NAIZ

Emakumeek alardean desfilatzeko eskubidearen aldeko 25 urteko borrokak emandakoa, gazteen esku

Emakumeok jaietan parte hartzeko dugun eskubidearen alde, 1996an zenbait emakume Irungo alardean desfilatzen hasi ziren. 25 urte hauek emandakoa paseo historiko interaktibo batean bildu du Parean elkarteak. Kalean ere antolatu du ibilaldi bat, Mertxe Tranche historialariarekin, ekainaren 19an.

Txakur Gorria kolektiboak proiekturako egindako ilustrazioetako bat.
Txakur Gorria kolektiboak proiekturako egindako ilustrazioetako bat.

Aurten 25 urte beteko dira emakumeok jaietan parte hartzeko dugun eskubidearen alde, zenbait emakume Irungo alardean desfilatzen hasi zirenetik. Oraindik amaitu ez den borroka luzea izaten ari da. Hiriaren egun handian jendarteak bitan zatituta ospatzen du jaia. «Egia da asko aurreratu dugula; lehen hamarkadako indarkeria eta isekak baretu egin dira, eta geroz eta gehiago gara emakumeen eskubideen alde batzen garenak. Alarde bakar eta parekidea lortu bitartean, baina, bidea eta borroka ez da bukatu», adierazi du Parean elkarteak.

25 urte hauek ez dira, ordea, alferrik igaro. «Gogorra bezain aberatsa» izan da bidea eta urtemuga berezi eta borobil hau ahanzturan geldi ez dadin, 25 urte hauek emandakoa paseo historiko interaktibo batean bildu du Parean elkarteak. Euskaraz zein gaztelaniaz, idatziz zein audio bidez eta garaiko argazki indartsuekin eta Txakur Gorria kolektiboak egindako ilustrazioekin, borroka honen abagune nagusiak gogora ekarri dituzte, herritarrek ezagutu eta inoiz ahaztu ez ditzaten. Ondorengo estekan dago ikusgai.

Kalean ere bai

Proiektu hau zabaltzeko, datorren ekainaren 19an, larunbatarekin, 11.00etatik aurrera, Irungo San Juan plazatik abiatuta eta Mertxe Tranche historialariarekin batera paseo historikoa antolatu du Pareanek. Parte hartzeko izena ematera animatu nahi ditu herritarrak, info@parean.eus helbidean.

Hiru helburu izango ditu hitzorduak: «25 urte hauetan emakumeek alardean duten parte hartzeko eskubidearen aldeko borrokak eman duena belaunaldi berrien eskura jarri nahi dugu, bide malkartsu eta eder honen abagune garrantzitsuak gogoratuz. Bestalde, alarde parekide eta bakarra lortzen ez dugun bitartean, borrokak jarraitu behar duela aldarrikatu eta erakunde publikoei emakumeen eskubideak errespeta ditzatela exijituko diegu».

Azkenik, urtemuga dela-eta, 1996ko San Martzial egunean desfilatu zuten lehen 57 emakume horiei omenaldi xumea egin nahi diete.