Alessandro Ruta

Damiano Caruso eta bere familiaren talde lanak

Damiano Caruso azken Italiako Giroko pertsonaiarik interesgarriena izan da. Kapitaina bihurtzen den gregario-a, gizon eskuzabala eta txalogarria: Mikel Landa lagundu behar zuen siziliarrak, baina Cattolica-ko etapa eta gero, Murgiarraren erorikoaren ostean, dena aldatu zen. 

Damiano Caruso eta Bahrain taldeko kideak, tartean Pello Bilbao gernikarra, Giroko bigarren postua ospatzen. (Luca BETTINI / AFP)
Damiano Caruso eta Bahrain taldeko kideak, tartean Pello Bilbao gernikarra, Giroko bigarren postua ospatzen. (Luca BETTINI / AFP)

Pelotoi osoak ezagutzen du Caruso, batez ere bere taldekideek; zaleek, aldiz, apurtxo bat gutxiago. Futbolari hasi zen, txikitan, baina behin bizikletan Damianok baloia utzi zuen eta Toscanara joan zen, txirrindularitza praktikatzera, bere herrikide famatuago den Vincenzo Nibali moduan. Sizilian bertan, egia esan, oso zaila da kirolari izatea: dena falta da, zaletasuna izan ezik.  

Ragusakoa da Damiano, Sizilian bizi da –«Ni Montecarloko 20 metro karratuko etxe batean bizi? Bai zera!», esan du L’Equipe egunkarian–. Ragusa Siziliako puntan kokatuta dago, hego-hegoaldean: tomateak han oso preziatuak dira, eta inguruetan Montalbano Komisarioa "bizi da", Andrea Camilleriren pertsonaia literarioa, alegia. EiTBn ere telesaila noizbait ematen dute. "Montalbano sono", izango litzake italieraz, lehenik eta behin abizena eta gero aditza, ahotsa zabaltzen («Moontalbano sooooono!», «Moontalbano naaaaaaiz!»); alajaina, xehetasun hau gazteleraz ez da ondo nabaritzen. Oro har Montalbano karikatura-erdi bat da: zakarra da, emakumeak asko guztatzen zaizkio, xarma handia duen komisarioa da, eta une berean polizia-itxura mantendu behar du. 

Hori da, hain zuzen ere, Sizilia guztia karikatura-erdia, nahiz eta kontraesanez bete-beteta izan: ikusgarria, postal batean egoteko, zoragarria, benetako paraisu bat izango zitekeen leku bat, eguzkia edonoiz urtean zehar, janari oso goxoak dituenak eta kulturaren sehaska bat (Italiak, adibidez, 6 aldiz irabazi zuen Literaturaren Nobel Saria eta bi siziliarrak izan ziren: Luigi Pirandello eta Salvatore Quasimodo). Horrez gain, zer esanik ez, Mediterraneoko erdigunean dago, Europako irlarik handiena den hau. 

Hori dela eta, Sizilia ("Sicilia") entzuten duzunean, zein da etortzen zaizuen lehen hitza? Bai, asmatu duzue: mafia. Salvatore Carusok, Damianoren aita, ez zen Montalbano bezala: polizia zen, baina Camilleriren pertsonaiak baino arrisku gehiago izan zituen. Carusoren aitaren lana Giovanni Falcone epailea babestea zen. Gizon honi, Giovanni Falconeri, Palermoko aireportua izendatu diote: berari eta Paolo Borsellinori, beste epaile bat. Biak ala biak Mafiaren biktimak izan ziren, 1992an. 

«Palermo Beirut bezalakoa da», gisako izenburuak agertzen diren egunkarietan. Eta egia da: bestela nola azalduko zenukete Falcone hil zuen 500 kiloko bonba? 500 kilo, berriro aipatuko dut: autopista azpian jarrita, epailearen autoa handik pasatu zenean lehertu zen: “L'Attentatuni” ("Atentatu handi-handia", Siziliako dialektoan). Bost hildako, Italiako istorioan momenturik harrigarrienetakoa, 1992ko maiatzaren 23an. 

Falconek Mafia borrokatu nahi zuen eta arrakasta handiak lortu zituen: ehunka mafiazale, ehunka mafiosi, kartzelara joango ziren, epailaren ikerketei esker. Txirrindularitzan moduan, talde bat behar izan zuen, lankideekin (Paolo Borsellino, adibidez), eta talde hori “Pool antimafia” deitzen zen. Gregarioak zeuden, baita kapitainak ere.  Agertzen ez zen gregario bat Salvatore Caruso zen, Falcone babestu zuena, eskolta, 1984tik 1989arte. Atentatua ez zuen ikusi, zorionez, eta oraindik bizi da.  

«Oggi si corre» («Gaur korrika egingo dugu»), esaten zien Falconek, egunero, kolaboratzaileei, lana hasi aurretik. Mafiaren aurka emaitzak lortzeko talde hori, “pool” hori, ez zen nahikoa; derrigorrezkoak ziren mafiazaleen damuak, Italieraz “i pentiti”. Falconek nahi izan zuen lege bat: kontraesanez betea zegoen, baina guztiz eraginkorra, laguntza nabarmena eman baitzuen. Trukea zen: alde batetik informazioak, mafiazalei buruz, eta beste aldetik mafiosoei zigor arinagoak. 

Damiano Carusok bere bigarren postuan Giroan ospatu bitartean, albiste gogor bat argitaratu zuten: damutu zen mafioso bat, Giovanni Brusca, kartzelatik atera zen. Ez zen badaezpadako izen bat: izan ere Bruscak Falconeren atentatua egin zuen, literalki, bonbaren kontrolagailua zuelako. Damutu egin zen eta horri esker bizitza osoa ez du preso pasako. 

«Bai, gogorra da, baina nire nebak nahi zuen legea da, eta hau onartu beharko dugu», aipatu du Falconeren arrebak. Non dago arrazoia? Nik ezin dut erantzun. Baina bai, taldelanak edozein lekutan funtzionatzen du.