Marcel Pena
Elkarrizketa
Adrian York eta Itxaso Aldaiturriaga konpartsakideak

«Beharrezkoa ikusten dugu Bilboko herritarrei alaitasuna ekartzea»

2020ko uda atipikoaren ondoren, txosnarik eta bestelako jarduerarik gabe, Bilboko Konpartsak Bilboko herritarrei alaitasuna itzultzeko hartu du helburu, betiere osasun-neurriak errespetatuz. NAIZ-ek Adrian York eta Itxaso Aldaiturriaga konpartsakideekin hitz egin du Bilboko Konpartsen udari buruz.

Bilboko Konpartsakideek Txosnaganeren IX. mendi martxa aurkeztu zuten. (BILBOKO KONPARTSAK)
Bilboko Konpartsakideek Txosnaganeren IX. mendi martxa aurkeztu zuten. (BILBOKO KONPARTSAK)

Ekainaren 12an Txosnagane IX. Mendi Martxa egingo da, Bilboko Konpartsen lehenengo udako ekimena. Pandemia garaiotan, zein formatutan egingo da martxa?
Adrian York: Mendi martxa izanda, jende pilaketek ez dute Txosnagane hainbeste baldintzatzen, baina, noski, neurriak egon egongo dira. Aurreko urteetan ere, covida izan gabe, irteera mailakatua izaten zen eta bi ibilbide izaten ziren. Gainera, aurtengo sari banaketa ez da egun berean egingo, baizik eta sare sozialen bidez, jende pilaketak saihesteko. Baina, esan bezala, Txosnagane mendi martxa izanik, ez da pilaketak bultzatzen dituen ekintza bat, eta, zentzu horretan, uda honetan egin nahi ditugun ekintzen artean «normalena» izango da.

Itxaso Aldaiturriaga: Noski, parte hartzaileei bete beharreko neurriak gogoratuko dizkiegu une oro. Pilatuta egotea saihestea izango da garrantzitsuena.

Zer-nolako harrera izatea espero duzue?
I.A.: Urte arraroa, zaila eta tristea izan da, eta oraindik ez dugu aukerarik izan jendearen erantzuna ikusteko. Orain bueltan gara eta sareetan ekintzak plazaratzen hasiko gara, eta aukera izango dugu jendeak zelan erantzuten duen ikusteko. Guk espero dugu Bilboko herritarrak gogotsu eta animoekin bueltatzea.

Txosnagane ez da udara begira antolatu duzuen ekimen bakarra. Zer gehiago antolatu duzue hurrengo hilabeteetarako?
A.Y.: Gure intentzioa da ahalik eta normalen jokatzea, betiere neurriak betez eta kontuan hartuta gauza batzuk ezin direla egin. Lehen egiten genituen ekintzak egungo egoerara moldatzen saiatuko gara. Azken bolada honetan ikusi dugu ekintzak egin ahal direla; ez dago arazorik, ezta kasu gorakada berezirik ere horren ondorioz. Kirol eta kultur jarduerak neurriekin eta arriskurik gabe egin ahal direla ikusten ari gara.

Hilabete honetan San Juan gaua daukagu. Ez da ohiko formatuan egingo; ez dugu posible ikusten suaren errituala egin eta barra bat jartzea. Ohiko formatuan osasun neurriak mantentzea zaila zenez, ikuskizun bat egitea dugu buruan, antzerkia eta sua uztartuz.

I.A.: Jendeak eserleku zehatz bat izango du eta edukiera mugatua izango da. Eta noski, osasun neurri guztiak betiko dira.

Aurten ere Bilboko Aste Nagusia bertan behera geratu da. Posible izango al da beste jai herrikoi batzuk antolatzea?
A.Y.: Inondik inora ez genuen bideragarri ikusten 28 txosna muntatzea gaur egungo egoeran; argi genuen makroekitaldi bat antolatzerik ez zegoela. Hala ere, bideragarri ikusten dugu ekintzak antolatzea eta egun horietan zerbait egitea. Azken urtea oso latza izan da arlo pilo batean, tartean osasun mentalarena. Horregatik, beharrezko ikusten dugu Bilboko herritarrei bizipoza eta alaitasuna ekartzea.

I.A.: Gure helburua giroa sortzea da. Behintzat jendeak nabaritzea giroa badagoela. Herritarrek ekintzetan parte hartu ahal izatea nahi dugu, modu seguruan, baina kontuan izanda jai giroa ere gure osasun behar bat dela. Gainera, erabateko konfiantza dugu jendarteak denon babeserako neurriak barneratuko dituela, inork ez baitu nahi lehengo egoerara bueltatzerik. Konfiantza hori izango ez bagenu, ezinezkoa litzateke. Beraz, pentsatzen dugu ekintzek harrera ona edukiko dutela, eta herritarrek kontzienteki eta gogotsu jokatuko dutela.

Nahiz eta ekitaldirik ez antolatu, Bilboko Konpartsak ez dira geldi egon azken urtean. Zertan ibili zarete?
A.Y.: Ez dugu ekitaldirik egiteko aukerarik izan, baina ez gara geldirik egon, ez. Aprobetxatu dugu barrura begira antolatzeko, egoeraren inguruan hausnartzeko, gure balioak zeintzuk diren finkatzeko... Lanketa horren ostean, indartsuago eta osasuntsuago irten gara gure ekarpena Bilbori eskaini ahal izateko.

I.A.: Planteatu dugu ea egoera honek jai eredu ezberdin bat inposatzea ekarriko ote duen, edo gizarte berri bat, aisialdi modu berri bat... Horri bueltak ematen egon gara. Baina, batez ere, gure filosofia zehaztasunez finkatzeko baliatu dugu: jai parte-hartzaileak eta herrikoiak nahi ditugu.

Pasa den urtean Aste Nagusiko programa ezin izan zenuten aurrera atera Udalarekin izandako desadostasunengatik. Aurten ezberdina izango da? Harremanetan jarri al zarete?
A.Y.: Aukera ezberdinak planteatu genituen, gure buruarentzako ere bai, baina azken momentuan alkateak komunikatu zuen zuzenean, unilateralki, jaiak bertan behera geratzen zirela. Aurten, urtero bezala, Udalarekin kontaktuan egon gara. Aste Nagusia ez da egingo baina gu hasi gara zer egin nahi dugun lantzen, egin nahi ditugun ekintzak aurrera eramateko lanketa bultzatzen. Udalarekin kontaktuan gaude.