Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Tximist Cup, «no pain, no gain»

Juan Carlos Samaniego "Tximist" prestatzaile fisikoak zortzi urte eman zituen Realeko emakumezkoen taldean. Zendu zela bost urte igarota, bere oihuak oraindik ere iltzatuta daude Zubietako Z7 zelaian eta Tximist Cup-en 5. edizioak omenaldi berezia eskainiko dio familiari. 

«Ikustera jende gehiago etortzea merezi dute emakumezkoen futbolean ematen ari diren hobekuntzengatik». 

Mezu argia, egiazkoa. Halakoxea zen Juan Carlos Samaniego, “Tximist” bezala are ezagunagoa. Oraindik ere oroimenean ondo gorderik dauzkat –bera ahaztezina baita– bere oihuak, harmailetako animo garrasiak baino indartsuago, ozenago, argiago, egiazkoago… 

Indartsua, argia, egiazkoa. «Lehendabizi pertsona irabazten saiatzen naiz eta ondoren, nire metodoa saldu. Hau harreman bat da. Astean zehar beraiek lan egiteko aukera ematen didate, nire metodoan sinesten dute eta nik gogor egiten diet. Eta asteburuan, nire oparia da edo bestela esanda, egin didaten faborea itzultzen saiatzen naiz; horregatik, zelaian bizia emango nuke beraiengatik. Tramite bat da: beraiek ematen didate eta ondoren, nik». 2013an emandako elkarrizketan esandakoak dira hitzok. 

Handi egiten zuen futbolarien saiakera, hauspotu egiten zituen jokalariak, harmailak eta, oro har, inguratzen zuen guztia. Lanaren islada zen, saiakeraren txaloa. Nahi gabe ere nabarmendu egiten zuen, ontasunaren adibidea zen. 

Bosgarren edizioa betetzen du bere omenezko txapelketak –antolakuntzarako lehen urratsak berarekin eginda–, hazten joan da urteen poderioz, berak Realeko emakumezkoen taldea hazten jarraitzeko bota zuen hazia legez. Reala ez litzatekeelako Reala izango bera gabe, bere arima gabe. «Bera bere osotasunean zen aholkua», onartu zuen Aintzane Encinasek lehen edizioaren aurkezpenean. 

Zortzi urte eman zituen emakumezkoen taldeko prestatzaile fisiko moduan, hamaika urte inguru Realean. Bere «No pain, no gain» mezua iltzatuta geratu da. Duela bi urte Granadan irabazitako Kopa horren erakusle da, Ramajok garaikurra altxatzerakoak oroitarazi legez eta harmailetan batu ziren jokalari ohiek helarazi bezala. 

Jokalari guzti horiek zelaian elkartuko dira larunbat honetan, hain babesleku bilakatu zen Z7 zelaian. Eta, ziur, bere oihuen oihartzuna oraindik ere nabarituko dela. «Soilik belarria jarri behar duzue nire garrasiak entzuteko», esan omen zuen Tximistek emakumezkoen taldeko lana utzi eta gizonezkoen taldera pasa zenean.