Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Beldur giroa

Anoetako ekitaldiari buruz ‘Egin’ egunkariak jasotako informazioa.
Anoetako ekitaldiari buruz ‘Egin’ egunkariak jasotako informazioa.

Xabier Euzkitze gehiago ezagutzeko podcast bat egin berri dute irratian. Bertsolari garaian gatazkaren presioak bereziki eragin ziola ondoriozta daiteke bertan. Nolabait esateko, ETArekin beste inor baino kritikoago eta zorrotzago izan zelako.

Egoera hartan beldurra ere pasa zuela adierazi du elkarrizketa horretan, eta beldur giro hori azaltzeko pasadizo bat kontatu du, Aldaia enpresa-gizonaren bahiketa salatzeko Anoetako estadioan egindako ekitaldian parte hartu zuenekoa. Handik atera ostean, gauean bertso saio bat zuen Andoainen. Inoiz ez bezala, taxia hartu zuen eguneko bigarren hitzordura joateko; hain zuzen ere, beldur zelako, eta beldurrarekin aritzea ez da bertsotan aritzeko manera.

Anoeta estadioko ekitaldi haren arrastotik orduko beldur giroa deskriba daiteke, dudarik ez, baina, akaso, komeni da giro hartaz benetan jabetzeko orduko osagai guztiak gogora ekartzea.

‘Egin’-eko Hernaniko erredakzioan nengoen egun hartan (1995eko ekainaren 24a). Apenas genuen kazetaririk larunbat horretan lanerako; lehertuta geunden aurreko egunetako lan andanagatik eta ezin genituen taldearen deskantsu egunak gehiago murriztu. Inor ez genuen bidali Anoetara, eta teletipo eta irrati bidez segituko genuen hura. Teletipoen informazioa susmagarri samarra zenez, zifrak ezkutatzen ari zirela baitzirudien, autoa hartu eta di-da bertaratu nintzen, hango giroa ikusteko. Ez dut oraintxe gogoan iritsi nintzenean nor ari zen taula gainean, ez dakit Orquesta Mondragonen Javier Gurrutxaga edo Mecanoko Nacho Cano ote zen. Giroa surrealista samarra zen, hori bai, hori geratu zait iltzatuta.

Berehala bueltatu nintzen ‘Euskadi Politika’-ko egunkariko saila amaitzeko, errealitatea konfirmatu eta gero. Estadioan oso jende gutxi zegoen. Eserleku gehienak hutsak zeuden. Porrota izugarria izan zuen ekitaldiak, nahiz eta, ohi zenez, hedabideek hori makilatu zuten gezur bidez. Gaur hemerotekara joz gero ‘El País’-ek 18.000 lagun izan zela bertan jasotzen du. Ez da egia. Askoz ere gutxiago ziren.

Porrota justifikatzeko, estadioa 30.000 lagunekin betetzea espero baitzuten, antolatzaileek egun haietan bizi zen tentsio giroa aipatu zuten. Orain Euzkitzeri entzunda pentsa daiteke ETAk edo, hala nahi bada, ezker abertzaleak sortzen zuten beldurragatik ez zela jendea hurbildu Anoetara. Hori ere ez da, bada, zuzena.

Lasa eta Zabala

Ekitaldi hark jende askoren gaitzespena jaso zuen. Alegia, jende asko eta asko zegoen Aldaiaren bahiketaren aurka, baina asko eta askori ere jasangaitza egiten zitzaion lazo urdinaren (ETAren kontrako bahiketen sinbolo bilakatu zenaren) itzalpean orduantxe gertatzen ari zena. Bertara joateak, beldurra baino askoz gehiago, lotsa eta nazka eragiten zion askori.

Ekitaldiaren sustatzaile aritu zen Chillida eskultoreak berak argiki adierazi eta onartu zuen errealitate hura: Anoeta ekitaldiaren porrotaren errua Auzitegi Nazionaleko Buen epaileak izan zuela adierazi zuen, egun batzuk lehenago (ekainaren 22an) Lasa eta Zabalaren gorpuzkiei emandako tratu bihozgabeagatik. Orduko kronikek jasotzen dutenez, Euzkitzek berak hori ere salatu zuen Anoetako taula gainetik.

Hala ere, nekez bereiz zitezkeen orduan Estatuaren jarduna eta bere burua bakezaletzat jotzen zuten hainbat dinamika; izan ere, gerora zapalkuntza eta ukazioa justifikatzeko espainiar konstituzionalismoaren defentsan sortutako plataformen hazia izan baitziren.

Egun horretan bertan, pixka bat beranduago eta Anoetako estadiotik metro gutxira, Belodromoan, Silvio Rodriguezek kontzertua eskaini zuen. Lasa eta Zabalaren bi irudi handi izan ziren bertan. Bi kontzertu parez pare, garaiko giroaren metafora bihurtuta.

Hondarribiko aireportuan eta Tolosako hilerrian bizitakoa beldurgarria izan zen, alafede. Ertzaintza, Polizia espainola eta Guardia Zibila lagun, bi desagertuen familien eta haiei babesa emateko gerturatutakoen kontra oldartu zenean. Aipatu epailearen aginduak betetzen ari omen ziren bi gazte tolosarren senideak eta lagunak kolpatu zituztenean.

Giroa jasangaitza egin zen. Hurrengo egunean –alegia, Anoetako ekitaldiaren bi egun baino lehenago– tentsioak berriro egin zuen eztanda, Anoetako Bakearen Usoan astero aurrez aurre egin ohi ziren kontzertazioetan: bata, lazo urdinarena; bestea, “Euskal Herria Askatu” dinamikarena. Tentsioa gorenean zegoen, eta Ertzaintzaren kargak hasi ziren. Rosa Zarra zauritu zuten bertan goma pilota batez. Egun gutxira hil zen. Bertsio ofizialak heriotza naturala izan zela esan zuen. Beldurrari amorrua ere gehitu zitzaion, Tolosako kanposantuan bezalaxe.

Andoaingo bidean

Egoera gogorra zen. Jende askok eta askotarikoak pairatu zuen samina eta beldurra. Aldaiak eta haren sendiak, zer esanik ez. Euzkitzek berea azaldu du, arrats hartan Andoainera joateko taxia hartu zuenean.

‘Egin’-eko lana amaitu ostean, gau hartan, ni ere Andoainera joan nintzen, bertakoa bainaiz eta bertan bizi bainintzen orduan. Hernanitik Andoaingo bide zaharra jende askok gogoratuko du, gerra zikinaren lekuko izan baitzen (‘Triángulo de la muerte’ zelakoan kokatuta); beti Guardia Zibilaren kontrolez josia egoten baitzen.

Gau hartan txapelokerrek gelditu nindutela eta bide bazterrean beldurrarazi eta umiliatu nindutela kontatuko banu, borobil bukatuko nuke artikulu hau, baina ezin dut halakorik esan. Ez dut gogoratzen gau hartan (ere) guardia zibilek bide bazterrean gelditu nindutenik, egun hartan Andoaingo gazte bati halakorik jazotzea Euzkitzeri ezer gertatzea baino askoz ere probableago bazen ere. Mendira begira egondako minutu luze eta beldurgarri horien ostean, kotxean sartu eta, irratia pizterakoan, Anoetako indarkeriaren kontrako mezuak entzutean, nire herriko (balizko) gazte horri sortutako amorrua imajinatzeko kapaz naiz.

Garaiko sumindura eta beldur haien arabera gaur egungo irakurketak egin nahi izatea bidezkoa da, jakina, baina gabeziak ere baditu, arriskutsua ere izan daiteke, partzialak izango garelako ia beti. Partzialak izatea ere normala da, bakoitzak berea bizi izan duelako. Beste kontu bat da gainerakoena ezkutatzea edo gutxiestea, azkenaldian maizegi gertatzen ari den bezala; horrela garai hartan egin genituen akats berberak errepikatuko baititugu.