NAIZ

Bizikleta bat Goierritik Senegalera, Aziz gaztea eskolara joan dadin

Goierri Eskolako ikasleek mugikortasun arazoak dituen Senegaleko 17 urteko gazte batentzako bizikleta egokitua egin dute. Azizek hamar kilometro egin behar ditu egunero eskolara joateko eta bizikleta berriarekin goi mailako ikasketak egiteko aukera eskuragarri izango du.

Goierri Eskolako ikasle, irakasle eta Kellesensa GKEko ordezkariak, Azizentzat egin duten bizikleta egokituarekin.
Goierri Eskolako ikasle, irakasle eta Kellesensa GKEko ordezkariak, Azizentzat egin duten bizikleta egokituarekin.

Aziz Senegaleko Kelle herrian bizi da eta 17 urte ditu. Eskolara joateko egunero hamar kilometro egin behar izaten ditu, baina elbarria da eta gurpildun triziklo bat erabiltzen du joan-etorriak egiteko. Ibilgailu hori ez da egokia, txikia geratu zaio eta zaharkitua.

Bere egoerari irtenbidea emateko, Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundearen eta Goierri Eskolaren arteko elkarlanaren bidez, Aziz gazteari laguntzeko modua aurkitu zuten: bizikleta berria sortzea, horretarako finantziazioa lortuta.

Proiektuan Goierri Eskolako hamabi ikaslek parte hartu dute, Administrazioa eta Finantzak, Soldadura eta Galdaragintza, eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloetako ikasleak. Izaskun Mateosek azaldu duenez, lehenik eta behin proiektuaren bideragarritasun plana egin zuten, bizikleta fabrikatu ahal izateko beharrezko materiala erosteko. Goierri eskualdeko eta eskualdez kanpoko enpresekin eta erakundeekin harremanetan jarri ziren beharrezko finantzazioa lortzeko: 2.000 euro. Hainbat material ere sortu eta salgai jarri zuten: poltsak, musukoak, ilerako zintak… Eta dohaintzak egiteko aukera ere izan zen.

Bizikleta diseinatzeko Aziz-en ezaugarri fisikoak eta eremu geografikoa hartu behar izan zituzten kontuan. Kellesensa GKEko Jose Martinek zehaztu duenez, «Aziz-ek sortzetiko malformazio bat du hanketan, eta mugitzeko gaitasuna baduen arren, ez du zutik jartzeko adina indar. Esku baten gainean sostengatzen da ibiltzeko, eta pikotxean mugitzen da. Beraz, eskuak erabiliz mugitzen ditu bizikletako gurpilak. Kontuan hartu behar da, baita ere, ez dutela gasolinarik erosteko dirurik, eta Senegalen errepideak, eta zorua orohar, hondarrezkoak direla».

Hori guztia kontuan hartuta, «atalez atal» diseinatu dute bizikleta Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasleek, azaldu du Mateosek: «Adibidez, Aziz-ek altuera jakin batera igotzeko zailtasunak ditu, beraz, eserlekua ezin da ohiko altueran egon». Soldadura eta Galdaragintza ikasleek zorrotz jarraitu dute diseinua eta bizikleta arina izatea ere garrantzitsua zenez, burdina eta plastikoa erabili dituzte bizikleta fabrikatzeko.

Larunbatean bidaliko dute Senegalera

Bizikleta egiten aritu diren bitartean Aziz ezagutzeko aukera ere izan dute, bideo dei bidez. «Proiektua azaldu genionean izugarrizko ilusio egin zion, eta gogotsu dago bizikleta jasotzeko», azaldu du Mateosek.

Bizikleta larunbatean bidaliko dute Senegalera, materialez betetako edukiontzi batean. Material horren artean, bizikleta egokituaz gain, bizikleta gehiago ere bidaliko dituzte, beste haur batzuek ere eskolara joateko aukera izan dezaten; baita ordenagailuak eta medikuntza materiala ere, tartean bi inkubagailu Kelleko anbulatoriorako.

Goierri Eskolako ikasleek, irakasleek eta zuzendaritzako kideek zein Kellesensa erakundeko ordezkariek eskerrak eman dizkiete proiektua gauzatzen lagundu duten guztiei.