NAIZ
Donostia

1980an BVE-ek erail zuen Mari Jose Bravori plaka bat jarri dio Donostiako Udalak

Donostiako Udalak plaka bat jarri dio Mari Jose Bravori, 1980an, 16 urte zituela, Batallon Vasco Españolek bortxatu eta erail zuen emakumea. «Memoria berreskuratzeko» lanean beste urrats bat dela nabarmendu du Udalak.

Mari Jose Bravori plaka bat jarri dio Donostiako Udalak. (DONOSTIAKO UDALA)
Mari Jose Bravori plaka bat jarri dio Donostiako Udalak. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako Udalak Mari Jose Bravo, 1980an Batallón Vasco Españolek erail zuen donostiarraren omenez plaka bat jarri du. Honekin 12 dira Udalak Donostian biolentzia ezberdinen biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jarri dituen plakak.

Ekitaldia Loiolako Latsari plazan izan da, eta beste ekitaldietan bezala, omenaldi xumea egin da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal-taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek parte hartu dute.

Mari Jose Bravo 16 urteko ikasle gaztea Batallón Vasco Español taldeak erail zuen, 1980ko ekainaren 7an bortxatu eta buruan kolpe handiak jaso ondoren. Francisco Javier Rueda bere bikotea ere gogor jo zuten eta ondorio fisiko larriak izan zituen.

Ekitaldi honekin, Udalak, ohar baten bidez nabarmendu duenez, «hirian arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du».

Orain arte, biolentzia ezberdinen biktimak diren Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordoñez, Francisco Martin Gonzalez eta Fernando Múgica Herzog, Enrique Cuesta eta Antonio Gómez eta Begoña Urroz Ibarrolari egin die omenaldia.