NAIZ

Beste kondena bat ezarri diote Iparragirreri, Fiskaltzaren akusazioa baino txikiagoa

Espetxe kondena berri bat ezarri diote Marixol Iparragirre presoari, oraingoan 46 urtetakoa, 1987ko atentatu batengatik. Fiskaltzak berriro ere «ETAko kidea izatea» egotzi nahi zion baina Auzitegi Nazionalak ez du onartu.

Marixol Iparragirreren aldeko agerraldia, epaiketa hauek abiatu aurretik. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Marixol Iparragirreren aldeko agerraldia, epaiketa hauek abiatu aurretik. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Auzitegi Nazionalean jasaten ari den epaiketa kate luzean beste kondena bat ezarri diote Marixol Iparragirreri. Eskoriatzan 1987. urtean ETAk eginiko atentatu bat egotzi diote, ondorioz 46 urtetako espetxe zigorra bizkarreratuz.

Guardia Zibilaren aurkako atentatua izan zen, auzitegiaren arabera bonba-tranpa baten bidez egina. Ez zuen hildakorik eragin. Aurretik jada beste lau euskal hiritar zigortu zituzten ekintza honengatik.

Eraso horretatik jada 34 urte pasata, lehergailuaren osagai batzuetan Marixol Iparragirreren hatz-markak ageri zirela ontzat jo du Auzitegi Nazionalak. Bere ustez, guardia zibilak hiltzeko saiakera garbia izan zen. Gainera, leherketak inguruak kalteak eragiteagatik zigortu dute, delitu hau erantsiz.

Oraindik zigor handiagoa eskatzen zuen Fiskaltzak, berriro ere «ETAko kide izateagatik» kondenatzea eskatu zuelako. Honen aurka egin dute epaileek, Estatu frantsesean jada arrazoi horregatik zigorra bete zuela gogoraraziz. Fiskaltzak 61 urteko eskaera luzatu zuen eta 46tan utzi du Auzitegi Nazionalak.

Madrilen jasaten ari den epaiketa hauetan denetarik gertatu da: errugabe atera da batzuetan Marixol Iparragirre baina beste batzuetan zigortua izan da. Bere aldetik, tortura edota gerra zikina salatu egin ditu Auzitegi Nazionaleko aretoetan, bai eta bidezko konponbidea aldarrikatu ere. Pasa den ostiralean Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi zuenez, Avilatik Zaballara ekarriko dute orain.