahi beraien seme-alabek arrauna egiteko aukera galtzea. Haiengana joan nintzen eta bost ziren, diruzain izateko gaitasuna zuen bat tartean. Batzar bat egin genuen, ados agertu ginen puntu ezberdinetan, eta aurrera!

Itsu geratu zinen 23 urterekin.

Bai, erretinopatia diabetikoaren ondorioz. Nik, ustez, ondo ikusten nuen, baina errebisio batean ohartarazi ninduten begi hondoa gaizki neukala eta laserra ematen hasi behar zirela. Astean 2.000 inpaktu ematen zidaten, begi bakoitzean, mintzak erretzeko. Ni gero eta gutxiago ikusten hasi nintzen, argia gero eta gutxiago harrapatzen eta ebakuntzekin hasi ziren. Ebakuntzek ez zuten ezer hobetu, gero eta argi gutxiago ikusten nuen. Erretinan zeuden zainak apurtzen hasten ziren, eta begi inguruan odol mantxak ikusten nituen... Soilik gauza txuriak ikusten nituen, gauza argiak. Azkenean, bikotekidearekin paseoa ematen nengoela, baranda txuria ikustetik, bat-batean erretina zati bat apurtu, eta iluna.

Esan zidaten ez zegoela zer egin, begiek kalte handia izan zutela. Argi izan nuen honekin bizi behar nuela ahalik eta zoriontsuen. Eta uste dut nire bizitzako erabakirik onena izan dela

Egoera onartzea kosta egin zitzaizun?

Bartzelona eta Anberesa joan nintzen mediku adituekin hitz egitera. Esan zidaten ez zegoela zer egin, begiek kalte handia izan zutela; zazpi ebakuntza izan nituen. Hobekuntzen zain egotea besterik ez zitzaidala geratzen esan zidaten. Nik argi neukan ez nintzela horren zain geldirik egongo, ze luze joaten da. Bartzelonako medikuak esan zidan agian hiru urtean zerbait egongo zela. 27 urte pasa dira. Ni zain egon izan banintz, orain lur jota egongo nintzateke. Horregatik izan nuen argi bitartean honekin bizi behar nuela ahalik eta zoriontsuen. Eta uste dut nire bizitzako erabakirik onena izan dela.

Orain pozik sentitzen zara?

Bai, nire momentuak ditut, edonork moduan, sarritan inpotentziak sortuak. Nik hemen gauza gehiago egin nezakeen, baina asko ezin ditut egin. Arrantzarako txalupa daukat, asko gustatzen zait, baina ezin naiz bakarrik joan; eta eguraldi ona egiten duenean, ingurukoek arrantza ona egin dutenean, nik ez badut inor aurkitzen... Ba pena da, baina onartu egiten dut; ahal denean joango naiz eta kito.

Soziologia eta Gizarte Lanak ikasketak egin zenituen.

Hemezortzi urterekin lanean hasi nintzen; aurretik beste lan batzuk egiten nituen. Ez neukan ikasteko gogorik. Esaten zidaten ahalmena banuela, baina nik gogorik ez (barrez). Itsutu eta gero, bikotekidearekin bizitzera joan nintzen, baina etapa hori bukatu egin zen. 31 urterekin nire egoera animikoa ez zen onena eta ez nekien herria handi edo txiki geratzen zitzaidan. Zerbait egin behar nuen, burua okupatua eduki. Gizarte langileek asko lagundu zidaten eta nik ere norbait lagundu nezakeelakoan, hortik bideratu nuen. Hori egin ostean, Soziologiako karreran bi urte konbalidatu zizkidaten eta beste bi urtetan atera nuen.